GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Nathalie Pelage, Joxe Iriarte `Bikila', Juan Ramon Garai, Josu Perrea, Iñaki Martin Zutik-eko kideak

Itxaropenari leiho

Aberri Eguna garaian garaiko edukiz bete behar dugu. Eraikuntza nazionala ezin da izan ideal abstraktu edo ideologikoa. Aberria pertsonek osatzen dute, eta lurraldea egituraz eta azpiegituraz antolatzen da

Aurtengo Aberri Egunaren bezpera iazkoarekin konparatuz ez dago giro. Barajasko atentatuaren ondoren (egia esan, aurretik gauzak okertzen hasiak ziren baina une horretan zeharo gaiztotu zen) etorri denarekin, egoera itxaropentsu batetik etsipenera jauzi egin dugula esango genuke. Bake prozesu batean baino areago, nor bere lubakietatik tiraka edo gerrillan abiatuta daudela dirudi.

PPk Euskal Herria eta bere zirkunstantziak gatazka ikur bihurtu ditu gobernua berreskuratzeko asmoz, eta PSOEren gober- nuak zuzen eta irmo erantzun beharrean, nora ezean dabil, igeri egin nahi eta arropak non gorde ezinean. Gurean ere, salbuespenak salbuespen, erakunde politikoek begiak hauteskundeetan jarrita dituzte, arazoak konpon- tzen baino.

Egoera honetan, politika, kultura, kirol eta gizarte eragileetako kide batzuek proposaturiko Irun-Hendaiako Aberri Egun baterakoiak badu bere garrantzia. Esperantzari leiho txiki bat irekitzen dio. Gertakizun hori pozgarria da eta horregatik bat egiten dugu ekimen horrekin.

Dena den, ez dira gatazka ingurukoak eta nazio arazoa delakoaren egoera tamalgarriak kezkatzen gaituzten gauza bakarrak. Gure herri honetan gauza larriak gertatzen dira egunero erdi estalita edo bigarren mailan gelditzen direnak. Aberria (edo aberriak) edo progresoa aitzakia, ezkerreko edo abertzale, edo ezkerreko eta abertzale omen diren zenbait alderdi ere gure herriaren onura baino gehiago hondamendia dakarten egitasmoak bultzatzen ari dira inongo gupidarik gabe. Esate baterako, apirilaren 14an Aberri Eguneko manifestazioa hasiko den toki beretik AHTren aurkako manifestazio bat ere abiatuko da, Lemoizko zentral nuklearraren egitasmo arriskutsua bertan behera geratu zenez geroztik, Euskal Herriak jasango duen makroproiektu suntsitzaileari ezetz borobila esateko.

Horregatik, Aberri Eguna garaian garaiko edukiz bete behar dugu. Egun, bakea lortzea helburutzat dugu; baita gure etorkizuna erabakitzeko ahalmen politiko orokorra lortzea; baina ezin albora edo bigarren mailan utzi berebiziko garrantzia duten zenbait esparru edo gaitan jasaten ari den enbata edo tsunami suntsitzaileari aurre egin beharra. Eraikuntza nazionala ezin da izan ideal abstraktu edo ideologikoa. Aberria pertsonek osatzen dute, eta lurraldea egituraz eta azpiegituraz antolatzen da.

Egun, Irun-Behobia muga politiko zatikatzailea zeharkatzen duen garraio kopuru jasanezina salatu nahi dugu; Pasaiako zentral termikoa zaharkitua edo itsaslabarretan egin nahi duten superportua, eraikuntza mota baten adibide larriak ditugu; onartezina deritzogun «nazio eraikuntza» jakin baten islak.

Izan ere, nazioak, herriak, komunitateak, lurraldeak, eta dena delakoak, egitura politiko bat edo esparru linguistiko kultural baino askoz gehiago dira. Aurten, Aberria bere osotasunen irudikatu nahi dugu.

Euskararen egoera ez da guk nahi dugun bezain ona eta horrek kezka handia eragiten digu. Europa birmoldatzen ari da, baina Zazpiak Bat oraindik gauzatu gabeko egitasmoa dugu, eta horrek kezkatzen gaitu. Kapitalistak inoiz baino etekin handiagoak ateratzen ari dira langileen bizkar, eta gainera, gure ongizatetxo maila bermatzen duten zergen zati garrantzitsuena langileen poltsikotik ateratzen da. Eta ingurumenaren alorrean gertatzen denak kezkatzen gaitu bereiziki.

Egun seinalatu honetan aldarrikatu dezagun batera: Aberri libre eta burujabe; datozen tokitik datozela behartuta edo gogoz datozenei irekia; gizon eta emakumez osaturiko gizarte igualitarioa, eta bere ingurumenarekin errespetuz jokatuko duena! Eta egitasmo horretan elkarturik goazen batera Ipar eta Hegoalde (eta hegoaldean Nafarroa eta Autonomia Erkidegoa), ahaztu gabe auzo-herriek ere. Mundu honetan, naturak jartzen ditu benetako mugarriak. Bukatu dira aldi berean, mugarik gabeko garaiak eta soberan daude lurraldeak ixten dituzten harresiak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo