GARA > Idatzia > Txokotik

Xabier Izaga Irakaslea

«Demokrata» artean ondo konpontzen dira

Telebistan, eta gainerako hedabideetan, baina telebista da mundua den bezalakoxea agertzen duen leihoa... areago, mundua, errealitatea telebista da; beraz, bertan ikusi berri dugunez, M-11ko atentatutak gertatu ziren egun berean sasoi hartako Gobernuak bazekien ETAk ez zituela egin. Hori mundu zabalean edonork zekien egun hartatik bertatik, baina orain epaiketan esan eta telebistak zabaldu duenez, ofiziala da. Mundu guztiak zekien, Gobernu espainolak barne, baina Lakuako Gobernuak izan ezik. Edo bai? Hala izatera, arrazoiren bat izan behar zuen Ibarretxek hedabideen aurrean agertu zen moduan agertzeko. Eman dezagun, eta konprenigarria litzateke, beldur zela. Baina ez ETAren beldur, hain zuzen.

Hurrengo egunetan Angel Berruetak eta Kontxi Santxizek ez zuten Lakuako Gobernuaren sumindura bera merezi. «Basapiztien» inguruko «ez-euskaldunak» zirelako ote?

Azkenaldion lehendakariaren alderdiak bake eta normalizazio prozesua amaitutzat jotzen duela dirudi. Ez al du arrazoirik izango. Orain dela urtebetetsu bezala, ez dute prozesu horrekiko gogo handiegirik erakutsi. ETAri su-etena eskatzen zioten maiztasun berarekin eskatzen dio orain desagertzeko eta ezker abertzaleari erakunde armatua gaitzesteko. Gobernuari, berriz, eskatu ordez eskaini egiten dio. Esana du Alderdien Legea ez dela demokratikoa, baina segituan arazoa borroka armatua dela eta ezker abertzalea hauteskundeetara aurkezten ez bada, aurkezten uzten ez badiote, errua ezker abertzalearena berarena dela. Azken torturen errua ere torturatuena den bezala.

Eta jarrera horretan nabari da interes ugari dagoela, baina, horrez gain, M-11 hartan bezala, Estatu demokratiko eta moderno batean bizi garela eta abar badakite ere, senper orduan demokrata irribarretsu horiek oso arriskutsuak izan litezkeela ere badakite. Eta hobe dela haien ondoan, aurrean baino.

Ez naiz konparatzen ari: ETA legez kanpoko erakundea da eta Gobernu espainola Zuzenbidezko (Zuzenbidearen araberako, omen) Estatu baten kudeatzailea; Espainiako kartzeletan dauden euskal militanteetarik asko ETAkoak dira eta Gobernu espainolak, bere legeak hamaika modutara urratu arren, kartzelak kudeatu baino ez ditu egiten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo