GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

19.000 aulki ekitaldi ikusgarri baten zain

Bilbao Exhibition Centren deitutako ekitaldiak zeresan ugari eman du orain arte, baina bere neurriari erreparatuta, oihartzun handia izango du aurrerantzean ere. 200 lagun izango dira agertokian, 300 antolakuntza lanetan, 18.000 kartel banatu dituzte eta 19.000 aulki daude zain.

 

Aurreko igandean, hamaika ekitaldi politiko bizi izan dituen Tasio Erkiziak gaur Barakaldon inoiz ikusi ez dena gertatuko dela aurreikusi zuen: hots, indar politiko batek BECeko pabiloi handiena beteko du estreinakoz. Horren inguruan eragindako zalaparta politikoak, nonbait, estali egin ditu ekimenaren neurri erraldoiak. Baina aurrekaririk ez du izango ekitaldiak: izan ere, 19.000 lagunentzako tokia prest dago Bizkaia Arenan. Eta bertaratuko direnek ohikoa ez den ikuskizuna aurkituko dute, antolatzaileek azaldu dutenez. Era ikusgarrian emango zaie bultzada, beraz, prozesuari eta akordio goseari.

Datu batzuk emateagatik, 300 lagun izango dira lanean dena behar bezala atera dadin. Prestatutako soinuak 32.000 watioko indarra izango du; argindarrarrak, 80.000 watiokoa. Musika kontzertu handietan erabili ohi den muntaia da hori.

1.100 lagunen parte-hartzea

Hiru hizlari izango dira oholtza gainean eta ezker abertzalearen irizpide politikoaren berri eman eta prozesuaren aldeko hausnarketa egingo dute. Baina parte-hartzea askoz handiagoa izango da: 1.100 pertsona inguruk izango dute ekitaldia alaitzeko ardura, eta horietatik 200 bat, agertokira igoko dira.

Aldez aurretiko prestakuntza ere oso zabala izan da. Horren seinale garbia ematen dute herri askotatik abiatuko diren dozenaka autobusek edota kaleetan jarri diren 18.000 kartel inguruk.

Azalpen politikoak lagundu eta osatzeko asmoz, bestelako bitartekoak ere erabiliko ditu ezker abertzaleak ekitaldi horretan: lau bideo emango dituzte pantailan eta baita infografia bat ere. Eta arratsaldea arinagoa izan dadin, bi musika emanaldi eta bestelako animazio motak (batukada, esaterako) eskainiko dira Bizkaia Arenan. Salmentarako postuak ere kokatu dira Bilbao Exhibition Centreko gune nagusi horretan.

Bertaratuko diren lagun guztiei egonaldia errazteko baliabideak eskainiko ditu antolakuntzak. Haurtzaindegia irekiko dute, esaterako, eta gor-mutuentzako itzulpen zerbitzua ere izango da. Azken aste hauetan egindako ekitaldietan prozedura hori abian jarri du ezker abertzaleak, Bilboko Areatzan duela bi asteburu burututako hauteskunde programaren aurkezpenean, adibidez.

Ezker abertzalearentzat gaurkoa estreinako hitzordua izango da Barakaldoko eraikinean: iazko ekainaren 21ean ere bertan ekitaldia egin behar zuen, baina epaile es- painolek eragotzi egin zioten. Ondorioz, kanpokaldean burutu behar izan zuten ekitaldia, Euskal Herriko eta nazioarteko beste eragile batzuen laguntzarekin. Azken urte hauetako ekitaldi politikorik jendetsuena 2004ko azaroaren 14an Donostiako Anoetako Belodromoan egindakoa izan da, bertan 15.000 zale bildu zirelarik.

Ramon SOLA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo