Alessandro Ballan italiarrak irabazi ditu Panneko Hiru Egunak
GARA | DE PANNE
Alessandro Ballan italiarrak (Lampre) Belgikan egindako Panneko Hiru Egunak proba irabazi zuen atzo, aurreko egunetan lortutako errentari esker. Sailkapen nagusia arratsaldeko erlojuaren aurkako saioan erabakita geratu zen; hots, eguneko bigarren saioan.
Bertan, Stijn Devolver (Discovery) belgikarrak irabazi zuen, David Millar eskoziarraren (Saunier Duval) eta Vladimir Gusev errusiarraren (Discovery) aurretik. Millar zen faboritoa bigarren saioa irabazteko, baina Discovery taldeko txirrindulariak ezustekoa eman zuen.
Ballanek Luca Paoliniri (Liquigas) lidergoa kentzeko aprobetxatu zuen 11 kilometroko erlojupekoa, eta, modu horretan, Panneko Hiru Egunak irabazi ditu. Dena den, Paolini ez zen izan garailearen aurkari arriskutsuena, Joost Posthuma (Rabobank) baizik. Horrek seigarren denborarik onena lortu zuen, baina Ballani zazpi segundo besterik ez zizkion jan. Eta hamahiru behar zituen garaipena eskuratzeko. Hemen ere ezustea gertatu zen, Posthuma baitzen faboritoa.
Steegman, azkarrena
Goizeko lehen saioan, berriz, Gert Steegman belgikarrak (Quickstep) irabazi zuen 119 kilometroko etapa. Azkarrena izan zen, esprintean lortu baitzuen garaipena. Steegman asteazkeneko irabazlea menderatu zuen esprint horretan; hau da, Daniel Bennati italiarra.