GARA > Idatzia > Kirolak

Euskal komunitateen II. nazioarteko pilota txapelketa, ametsa egia bilakatzeko urrats baliotsua

Euskal Herriko Pilota Konfederazioak antolatuta, 20 lagunek osatutako euskal ordezkaritza batek Euskal Herriaren izenean nazioarteko lehiaketa batean parte hartzeko aukera izango du Montevideon. Sekulako gertaera, federazioen egoera tamalgarria zein den kontuan hartuta.

Aste Santuko jaiegunak aprobetxatuz, apirilaren 9tik 12ra bitartean, Euskal Komunitateen II. Nazioarteko Pilota Txapelketa jokatuko dute Montevideon. Euskal Herriak eta Uruguayk neurtuko dituzte indarrak eta, hainbat federaziok behin eta berriro jartzen dituzten traba guztien gainetik, euskal pilotari talde batek bere sorterria ordezkatzeko aukera izango du nazioarteko lehiaketa batean. Beste urrats garrantzitsu bat, hasi baino egin ez den bide luzean.

Euskal Herriko Pilota Konfederazioak (EHPK) euskal selekzioen aferari irtenbide bat bilatzeko abian jarritako topaketen bigarren edizioa izango da Montevideokoa. «Jakina denez, euskal selekzioek ezin dute nazioarteko lehiaketa ofizialetan parte hartu eta arazo hori luzerako izango dela ikusten genuenez, komenigarria iruditu zitzaigun urtero-urtero euskal ordezkaritza bati nazioartean aritzeko aukera ematea. Modu horretan kontaktu berriak egiteko aukera izaten dugu, harreman berriak sortzekoa», azaldu digu Martin Ibarrak, EHPK-ko kideak.

Azken unean zenbait aldaketa egon diren arren, ilusioz beteta ekingo dio 20 pertsonak osatutako taldeak esperientzia berri horri bihartik aurrera. «Espedizioa 20 pertsonak osatzen dugu, horietatik 14 pilotariak. Bi arituko dira paletan larruz, zortzi paletan gomaz, horietatik lau emakumezkoak, eta beste lau, eskuz binaka. Iaz ezker paretan bakarrik jokatu genuen eta aurten, ahal izanez gero, trinketa ere sartu nahi genuen. Azkenean, ordea, trinketean bakarrik jokatuko dugu. Egutegian xarea ere sartuta zegoen arren, azkenean ez da jokamolde horretan lehiaketarik egongo, eskatzen genituen gutxieneko lau bikoteak ez direlako aurkeztu», esan digu Ibarrak.

Jokamolde bakoitzean ligaxka bat antolatuko dute eta bi bikote onenek finalerako sailkapena lortuko dute zuzenean. «Txapelketa erakargarria izango dela uste dugu. Aukera polita izango da euskal pilotarientzat beste herrialde bateko jokalarien aurka aritzeko, bizpahiru neurketa, gehiegi ere nekatu gabe. Nazioarteko sei epaile ere baditugu eta ilusio ikaragarria dena ongi irten dadin», espero du Martin Ibarrak.

Argentina eta Aberri Eguna

Baina Nazioarteko Txapelketaz gain, bidaia horrek beste ekimen batzuk aurrera ateratzeko ere balioko du. Esaterako, Uruguayrekin batera, Argentinako selekzio bat ere txapelketan parte hartzekoa zen, baina azken uneko arazo batzuen ondorioz, argentinarrak ezin izango dira Montevideon egon. Horrek, ordea, ez du esan nahi Euskal Herriak eta Argentinak elkarren aurka indarrak neurtuko ez dituztenik. Uruguay aldera joan aurretik, euskal ordezkaritzak Buenos Airesen geldialdia egingo du Argentinaren aurka ere jokatzeko, ostiral honetan bertan.

Bestetik, eta Aberri Eguna datorren igandean izango dela aprobetxatuz, euskaldunek erakustaldi berezi bat egingo dute Montevideoko «Euskal Erria» euskal etxean. «Polita izango dela uste dut eta euskal etxekoei eskerrak emateko modu bat ere izango da. Ez nuke ahaztu nahi Udalbiltzak ere lagundu digula ekimen hau gauzatzen», adierazi du Martin Ibarrak esker onez.

Kontuan izan behar da Uruguay aldera bidaiatuko duen euskal ordezkaritza EHPK-k antolatzen dituen Euskal Herriko Txapelketen arabera osatzen dela hein handi batean eta Martin Ibarrak txapelketa horietan izandako giroa eta parte-hartzea nabarmendu nahi izan du. «Oso pozik gaude emaitzarekin. 79 bikotek hartu dute parte gizonezkoetan eta 20-22 bikotek gutxi gorabehera emakumezkoetan. Jokamolde bakoitzean sei txapeldun izan genituen: lehen, bigarren eta hirugarren mailakoak gizonezkoetan; kadete, gazte eta helduak emakumezkoetan. Guk badakigu osatzen dugun taldea ez dela benetako selekzio bat, horretarako beste prozesu bat jarraitu beharko genukeelako. Horregatik erabiltzen dugu ordezkaritza kontzeptua eta ez selekzio hitza. Hala ere, baditugu maila handiko pilotariak eta pozgarria da Argentinan, Venezuelan edo Uruguayn izan dugun harrera ona», amaitu du Martin Ibarrak.

Euskal espedizioa bihar 15.00etan abiatuko da Hego Amerika aldera, eta apirilaren 13an, larunbatean, berriz ere etxean izatea espero dute. Zorte on!

Asier AIESTARAN

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo