GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Negu hotzari esker, usain eta itxura ezin hobeko xingarrak nagusi

Baionako urdaiazpikoaren sor-marka goraipatzea du xede 1426az geroztik Aste Santuan antolatzen duten feriak. Eta, aurten, xingarzaleek poztekoa izan dute, Baionako urdaiazpikoek itxura eta gustu ezin hobea agertu baitzuten.

Ainize BUTRON

1426. urtean sorturiko tradizioari berriz ere eutsi zioten atzo urdaiazpiko-ekoizle eta Baionako bizilagunek. Lapurdiko hiriburua harrotzen duen txerri puska hori handizki goraipatu zuten atzo. Plastikozko xingar erraldoi batek herriko merkatu plazaren gaina hartua zuen, eta eskuin eta ezker, bide erdian eta espaloiaren gainean, xingar saltzaileak nagusitu ziren.

Baina, hiriburuko merkatu plazak azalduriko iruditik at, atzo, bertan zeudenen poz gordeezina sumatzen zen gehienbat. Baionako agintariak eta urdaiazpikozale amorratuak goizeko zortzietan joan ziren merkatuaren plazara, aurtengo urdaiazpiko uztaren irudia ikusteko. Eta, ustekabe handia hartu zuten; izan ere, aurten usain oso ona eta itxura oso polita duela ikusi zuten.

Alde horretatik, ohi den bezala, ekitaldia behar bezala zabaltzeko, urteko xingar onenaren leihaketa eginda hasi zuten feria. Zurezko mahaiak lerroan paratuak zituzten, eta hirurogei bat urdaiazpiko eder eta dotore jarriak zeuden bertan, Baionako Xingarraren Kofradiak eta harakinek osatzen duten epaimahaiaren epaiketa zuhurraren beha. Goizeko zortziak ziren, eta epaimahaia lehiaketan barneratu aitzin, aurretiko hautaketa egiten hasi ziren. Horretan, hirurogei urdaiazpikotatik hamalau aukeratu zituzten.

«Ez du edozein urdaiazpikok Baionako xingarraren izena ukaten ahal. Beraz, lehiaketa hasi aitzin, lehen hautaketa egiten dugu. Horretan, itxura eta usaina kontuan hartzen ditugu», argitu zuten Jean-Pierre Aren Kofradiako kideak.

Leglise familia

Alde horretatik, lehendabiziko aukera nahiko erraz egin bazuten ere, lehiaketa hasterako zailtasunak hasi ziren. Urdaiazpikoen usaina eta itxura ezin hobea zenez, epaimahaiak aurreko urteetan baino denbora handiagoa hartu behar izan zuen aukera egiteko.

Aurreko urteetan gertatutakoa ahanzteko aukera izan zuten, beraz, xingarzale amorratuek. Izan ere, uzta nahiko kaskarra izan zen, eta asko etsipen handiarekin egon ziren. Baina urdaiazpikoaren historiako urte ilun horiek atzean utziak zituzten atzo. Baionako agintarien begi eta ahoetan ikusten zen poz atxikiezinak aurtengo uztaren berezitasuna agerian jarri zuen.

Kofradiako arduradunek berezitasun horren zergatia esplikatu zuten: «Iaz oso negu beroa izan zen. Urdaiazpikoek urtebete egon behar dute lehortzen, baina beroak gustuan eta usainean eragina izan zuen. Gaizki lehortu ziren».

Aurtengo negu hotzak xingarrari behar bezala lehortzeko aukera eman dio, eta, atzo azken hamalau xingarrak harroki erakusgai jarriak zituzten ekoizleek mahai gainetan.

Baina ekoizleen, xingarzaleen eta Herriko Etxeko agintarien harrotasuna laster pazientzia gabe geratu zen. Bi ordu zeramatzaten bertan, tente, irabazlea zein izango ote zen zain. Eta, orduak aurrera zihoazela, han eta hemen pazientzia galtzearen erranak entzuten ziren: «Zein luze den!», «baina zergatik ez dira lasterrago joaten?».

Horiek zabaltzen ziren bitartean, Kofradiako kideak eta harakinak ahalegin guztiak egiten ari ziren ernatzeko. Orduerdiro, bertan bilduak ziren jende multzoetan entzuten zen: «Bost xingarren artean dago zalantza», «ah, ez, ia hiruren artean aukeratu behar dute», «ah, ez berriz ere, bost dira». Eta modu horretan jarraitu zuten hamar eta erdietan sailkapena jakinarazi zuten arte.

Baina itxaronaldia nahiko pisuagoa egin zitzaien bertan zeuden ekoizleei. Guztiak, xingarren gibelean jarriak, aurtengo sarituak izanen zirela amesten egon ziren bi orduz. Eta, azkenean, itxaronaldi luze eta neketsuaren ondotik jakinarazi zuten irabazlearen izena.

Hazparnera joan zen aurtengo saria. Leglise familiak eraman zuen. Eta, bertan, emakume bat zegoen sari hura hartzeko, bi semeak inguruan zituela. «Banekien bada! Xingarraren usaina aditu dudalarik pentsatu dut: honek irabazteko aukera izango du», adierazi zuen emakumeak, sariari buruz galdetu ziotelarik. Bere usteak baieztatu ziren, beraz, atzoko ekitaldian. Hirurogei urdaiazpikoren artean hoberenatzat jo zuten bere bi semeek egindakoa.

Emazteak gehienbat semeek egindako lana nabarmendu zuen. «Oso sari ederra da berentzat. Etxaldea hartu berri dute, eta urtebetez egindako lana, azkenean, emankorra izan zaie», adierazi zuen.

780 euro, enkantean

Semeek egindako lanaz harro agertu zen, beraz, emakumea, eta, xingarra egiteko zuten sekreturen bat aipatzen hasi zen: «Ez dugu xingarra usaian bezala gatzatzen. Masa bat egiten dugu. Bertan, piperra, baratxuria eta ozpina jartzen dugu. Horrekin estaltzen dugu xingarra, eta ondotik urte bat baino gehiago lehortzen uzten dugu baserrian».

Baina ez zuen xehetasun gehiago jakinarazi, sobera aipatu behar ez zela pentsatu baitzuen. Horri buruz ez zuen adierazpen gehiago egin, eta semeez harro zegoela goraipatzen aritu zen. «Oso pozik nago», zioen, berekin batera bertan zegoen semeari begira.

HIRUROGEI SALTZAILE

Aurten, lehen aldiko, antolatzaileek baserrietako ekoizpenak saltzeko gunea antolatua zuten. Merkatu plazatik Mail Chaho-Pelletier plaza arte, hirurogei saltzaile zeuden jarriak. Eta, goizetik erosle ugariren bisita izan zuten.

KOFRADIA

Baionako Urdaiazpikoaren Kofradiako kideek, urtero, beste mende bateko gorri eta hori koloreko jantzi dotoreak janzteko aukera izaten dute Baionako Ferian. Atzo, goizetik jarriak zituzten. Eta, kendu ostean, bihar berriz ere soinean eramanen dituzte.

BESTE KIDE BAT AUKERATU

Baionako urdaiazpikoaren feria baliatu ohi dute Kofradiako kideek ondoko urteetan xingarrak usaintzen ibiliko diren pertsonak izendatzeko. Aurten, ekitaldi hori bihar eginen dute, eta, modu horretan, feria ixteko bidean izanen da.

ZALDI HEZURREZ EGINA

Xingarren lehiaketan, onena aukeratzeko, Kofradiako kideek eta harakinek zaldiz eginiko punta bat baliatzen dute. Punta hura urdaiazpikoan sartzen dute hobeki usaintzeko. Zaldiz egina denez, ez du usaina atxikitzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo