Gazteak euren eskubideen alde kaleratuko dira Iruñean hainbat eragilek babesturik
IAk, IGAk, MEGAk eta Ekialdeko Gazteriak larunbat honetarako manifestazioa antolatu dute Iruñean. Duela hilabete bat abiatutako dinamikan sartzen da. Nafarroako gizarteari deitu diote bertan parte hartzeko.
Jasone MITXELTORENA
«Nafarroako gazteria gure eskubideen defentsan tinko» leloarekin manifestaziora deitu dute larunbat honetarako Ikasle Abertzaleek eta Iruñerriko, Merindadeko eta Ekialdeko gazte asanbladek. Autobus Geltokitik aterako dira 12.30ean, eta Nafarroako gizarteari deia egin diote bertan parte hartzeko.
Duela hilabete bat abiatu zuten gazteek euren eskubideak aldarrikatu eta babesteko helburua duen dinamika, eta larunbateko ekitaldia hor sartzen da. Taldeetako bozeramaileek adierazi zuten helburu nagusia azken hilabeteetan herrialdeko gazteriari egin dizkioten era- soak salatzea eta jazarpen horiek izan arren eskubideak babesteko tinko mantentzen direla manifestatzea direla. Dinami- kan sartzen den egitasmoetako bat kaleratu duten manifestuari atxikimendua bilatzeko harreman-lana izan da.
Atzoko agerraldian adierazi zutenez, hainbat alderdirekin elkartu dira euren egitasmoa azaldu eta babesa jasotzeko asmoz; EAJrekin, IUrekin, Aralarrekin, PSNrekin, EArekin, NaBairekin eta Batasunarekin, hain zuzen ere. Horietatik, Aralarrek eta Batasunak adierazi diete sostengua. Sindikatuekin izandako bileretatik, LABen eta CGTren babesa lortu dute. Euskal Herrian Euskaraz, Euskal Herriak Bere Eskola, Orreaga Fundazioa, Askapena, Askagintza, AEK, Bai Euskal Herriari, Iruindarrok Peña eta bertze hainbat talde ere haien alde agertu dira. Herri eta auzoetako eragileen artean ere lortu dute babesa, musika taldeak, jai batzordeak, dantza taldeak, etxebizitza plataformak eta bertze anitz bildu baitzaizkie. Hala eta guztiz ere, atxikimenduak jasotzeko garaia ez omen da amaitu, eta ostiralera arte ateak zabalik izanen dituzte. Egun horretan, 11.30ean, agerraldia eginen dute babesa adierazi dieten eragile eta taldeekin. Bide batez, azken hilabeteetan Nafarroako gazteei egindako, eta beraz, haiek salatzen dituzten erasoen zerrenda aurkeztuko dute, datu zehatzekin osaturik. Hori jakinarazi zuten atzo egindako agerraldian.
Manifestuaren edukia
Duela hilabete bat abiatu zuten dinamika martxan jartzearekin batera, gazte taldeen artean adostutako manifestua aurkeztu zuten. Horren helburu nagusia euren mezua zabaldu eta gizartearen babesa bilatzea izan da. Egin dizkieten erasoak salatu eta bide batez euren eskubideak babestuta mantentzeko asmoa adierazten dute bertan, eta azkeneko hilabete honetan gizarte-eragileei ezagutarazi diete atxikimenduak lortzeko asmoarekin.
Nafarroako gazteriak «garapen aske eta integralerako» muga eta oztopoak aurkitzen omen ditu egun indarrean dagoen bizi-ereduarekin. Euren eskubi- deak errespetarazteko eta inposatutako bizimoduaren alternatiba izateko gazteek egindako lana zapaltzea omen du helburu indarrean dagoen botereak, eta horretarako kriminalizazioa, mehatxuak, jipoiak eta espetxeratzeak erabiltzen dituztela salatzen dute gazteek.
Batasuna, Aralar, LAB, CGT, EHE, Euskal Herriak Bere Eskola, Bai Euskal Herriari, Askapena, Askagintza, AEK, Orreaga Fundazioa, Iruindarrok Peña eta bertze hainbat herri eragilek adierazi diete babesa gazteei.
Azken hilabeteetan herrialdeko gazteen aurka izandako erasoen zerrenda aurkeztuko dute ostiral honetan hainbat eragilerekin eginen duten agerraldian. Bertan datu zehatzak aurkeztuko dituztela adierazi zuten.