GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Joxe Iriarte, Bikila Zutik-eko kidea

Lotsagarria!

Eta horrelaxe daude. Ez atzera ez aurrera, «impasse» batean. Zeharo blokeatuta. Jakina, saharar herriaren kalterako

Hogeita hamar urte beteko dira laster azken soldadu espainiarrak Mendebaldeko Saharatik alde egin zuenetik, ehun urteko espainiar zapalkuntza koloniarra amaitu zenetik, marokoarren zapalkuntza koloniarrari sorrera emanez.

1975eko azaroaren 6an, diktatura frankista azkenetan zela, Marokok Martxa Berdea izeneko inbasioa egin zuen. 350.000 marokoar -horietatik 25.000 soldadu- Tarfayan bildu eta Espainiako Armadak oztoporik jarri ez zuenez, sahararren lurraldean sartuko ziren. Mauritaniak gauza bera egin zuen hegoaldetik.

Azaroaren 14an Madrilen, Espainiak, Marokok eta Mauritaniak «Hitzarmen Hirukoitza» lotsagarria sinatu zuten. Haren bitartez, saharar herriari legez zegokiona itzuli beharrean, Espainiak Marokoren eta Mauritaniaren eskuetan uzten zuen bitan zatituta geratuko zen kolo- niaren administrazioa. Saharar gehienek ihes egin behar izan zuten euren herrialdetik.

1976ko otsailaren 27an, Sahara bertan Frente Polisarioak liberatutako lurraldeetan, SEADen (Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoa) izatea aldarrikatzen du. Marokoko armadak napalm lehergailuz bonbardatuko ditu bertan kokaturiko errefuxiatu kanpalekuak. Errefuxiatuek Aljeriak utzitako Tindufeko Hamadan aurkituko dute babesa.

Rabatek eta Frente Polisarioak, urteetako borroka gogorren ostean, NBEk proposatutako bake prozesua hitzartu zuten 1988 urtean. Akordio honek su-etena eta autodeterminazio erreferenduma egitea jasotzen zuen. 1991n sortu zen Minurso: Nazio Batuen Erakundearen Mendebaldeko Saharako Erreferendumerako Misioa. Hamalau urte hauetan, baina, erreferenduma atzeratu besterik ez du egin Rabatek.

Eta horrelaxe daude. Ez atzera ez aurrera, impasse batean. Zeharo blokeatuta. Jakina, saharar herriaren kalterako.

Ez da gaur goizekoa lurralde okupatuetako gatazka. Saharar herriaren borroka eta marokoarren errepresio basatia. Isiltasunaren hormak inguratzen du bertan gertatzen den guztia, baina oraingoan, hesi guztiak gainditu ditu eta kale borrokaren irudiak bere gordintasunean iritsi zaizkigu. Lurralde okupatuetako herri borroka ezberdinek izan dezakete gaitasunik egoera desblokeatzeko, bide batez, marokoar monarkiaren bidegabekeria agerian jarriz.

Zoritxarrez, azken garaietan, lotsarik gabe eta bere erantzukizunei muzin eginez, Espainiako Gobernua marokoar monarkiaren alde jarri da peto-peto, armak salduz eta, giza eskubideen urraketak isilduz eta autodeterminazioari uko egiten dion sasi-autonomiaren proposamenaren aldeko iritzi ona emanez.

Egin dezagun gure aldetik sahararren autodeterminazioaren alde!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo