GARA > Idatzia > Kultura

«Araban bertsolaritzak bere tokia hartuko du» Gasteizen larunbatean izango den finalean

Oihane Perea, Asier Otamendi, Iñaki Viñaspre, Zigor Enbeita, Juan Mari Juaristi eta Manex Agirre arituko dira larunbatean Arabako Bertsolari Txapelketaren finalean Gasteizko Jesus Guridi auditoriumean.

Josune VELEZ DE MENDIZABAL | GASTEIZ

Oihane Perea, Asier Otamendi, Zigor Enbeita, Manex Agirre, Juan Mari Juaristi eta Iñaki Viñaspre dira Ondategiko eta Aramaioko finalaurreetan garaile atera eta larunbatean Gasteizko Jesus Guridi musika kontserbatorioan Arabako Bertsolari Txapelketaren finalean arituko direnak. Saioa larunbatean izango da arratsaldeko bostetan, eta dagoeneko sarrerak Arabako Bertsozale Elkartean eta Amaia Zentroan daude salgai. Atzo bertsolariek aitortu zutenez, «saio ona eta duina» eskaini nahi diote ikusleari.

«Bai antolatzaileek bai bertsolariok aurten helburu bat genuen. Orokorrean, txapelketa on bat egitea zen, eta asmatzen ari gara», nabarmendu zuen Juan Mari Juaristik. Aurten Arabako saioak data berezia du, 25 urte bete baititu. «Horregatik, taldearekin batera final txukun bat egin, ikuslea gustura utzi eta Araban bertsolaritzak bere tokia eta etorkizuna daukala erakutsi nahi dugu», adierazi zuen Asier Otamendik.

Gero eta maila altuagoa

Oihane Pereak aurtengo edizioan «jauzi txiki bat» eman dela aipatu zuen. «Afaldu osteko saioak oso positiboak izan dira, eta giroa sortu dute», esan zuen. Bertsolariek bat egin zuten lehiakideen maila gero eta altuagoa dela. Horren adierazle da Rikardo Gonzalez de Durana edo Ruben Sanchez bertsolariak aurten finaletik kanpo geratu izana. Ikuslearen erantzuna oso ona eta batez ere jendetsua izan da saioetan.

Larunbateko finalari dagokionez, guztiek txapela eskuratu nahia agerian utzi zuten. Alde horretatik, Asier Otamendik bere onena emango duela esan zuen: «Finalaurrera zaurituta ailegatu nintzen, istripu batengatik, baina burua ondo eraman nuen eta oso gustura aritu nintzen. Hala ere, pentsatzen dut nire mailan ibili nintzela baina hori baino gehiago egin nezakeela. Azken hilabetean irakurtzen eta kontzentratzen aritu naiz final duina egiteko».

Iñaki Viñaspre argia izan zen, eta orain arte egindako saioetan «erregularra eta akatsik gabe» aritu dela adierazi bazuen ere, finalean hobeto ibil daitekeela onartu zuen. «Urtero umil etortzen naiz, baina aurten nire helburua txapela da», aipatu zuen, berriz, Juan Mari Juaristik. «Nire maila finalaurreetan ona bada ere, finaletan jaitsi egiten da. Horregatik aurten maila bertsuan mantentzea saiatuko naiz», azaldu zuen. Ohiane Pereak, berriz, bere burua «gero eta bertsolariago» sentitzen duela onartu zuen. «Entzuleei guregandik espero eta merezi duten saio brillantea emateko prest nago», jakinarazi zuen. Manex Agirrek ere txapelketak hasieratik izan duen maila ona nabarmendu zuen.

Egoera soziolinguistikoaren osasunaren ispilua

Manex Agirre aramaioarrak Arabako Bertso Txapelketak urteen poderioz lortu duen maila nabarmendu zuen. «Txapelketa herrialdean dagoen bertsolaritzaren osasunaren ispilua da», azaldu zuen. Oihane Pereak bat egin zuen Manexekin, eta bertso saioak duen kalitatea eta maila ona Arabako egoera soziolingustikoaren adierazle dela nabarmendu zuen.

Arabako Bertsolari Txapelketaren finalean Jesus Guridi kontserbatorioan larunbatean arituko diren bertsolariak pozik eta gogotsu aritu ziren atzo Gasteizen prentsarako eginiko aurkezpenean. Denak izan ziren, Zigor Enbeita iazko txapelduna izan ezik. J.V.M.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo