GARA > Idatzia > Errugbia

Errugbia Liga Federala

Donibane Lohizunek agortu ditu igotzeko zituen aukerak

Jardunaldi honen aurretik ere, lapurtarrek hirugarren fasea jokatzeko txartela lortzeko oso aukera gutxi zituzten, baina galdu ostean matematikoki inongo aukerarik gabe geratu dira

Jon LEUNDA | BAIONA

Donibane Lohizunek ez du Pro 2ra igotzeko hirugarren fasea jokatuko. Izan ere, Chalonen porrot egin du, eta izan zitzakeen aukera apurrak galdu baititu Lapurdiko taldeak. Mailari eusteko ligaxkan, berriz, Nafarroak berdindu egin zuen, eta lanean jarraitu beharko du, baita Maulek ere, horrek galdu egin baitzuen Orthesen.

Liga Federaleko Lehen Maila horretan, Pro 2ra igotzeko azkeneko fasea jokatzeko itxaropepenei eutsi ahal izateko, Chalon taldeari irabaztea besterik ez zitzaien geratzen, baina gorri-berdeek 31 eta 11 galdu zuten. Aldea handiagoa izango zen, partidako azkeneko jokaldian lapurtarrek entsegu bat lortu izan ez bazuten. Entsegu hori talde osoaren artean lortu zuten, bultzaka-bultzaka egin baitzuten. Elizondok bi zigor-kolpe gauzatu zituen.

Mailari eusteko borrokan, Nafarroak ezin izan zuen Cahors mendean hartu, eta 23-23 berdindu zuten. Hala ere, horixe izan da euskaldunek asteburu honetan lortu duten emaitzarik onena. Darritxoinek lortu zuen hori-gorrien lehen entsegua; talde osoak egin zuen bigarrena, eta Ernagak, hirugarrena. Zelanek transformazio bat eta bi zigor-kolpe egin zituen.

Maulek partida oso zaila zuen Ortheseren zelaian, multzoko lehen sailkatuaren zelaian, baina euskaldunek oso norgehiagoka ona egin zuten. Hala ere, 16-13 galdu zuten Biarnora egin zuten bisitan, eta mailari eusteko gogor egin beharko dute lan. Maulek entsegu bat, zigor-kolpe bat eta transformazio bat gauzatu zituen.

Bigarren Mailan, euskal derbia jokatu zuten Donapaleun, bertako taldearen eta Bokaleren artean, eta garaipena Lapurdira joan zen. Emaitza horri esker, lapurtarrek Lehen Mailara igotzeko igoera fasea jokatzeko txartela segurtatuta daukate; Nafarroa Beherekoak, aldiz, Hirugarren Mailara jaitsi dira.

Beltzek 6-10 irabazi zuten. Dybaytsek egin zuen Bokaleren entsegua, eta Sistiagak transformazio bat eta zigor-kolpe bat gauzatu zituen. Tauzinek egin zituen etxekoen puntu guztiak, bi zigor-kolpe gauzatuta.

Hirugarren Mailan, Angeluk, ASB Baionakoak, Hendaiak eta Mugerrek lortu dute Bigarren Mailara igotzeko fasea jokatzeko txartela. Asteburuko emaitzak hauek izan ziren: Rion les Landes 24 / Hendaia 13; Senpere 5 / Lembeye 8; Mugerre 21 / Angelu 12; ASB 12 / Villenauve de Marsan 16; Larresoro 12 / Bardoze 8. Bestetik, Urruñak herenegun lortu zuen datorren urtean Hirugarren Mailan jokatzeko txartela, azkeneko partidan Saint Martin de Seignaxi 22-6 irabazita.

Emakumezkoen Lehen Mailan, ASB Baionako taldeak Roquefort hartu behar zuen, baina hori agertu ez zenez, baionarrei eman diete garaipena, 25-0eko emaitzarekin.

Ohorezko B Maila

Ohorezko B Mailan, jardunaldi bakarra falta da Liga amaitzeko, baina erabaki beharrekoa erabakita zegoen azken-aurrekoa jokatu aurretik ere. Hernanik 28-19 galdu zuen Cornellan. Gipuzkoarrek igoera fasea dute buruan, baina Katalunian ere ez zuten norgehiagoka txarra egin.

Durangon, berriz, mailako euskal derbia jokatu zuten bertako taldeak eta Gernikak. Kanpoko taldeak garaipen premia handiagoa zuen, eta horrelakoetan hark irabazi ohi izaten du. Horixe gertatu zen, Gernikak garaitu baitzuen 11-17. Norgehiagoka ez zen handi horietakoa izan, baina berde-beltzak hobeto aritu ziren etxekoak baino, eta ongi merezitako garaipena erdietsi ahal izan zuten.

Nafarroa

Nafarroa Behereko taldeak 23-23 berdindu zuen etxean, eta lanean jarraitu beharko du Lehen Mailari eutsi ahal izateko, nahiz eta berak baino egoera okerragoan talde dezente dauden.

Maule

Maulek partida ona egin zuen Orthesera egin zuen bisitan, baina zuberotarrek 16-13 galdu zuten, eta ez dira batere egoera gozoan geratzen. Zuri-gorriek ere lan handia egin beharko dute Lehen Mailan jarraitu nahi baldin badute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo