Alderdi politikoak isilik hamar euskal herritarren tortura salaketen inguruan
Guardia Zibilak joan den astean atxilotu zituen euskal herritar guztiek torturatu dituztela salatu dute. Eman dieten tratuaren berri zehatz-mehatz jakinarazi dute, baina oraindik alderdi politikoek ez dute txintik ere esan horren inguruan. Aldiz, atxiloketok ezker abertzalearen aurkako ilegalizazio dinamika errazten dutelakoan agertzen dira egunkari espainolak. Datozen egunotan mobilizazioak egongo dira Donostian eta Iruñean atxiloketa horiek salatzeko.
GARA |
Martxoaren 28an, Guardia Zibilak Gipuzkoan, Araban eta Nafarroan zortzi euskal herritar atxilotu zituen ETA erakunde armatuko kide izatea egotzita, eta ondotik hiru lagun gehiago eraman zituen preso indar militarrok. Hamaika lagun horietatik bi aske gelditu dira, eta horietako batek Auzitegi Nazionaleko ateak atzean utzi bezain laster azaldu zuen bere «bizitzako bost egunik gogorrenak» izan zirela.
Gaur egun, bederatzi herritar daude espetxean, eta guztiek modu basatian torturatu dituztela salatu dute. Guardia zibilek zer egin dieten aski ondo zerrendatu arren, alderdi politikoek oraindik hitz erdi bat bera ere ez dute esan kaserna militarretan egin dietenaren gainean.
Donostiako Amara Zaharreko bizilagun Sergio Lezkanok, esaterako, bi makilarekin bortxatu zutela salatu zuen, baita behin eta berriro «boltsa» egin ziotela eta etengabe kolpatu zutela ere. Arkaitz Agote auzo berekoak atxilotu aurretik besoa hautsia zuen, eta zauriaren gainean etengabe kolpatu zutela salatu zuen. «Boltsa» zortzi edo bederatzi aldiz egin ziotela ere adierazi zuen.
Juan Karlos Herradorrek, berriz, bere oka miazkatzera eta hiru egun lo egin gabe egotera behartu zutela azaldu zuen. Itziar Agirre biluztera behartu zuten, eta guardia zibilak bere gorputza «ukitzen» aritu zirela salatu zuen. Guztiek, gainera, ariketa fisikoak etengabe egitera behartu zituztela azaldu dute, bai eta senideei zerbait egingo zietela uneoro mehatxatzen zituztela ere. Gainera «elektrodoak eta boltsa» gehientsuenei egin diete. Horrakoak euskal herritarrok egindako salaketen zati batzuk besterik ez dira.
«El Pais»en teoriak
Hala, «El Pais» egunkari espainola, atzoko edizoan, Auzitegi Nazionaleko epailearen irakurketatik harago joan da. Izan ere, epailearen arabera, Sergio Lezkano atxilotu zutenean ezker abertzaleak Barakaldoko BECen egindako ekitaldiko propaganda eta ASB alderdiarena zuen. Baina «El Pais»en arabera, Lezkano ETAko militantea zen eta horrek frogatzen omen du «Batasunarekin zuzeneko harremana zuela ETAko `Donosti komandoak'». Are gehiago, «El Pais»en ustez, hori nahiko froga omen da ASB alderdia legez kanpo uzteko.
Tortura salaketa horiek direla-eta EAE-ANVk gogor salatu ditu gertaerok. «Euskal disidentziaren aurka tortura erabiltzea nazioarteko zenbait taldek ere salatu dutela gogoratzen dugu», dio ANVk. Izan ere, haren esanetan, tortura erabiltzea «giza eskubideen aurkako eraso bortitzenetakoa» baita. Gainera, tortura erabiltzea «Frankismoaren metodoen jarraipen hutsa» besterik ez da EAE-ANVren esanetan, eta egindako salaketa horiek «sinesgarritasun osoa» dutela nabarmen du.
Bestalde, atxiloketak eta atxilotuei eginiko torturak salatzearren, mobilizazioak izango dira datozen egunotan Iruñean eta Donostian. Hala, hilaren 13an, 20.30ean, Iruñeko Gaztelu plazatik abiatuko da bat, eta bestea, Donostian, hurrengo egunean 18.00etan, Bulebarretik.
Dei baten bidez azaldu zutenaren arabera, ostegun goizeko bietan, Barañaingo Telefonicako eraikin baten aurka hainbat molotov koktel jaurti zituzten ezezagun batzuek azken atxiloketak salatzeko.
Egun berean, eta ordu erdi geroago, beste dei baten bidez esandakoaren arabera, Iruñeko Buztintxuri auzoko La Caixako banketxe baten aurka erasoa egin zuten hainbat ezezagunek molotov koktelen bidez.