GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Aintzane Ezenarro eta Richard Irazusta Aralarreko eta Abertzaleen Batasuneko kideak

Abertzaletasunaren erronkak

Ea argitzen dugun behingoz: errealista izatea ez da errealitatea bere horretan onartzea, baizik eta errealitatea aldatu nahi duenak eman beharreko lehen urratsa. Lurraldetasunak ez du zentzurik lurralde horietako pertsona guztiekin, haien nahi eta borondateekin kontatzen ez badugu.

Aspaldiko partez, abertzale guztiok ez bada ere, askok elkarrekin ospatuko dugu Aberri eguna. Eta gertakari pozgarri honek abertzaletasunaren erronken gainean elkarrekin partekatu beharreko gogoeta egitera animatu gaitu.

Abertzaleon helburu nagusia euskal nazioa eta euskara indartzea da, eta horren arrakasta gehiengo zabalak erakartzeko dugun gaitasunaren araberakoa izango da. Helburu hori lortzeko XXI. Mendeko Euskal Herrian eman beharreko urratsak, jarraitu beharreko biderik egokiena zein den jabetzeko gai izan behar gara. Bihotzaz gain, burua ere erabiltzen hasi behar dugu, noizbait, gure abertzaletasuna laborategiko produktu soila bilakatzerik nahi ez badugu behintzat. Gure proiektuari gero eta jende gehiago atxikitzea, edo eta gure proiektua herritar gehienek nahi dutenari egokitzea nahi badugu, ezinbestean hankak lurrean jartzetik hasi behar dugu.

Errealismoarena da, beraz, behin betirako barneratu beharreko lehen irakasgaia, benetan aurrera egin nahi badugu. Eta ea argitzen dugun behingoz: errealista izatea ez da errealitatea bere horretan onartzea, baizik eta errealitatea aldatu nahi duenak eman beharreko lehen urratsa. Egoeraz ondo jabetzen ez denak nekez aldatuko baitu ezer.

Eta gure herriari begirada errealista bat botaz gero, errealitate askotarikoak ikusiko ditugu, gutxienez hiru. Bakoitza bere erritmo, lehentasun eta erronkekin. Beraz, erabaki-esparru desberdin horiek onartzetik eta bakoitzari bere bidea egiten uztetik bakarrik etorriko da abertzaletasunaren indartzea eta elkarrenganako hurbiltzea. Eta gainera, hurrengo urteotan, gauzak oso gaizki egiten ez baditugu behintzat, hiru erabaki-esparruetan aurrera egiteko aukerak izan ditzakegu.

Nafarroan nafarren erabakitzeko eskubidearen aldekoek lidergo politikoa eskuratzea da erronka, edo gutxienez lehia horretan pareko izatea. Nafarroa Baik sorturiko ilusio eta indarrak aldaketa inoiz baino eskuragarriagoa sumatzea eragin du. Abertzaleok lurralde horretako aitzindaritza izateak, besteak beste, gainontzeko euskal eremuekin harremanak estutzea lekarke. Patxi Zabaletak berriki esaten zuen bezala «Nafarroa Bai da aspaldian lurraldetasunari egin zaion ekarpenik handiena».

Iparraldean, arazo politikoa ere bizi baita, Departamendua lortzea da epe erdira erronka, bide horretara abertzale ez diren gero eta gehiago erakarriz. Baina epe laburrean, abertzale guztien indarrak metatzea eta inor ez kanpoan geratzea dugu helburu. Eta hor ere itxaropena mantentzera garamatzan zenbait urrats eman dira Euskal Herria Bai plataformaren bidez. Iparraldean ere bada arazo politiko bat.

Eta azkenik, zalantzarik gabe, Euskal Autonomia Erkidegoan dago abertzale eta euskal erabaki-esparrua onartzen dutenen indar metaketa handiena. Ikuskizun dago nora eramango gaituen indar horrek; ikuskizun dago gai izango garen erabakitzeko eskubidearen inguruan akordio zabal batean adosteko. Baina akordio zabalik ezean, gehiengoak onartutako bideak aurrera egin beharko luke. Ezin dugu betorik onartu. Lokarri gizarte mugimenduak berriki gogorarazi duen bezala: guztion arteko akordioan adosten bada, herri kontsulta; baina guztion arteko akordiorik egon ezean, gehiengoak adostutakoa ere herri kontsultara bideratu behar da. Ez dago beste biderik. Hori da demokraziak agintzen duena eta bide horretan tinko mantendu behar gara, estatuarekin konfrontazio demokratikora joan behar bada, joanez.

Errealismoarekin batera, ezin dugu ahaztu nazioa pertsonek osatzen dutela. Horra bigarren gogoeta: Lurraldetasunak ez du zentzurik lurralde horietako pertsona guztiekin, haien nahi eta borondateekin kontatzen ez badugu. «Herri askotarikoa, herri hau herri denik uste ez dutenak ere beregan hartzen dituen herria. Gizabanakoen herria. Nazioa pertsonek osatzen baitute. Eta herria ez da herri banakako horien eskubideak bermatuko ez baditu», gogorarazten digu Kirmen Uribek deialdi bateratua egiteko idatzitako testu ederrean.

Zer egin abertzaletasunaren kulturatik ez datozen herritarrek gure helburuekin bat egin dezaten? Edo gutxienez, kontrakotasunik sortu ez dezagun?

Kontuan izan behar dugu XXI. mendeko Euskal Herria gero eta askotarikoagoa dela, munduko bazter askotatik etorritakoak eta haien ondorengoak herrikide ditugula. Beraz, ezer baino lehen haiek guztiak ere barne hartuko dituen herri ikuspegia landu behar dugu. Eta ez hitzez bakarrik. Naziokide izatea borondateari atxiki behar zaio. Bertako erkidegoan parte izan nahi duen oro eroso sentituko den komunitatea eraiki behar dugu. Eta horrek begiak ez ezik burua ere irekitzea eskatzen digu.

Horrez gain, gure proiektu politikoa defendatzerakoan, argudio klasikoei bestelako arrazoi pragmatikoak gehitu behar dizkiegu, baldin eta proiektu honen onurak abertzale ez direnek ere ikustea nahi badugu: gure gizartea hurbiletik kudeatzeak guztiontzat dituen abantailak, edo Europako erabakiguneetan egoteak dakartzan onurak, argudio ekonomikoak...

Eta noski, indarrak eta borondateak biltzeko, borroka molde mingarriak betirako baztertu egin behar dira, etxekalte diren bideak behingoz alboratu. Gizarteari min eginez ez dugu inoiz gizartearen atxikimendua lortuko; arerio politikoari eraso eginez ez dugu gure proiektuarekiko aldekotasunik sortuko. Dena herriaren alde, baina herririk gabe ari diren horiek entzun egin behar dute behingoz zein den herri honen eta abertzaleon aldarria. Gure bidea egin nahi dugu, abanguardiarik, salbatzailerik eta itsuaurrekorik gabe.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo