GARA > Idatzia > Euskal Herria

Berdeen presidentetzarako hautagaia Aiziritzen izan da okupazioa sostengatzen

Genetikoki aldatutako organismoen kontrako kolektiboa ostiraletik Aiziritzeko Lur Berri kooperatiba okupatzen ari da hazi transgenikoak saltzea geldiarazteko. Dominique Voynet Berdeen hautagaia bertaratu zen atzo.

AIZIRITZE

Estatu frantseseko presidentetza-hauteskundeetako lehen itzulirako aste eskas bat falta da, eta hautagai ekologista Aiziritzen izan zen atzo. Dominique Voynet-ek Euskal Herriko genetikoki aldatutako organismoen kontrako kolektiboari sostengua eman zion, Lur Berri kooperatiban itxialdia egiten ari baita. Kolektiboko kideen aitzinean, Berdeen hautagaiak transgenikoen arriskua aipatu zuen. Kooperatibako zuzendariekin ere elkartu zen eta «haien berehalako luzamendua» eskatu zien.

Gaur bilduko da Lur Berri kooperatibaren administrazio kontseilua, eta bertan erabakitzen dutenaren arabera deliberatuko dute itxialdia egiten jarraitu edo ez. Transgenikoen aurkako taldeak Nafarroa Behereko kooperatibari genetikoki aldatuak dauden haziak ez saltzeko eskatzen dio protesta ekimen horren bitartez.

LCRren babesa

Jose Boveren eta Voyneten ondoren, LCRko (Liga Komunista Iraultzailea) presidentetzarako hautagai Olivier Besancenot-ek ere babesa eman die Lur Berri kooperatiba okupatu duten militanteei. Beste alde batetik, gaur goizeko hamarretan Donapaleun eginen duten Lur Berriren administrazio kontseilua kari, gizartea mobilizatzera deitu du Besancenot-ek. Kontsumitzaileen eta laborariek transgenikoen kontra aurkeztu duten iritzia gogorarazi du LCRko hautagaiak, eta hori ingurumenaren aniztasunerako arriskutsua dela ipatu du.

Hazparneko Emazteek Diote elkarteak ere bat egin du transgenikoen kontrako kolektiboarekin, eta kooperatibari ingurumenaz kezkatzeko eskatu dio.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo