Euskarazko irakaskuntzaren aldeko manifestazioa, bihar Baionan
Euskaltzaleek hitzordu garrantzitsua dute bihar Baionan, bertan Hiru Sareta plataformak deiturik, Ipar Euskal Herriko euskarazko irakaskuntzarako baldintza duinak eta hobeak eskatuko baitituzte. Irakasle eskasia gero eta larriagoa dela salatuko dute besteren artean.
GARA |
Euskararen eta euskarazko irakaskuntzaren aldeko aldarrikapenak beteko ditu bihar arratsaldean Baionako karrikak. Izan ere, bihar egingo baitute Ipar Euskal Herrian euskarazko irakaskuntzako alor guztiak biltzen dituen Hiru Sareta plataformak antolaturiko manifestazioa. Seaska -euskarazko ikas- tola-, Euskal Haziak -eskola elebidunetako euskarazko irakaskuntzan diharduen elkartea- eta Biga Bai -eskola publikoetako gurasoen elkartea- batzen ditu Hiru Saretak, eta horiek, ehunka lagunek eta hainbat eragilek babestuta, Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoarako euskarazko irakaskuntza duina eskatuko dute.
Irakaskuntza arlo horrek Ipar Euskal Herrian bizi duen egoera oso larria da, eta, horrez gainera, urtetik urtera baldintzak okertzen doaz. Iragan abenduan, jakina denez, Euskararen Erakunde Publikoak hizkuntza politikarako proposamen bat onartu zuen, eta hark, aurreikuspenen arabera, euskarazko irakaskuntzaren garapena ekarriko zuen.
Ordutik Hezkuntza Ministerio frantsesak hartu dituen neurriak ikusirik -27 ikastetxe publikotan lanpostu elebidunak desagerrarazi ditu, ikastoletako ikasle hazkundeari erantzuteko giza baliabiderik ez du jarri eta kristau eskola elebidunetako behar berriei aurre egiteko atal gehigarririk ez du jarri-, argi geratzen da ez dagoela ituna betetzeko prest.
Irakasle eskasia
Datorren ikasturterako aurreikuspenek ez dute egoera hobea islatzen, Hiru Saretako kideek manifestazioa aurkeztu egunean adierazi zutenez, irakasle lanpostuen eskasia nabarmena baita. Horrek, «epe laburrean, irakaskuntzaren kalitatea ahultzea ekar dezake; eta epe ertainean, berriz, postuak kentzeak sortzen duen egonkortasun eskasak gurasoek seme-alabak irakaskuntza elebakarrera bideratzera bultzatzea.
Horiek hala, joan den otsailaren 2an irakaskuntza publiko elebiduneko ikasleen gurasoen elkarte Ikas Bik egin bezala, manifestaziora deitu du Hiru Saretak.
Hitzordua bihar arratsaldeko hiruretan izango da Laugan. Hortik abiatuta Baionako karrikak zeharkatuko dituzte manifestariek, eta han, ehunka lagun biltzea espero du Hiru Saretak.
Lehenengo egunetik bertatik hainbat eragilek atxikimendua eman diete bai manifestazioak kalera aterako dituen salaketei, bai eta mobilizazioari berari ere.
Irakaskuntza publikoko euskarazko ikastetxe gehien-gehienak biltzen dituen Sortzen-Ikasbatuaz elkartea izan zen Hiru Saretari sostengua ematen lehenengoetakoa, eta horren atzetik etorri dira Euskal Herriko Berdeak alderdia, EAJ-PNB eta Batasuna, besteren artean.
Jeltzaleen esanetan, «Iparraldeak egiazko politika koherente eta nahikorra behar du euskararen alde eta bereziki bere irakaskuntzarako». «Administrazioaren azpijokoak» lehenbailehen atzean utzi beharra ezinbestekotzat jo zuen.
Batasunaren aburuz, berriz, Hekuntza Ministerio frantsesak eta EEPk egindako hizkuntza politikarako proposamenak ez du euskaldun eleaniztunak hezteko «aukera errealik eskaintzen». Euskarari ez diola «inolako izaera ofizialik» ematen, hizkuntz helburu zehatzik ez duela finkatzen, gurasoek hezkuntza arlo baten edo bestearen arteko aukera egin dezaten bermatzeko baliabiderik ez duela jartzen eta irakasleen formakuntza ez duela ziurtatzen egozten dizkio talde independentistak besteren artean.
Euskararen eta euskarazko irakaskuntza garatuko duen politikaren aldeko manifestazioa arratsaldeko hiruretan abiatuko da Laugatik, eta jarraian Baionako karrikak zeharkatuko ditu.