Top 14
Biarritzi eta Avironi puntuak batzea bakarrik balio die
Zuri-gorriek Ligako finalerdietan sartu nahi dute, baina egun bosgarren postuan daude, eta hortik gora egiteko irabazi behar dute. Zuri-urdinak, berriz, lehen aldiz daude jaitsierako postuetatik at
Jon LEUNDA | BAIONA
Top 14ko Liga amaitzeko gero eta gutxiago geratzen da, eta Biarritzek eta Avironek hutsak egiteko oso tarte txikia dute helburuak beteta denboraldia amaitu nahi badute.
Biarritzek kolpe latza jaso zuen joan den igandean, Europako Kopako finalerdietatik at geratu baitzen. Lapurtarren helburuen artean bi lehiaketak irabaztea zegoen, edo gutxienez bat, eta Liga da geratzen zaien aukera bakarra.
Lapurtarrak, ordea, lehiaketa honetan ez dabiltza batere fin, eta gaur egun bosgarren postuan daude. Lehenengo lau sailkatuek lortzen dute finalerdietarako txartela, eta zuri-gorriak une honetan postu horietatik kanpo daude
Beraz, hutsik ezin dute egin, Ligan zerbait egin nahi baldin badute. Bihar jokatuko dute zuri-gorriek, 20.00etan, Montaubanen aurka, Agilera estadioan. Aurkaria ez da txarra puntuak batzeko, zazpigarren postuan baitago, eta finalerdietan sartzeko aukera ia galduta du. Maila galtzekoa ere bai, eta, beraz, hortxe dago ez gorako eta ez beherako. Kontua, ordea, Biarritzen egoera da. Azkeneko partida etxetik kanpo irabazi zuen, baina orain arte ez du itxaroten zen maila eman.
Gainera, ikusi beharko da Europako Kopako zaplaztada horrek eraginik baduen. Bihar galtzen badu, atzerakadako pauso handia emango du, aurrekoek aldea gehitzen badute, gero eta zailagoa izango baitu finalerdietara heltzea.
Jokalariei dagokienez, garbi dago aldaketak egongo direla, eta hamabostekoan izango denetako bat Bobo izango da. Joan den igandean Laguisquet entrenatzaileak onartu zuen Bobo hasierakoan ez jartzea okerra izan zela, eta pentsatzekoa da bihar jokatuko duela.
Aviron gorantz dator
Avironek ere ez dauka hutsik egiteko tarterik, mailari eutsi nahi baldin badio. Azkeneko jardunaldian lortu zuen denboraldi honetan lehen aldiz jaitsierako postutik ihes egitea, eta hor jarraitzea izango da asteburu honetako helburu nagusia.
Aurkaria, ordea, handia izango du; izan ere, bihar 18.30ean Clermonten zelaian jokatuko du. Zuri-urdinen aurkaria sailkapeneko bigarrena da, Liga irabazteko faboritoetako bat. Clermontentzat ere garrantzi handiko norgehiagoka da; izan ere bihar irabazten badu, finalerdietan izateko urrats bat egingo baitu. Galduko balu, berriz, atzekoek harrapatzeko arriskua izango luke, eta jaitsierako postuetan dabilen baten aurka galtzeak kolpe handia emango lioke. Beraz, norgehiagoka irabazteko faborito garbiak dira.
Avironek galtzeko ez du ezer izango, normala izango bailitzateke handik esku hutsik itzultzea, baina dauden egoeran egonda, punturen bat lortzea garrantzizkoa litzateke, horrek dagoen lekuan jarraitzeko aukera emango bailioke. Irabazten badu, gainera, Biarritzi ere mesede galanta egingo dio, betiere zuri-gorriek ere irabazten baldin badute.
Jokalariei dagokienez, kolpatu asko ez ditu Lapurdiko taldeak, eta, alde horretatik, denboraldi osoan izan duen egoerarik onena du. Hori aprobetxatzen jakin behar du. Azkeneko jardunaldiarekin alderatuta, oso alde gutxi izango dira.
Beste alde batetik, Liga Federalean, Ohorezko Mailan eta Ohorezko B Mailan, ez da Liga jardunaldirik izango, eta atseden izango duten astebete hau primeran etorriko zaie; izan ere, maila horietan dabiltzan euskal taldeek asko baidute jokoan, ia denek.
Biarritzek Montauban hartuko du bihar iluntzean Agileran, eta irabazteko partida aproposa izan daiteke, aurkariak ia ez baitu ezer ere jokoan. Hori aprobetxatu beharko du talde zuri-gorriak.
Avironek oso norgehiagoka zaila izango du, Clermonten jokatuko baitu, sailkapeneko bigarrenaren zelaian, baina lapurtarrei irabaztea bakarrik balio die.