GARA > Idatzia > Ikusmira

Euskaraz ikasteko eskubidearen alde, Baionan

Hiru Saretak deituta, manifestazioa eginen da bihar Baionan. Berriz ere, euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatuko dute herritarrek. Lanpostuak eta baliabideak behar dira euskarak merezi duen tokia izan dezan. Hezkuntza Nazionala deituriko sistemak ez du euskararen garapen prozesua ahalbidetzen. Euskaldunen hizkuntzari ateak zabaldu ordez, hetsiak aurkitzen baititu etengabe. Tresnetan aldaketak izan dira azken urteotan; ez, ordea, helburuetan. Lakuako Hizkuntza Sailak miresmen handiarekin tratatzen badu ere, Euskararen Erakunde Publikoa hotsandiko tresna besterik ez da. Ez du asmorik hezkuntza euskaldun elaniztuna bultzatzeko. Euskara ez da ofiziala Zuberoan, Nafarroa Beherean eta Lapurdin, eta EEPk ez du inolako plangintzarik sustatzen ofizialtasuna lortzeko. Asmoak eta nahiak azaltzen ditu, baita plangintzak ere, baina ez du ez eskuduntzarik ez dirurik euskararen aldeko pauso iraunkorrak emateko. Egoera horretan, nagusiki herritarrak dira eskola euskalduntzeko prozesuaren indar nagusia. Gobernu frantsesak beldur dio kultur aniztasunari, eta bere hizkuntza politika beldur horren isla da. Hori oztopo gutxi ez eta, irakasle lanpostuak murrizteko joera orokorra gehitu gehar da. Baina euskarak ikasgela, irakasle eta materialak behar ditu. Baita errespetua ere. Hori eskatzen du Hiru Saretak, herritarrek sostengatuta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo