GARA > Idatzia > Osasuna

Champions League

Nekouman-ek min hartu du, eta hutsune bat gehiago Osasunan

Irandarrak belauna bihurritu zuen atzo. Webo, berriz, ospitalera eraman zuten gastroenteritis bategatik, eta azken unera arte zalantza da jokatuko duen

GARA | IRUÑEA

Hobetu besterik ezin dela egin izan daiteke gaur egun Osasunaren kontsolamendu bakarra, azken egun hauetan Nafarroako taldeak sortu dituen albiste guztiak erizaindegitik etorritakoak baitira.

Puñal, Josetxo eta Delporterekin nahikoa ez eta orain Nekoumani egokitu zaio «bisita egitea». Irandarrak atzo egin zuen asteko lehen entrenamendua; izan ere, selekzioarekin bildu zen -asteazkenean arazoak eduki zituen hegazkinekin, eta ostegun arte, gorritxoen jaieguna, atzeratu behar izan zuen itzulera-. Baina ezin izan zuen saioa amaitu, bakarkako ariketak egiten ari zela min hartu baitzuen. Ospitalera eraman eta bertan ikusi zuten eskuineko belauneko alboko barruko lotailuan II. mailako zaintiratua duela. Hau da, hurrengo lau asteetan ezin izango duela jokatu.

Memento txarrena «aukeratu» du irandarrak, bai gorritxoen egutegiari begira, baita gainerako lesionatuak zeintzuk eta zenbat diren kontuan hartuta. Izan ere, Jose Angel Zigandak «jokoz kanpo» dauzka egun hamaikakoko pibote biak, Puñal eta Nekouman. David Garcia, Iñaki Muñoz eta, ziur aski, David Lopez eta Hector Fontekin konpondu beharko du entrenatzaileak hemendik aurrera ohiko txandatzeak egiteko.

Hori hurrengo asteetara begira, biharko egoera are latzagoa baita. Cuellar eta Soldado zigortuta daude, eta Webok azken unera arte itxaron behar izango du jokatzeko gai den jakiteko. Mementoz, hutsuneen zerrenda luzean agertzen da haren izena, gastroenteritisak jota ospitalera eraman behar izan baitzuten atzo aurrelaria.

Taldeak 10.30ean egingo du azken saioa Taxoaren, eta bertan ikusi ahal izango da nola dagoen Webo.

Valdo eta Milosevic

Zorionez, berri onak izan zituen taldeak; izan ere, litekeena da Milosevic eta Valdo jokatzeko prest egotea. Oraindik ez diete senda-agiri «ofizialik» eman, baina hainbat egun daramate biek taldearekin lan egiten.

Valdok berak aitortu zuen sendatuta dagoela zenbait minutu jokatzeko, azken bi hilabeteetan min hartuta egon baita. «Lesio luzea izan da -gogorarazi zuen- eta orain tartetxo batean jokatzeko moduan egon naiteke, minutu batzuk, sasoia gutxinaka berreskuratzeko. Baina ezinezkoa da gaur egun partida osoan aritzea».

Argi dago, hala ere, erdilaria erritmoa lehenbailehen berreskuratzen saiatuko dela. «Lesionatu asko daude eta ongi gaudenoi eginahalak egitea egokitzen zaigu», esan zuen. Batez ere, zein partida datozen kontuan hartuta. «Aste garrantzitsuak dira Ligan aurkari zailak baitauzkagu hurrengo asteotan, eta UEFAn finalerdietara heltzeko asmoa baitugu. Nik min hartu nuenean -esan zuen-, egoera antzekoa zen eta taldeak erantzun egin zuen; orain gauza bera gertatzea espero dut».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo