GARA > Idatzia > Txirrindularitza

Txoriak gari artean goseak egon beharra!

Gaizka LASA

(Karpin-Galicia)

Esamolde horrekin laburbildu liteke gaurko etapan niri eta tropeleko beste txirrindulari askori gertatu zaiguna. Sekulako beldurrarekin irten gara Gasteiztik. Atzokoa ikusita denok Saunierrek hasiera-hasieratik erasoa joko zuela pentsatzen genuen eta belarriak tente izan ditugu lehen kilometroetan. Baina, zorionez, eskapadatxo bat egin da berehala eta tropelak bere baimena eman dio. «Puff... hau lasaitua!» pentsatu dut nik, eta nire inguruan ere antzeko komentarioak entzun ditut.

Baina haurrei eskolan irakaslea gaixo dagoela esan eta ez dela etorriko jakitean gertatzen zaiena gertatu zaigu guri ere. Tropelean norbaiti ez zaio ihesaldia gehiegi gustatu antza, eta hasierako ilusioak azkar asko zapuztu dizkigute. Nola ez, gaur ere egurrean ibili behar!

Kostata, baina berriz ere beste ihesaldi bat osatu dute. Bigarrenez tropelak bere baimena ematen ziola zirudien eta, bigarrenez, behingoz egun bat lasai hartzeko aukera izango genuela pentsatu dugu. Koitaduak... ez dugu inoiz ikasiko. Euri tanta batzuk hastearekin batera a zer kaosa sortu den tropeleko atzeko aldean! Bat ziraren bila, bestea eskularruak jantzi nahiean... denok atzera eta denok batera. Eta noski, gero dozena bat auto pasa behar berriz ere tropelera iritsiko bazara.

Nekeak pilatu egin dira eta Leaburuko igoeran atzean geratu naiz beste makina bat txirrindularirekin batera. Tokitan ziren orduan goizeko ilusio haiek, beste egun batez leher eginda amaitu behar. Baina beno, beti aurkitzen da kontsolatzeko arrazoiren bat eta atzeko taldean Azpirotz lasai samar igo dugu, behintzat. Marka da gero, etapako tarterik gogorrena izan behar zuena, guretzat lasaiena eta erosoena izan da. Horregatik jarri diot testutxo honi goian ikusi duzuen izenburua. Hau da hau txoriak gari tartean goseak egon beharra!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo