GARA > Idatzia > Kultura

Sarako Idazleen Biltzarrak 150 parte-hartzaile izanen ditu aurten

Sarako Turismo Bulegoak eta Euskal Kultur Erakundeak antolatzen duten Idazleen Biltzarrak aurten 24. edizioa izanen du. Apirilaren 9an, Pazko astelehenean, ehun eta berrogeita hamar bat idazle elkartuko dira Saran. Lau libururen idazlek Sarako Biltzarra aukeratu dute idatzitako liburua aurkezteko.

Idoia ERASO | BAIONA

«Telebista, Internet eta DVDak errege diren garai honetan, Sarako Biltzarra sekula baino gehiago beharrezkoa da idazleen eta publikoaren artean lotura sanoen egiteko», hitzekin azaldu dute Sarako Idazleen Biltzarreko antolatzaileek ekitaldiaren lana. Gonbita ere egin dute: «Mintza zaitezte idazleekin, goza itzazue margoak eta argazkiak. Liburu baten izenpetzea beti momentu arradoa da».

Ikusleei gonbita orain egin diete, baina idazle eta argitaletxeek aspaldi emana zuten erantzuna. Denborarekin huts egin ezineko hitzordua bilakatu denak duela hilabete ehun bat idazleren erantzuna jasoa zuen. Azkeneko erantzunen arabera, 142 autore, 26 elkarte eta 17 argitaletxe izanen dira aurten Biltzarrean. Sararaino liburua aurkeztera joanen dira idazleak bisitariekin mintzatzeko, eta nahi izanez gero, bisitariak gustuko dituen liburuetako idazleen sinadura lortzeko parada izanen du. Idazle horien guztien artean hamabostek lehen aldiz izenpetuko dituzte lanak publiko aurrean.

Lau liburu berri

Argitaratu lanak sinatzen egonen diren hamabost idazleetako lauk liburuaren aurkezpena Biltzarrean egitea erabaki dute. Lau idazleren lau lan izanen dira; eleberria eta ikerketa lanak daude tartean. Claire Nobliak Jakin argitaletxearekin atera «Les artistes de la paix» ezagutaraziko du. Bakearen jaialdiaren lehenengo edizioan bildutako artisten hainbat lan biltzen dira liburuan.

Maritxu Basurcoren eleberriak maitasun istorio bat kontatzen du, eta Euskal Herrian girotzen da, gerrate zibilean. «Sois forte, Lucia» lanak iheslarien ikuspegia ematen du.

Henry Duhau-ren «Dufau, bi anaiak» lanak Senpereko bi anaiaren ibilbidea eta haiek egindako lanak ezagutarazten ditu. Azkenik Andre Etchegoyen eta Annie Dumayren «Autrefois Ascain» Lapurdiko herriaren historiaren oroitzapenen bilduma da.

Zalantzarik gabe, literatura izanen da protagonista Idazleen Biltzarrean, baina beste arte adierazpenek ere tokia izanen dute. Biltzarra eginen den gelaren ondoan ezarriko duten oihalpean, argazki eta margoak izanen dira. MY JOK plataforma artistiko eta kulturalak EKEren eskaerari jarraiki egin duen «BURP» dokumentala ere erakutsiko dute karpa azpian.

Goizeko hamarretan hasiko da Idazleen Biltzarra, eta liburuen azokaz gain, beste hainbat ekitaldi eginen dira. Hamaiketan, Eusko Ikaskuntzaren bekak banatuko dituzte. Hamaika beka emanen diete beste hainbeste ikertzaileri hainbat gaiz egin ikerketengatik.

Liburuen aurkezpenak bazkaldu ondoren izanen dira. Arratsaldeko hiruretan Eric Dicharryk idatzi «Gernika eta abar» obra aurkeztuko dute. Gernikako bonbardaketaren 70. urteurrenean idazleak idatzi tesiarekin batera ahozko poesiaren berri emanen dute. Ordu erdi geroago Henri Duhauren «Dufau, bi anaiak» liburuaren txanda izanen da.

HITZORDU EZAGUNA

Denborarekin huts egin ezineko hitzordua bilakatu denak 142 egile, 26 elkarte eta 17 argitaletxe hartuko ditu Saran. Nahi izanez gero, gustuko liburuetako autoreen sinadurak lortzeko aukera izanen da bertan.

Fitxa

Tokia: Sara.

Data: Apirilaren 9an.

Antolatzailea: Sarako Turismo Bulegoa eta Euskal Kultur Erakundea.

Sarreraren prezioa:

2 euro.

Gero eta jende gehiago biltzen da Saran

1.000 pertsona baino gehiago bildu ziren joan den urtean Sarako Idazleen Biltzarrean. Sarrera ordaindu zutenak bakarrik kontatu zituztela adierazi zuen Jean-Michel Garat antolatzaileak. «Ordaindu gabe sartzen den jende asko ere izaten da. Saratarrek eta gazteek ez dute ordaintzen, ez eta idazleen munduko jende anitzek ere, beraz, mila baino askoz gehiago izan ziren», adierazi zuen.

Euskal literaturaren berriak izateko eta idazleen inguruan jakiteko Sarara gero eta jende gehiago joaten da. Urtetik urtera, gero eta sarrera gehiago saltzen dituzte; horregatik, heldu den astelehenean aurreko urteko marka hautsiko dutela espero dute Biltzarreko antolatzaileek.

I. E.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo