OSASUNA 42 puntuen bila
Lasaikeriarik ez, etxeko ibilbide makalaren ondorioz
Osasuna da bigarren itzulian etxean irabazi ez duen talde bakarra. Zorionez, bidaietan lortutako garaipenek beherapenetik kanpo mantentzen dute taldea.
IRUÑEA
Seigarren saiakeran ere ez zen heldu. Osasunak puntu bakarra salbatu zuen Recreativoren aurka eta, beraz, pare bat aste itxaron beharko du Sadarren garaipen batekin -betiere, Ligari dagokionez- gozatzeko.
Izan ere, gorritxoa da bigarren itzulian etxean irabazi ez duen talde bakarra. Sei partida jokatu ditu Iruñean denboraldiaren bigarren zatian, eta ezin izan dio garaipen bakarra eskaini zaleari. Datu horretan egon daiteke, ziur aski, taldea Lehen Mailan gelditzea baieztatzeko gakoa; asko kostatzen ari baitzaio.
Bigarren itzulia hasi zenetik lau puntu besterik ez du eskuratu Osasunak etxean. Paradoxikoki, Sadarretik pasatu diren talde indartsuenen aurka; hau da, Bartzelona, Valentzia, Sevilla eta Recreativoren aurkako norgehiagoketan. Espanyolek eta beherapenetik ihes egiteko irrikan dagoen Celtak, ordea, hutsean utzi zituzten gorritxoak.
Zorionez, gauzak zertxobait hobeto egin dituzte Jose Angel Zigandaren gizonek bidaietan. Izan ere, partida gutxiago jokatu dute etxetik kanpo etxean baino; halere, puntu gehiago eskuratu dituzte, Nasticen eta Athleticen aurka irabazteari esker. Gainerako irteeretan -Getafe, Racing eta Real Madril-, hori bai, porrot egiten amaitu dute.
Kanpoko ibilbide irregularra eta etxeko kaxkarra bateratuta, Osasunaren zifra orokorrak bigarren itzuli honetan ez dira erakargarriegiak. Nahikoa izan daiteke, hala ere, batez besteko hori mantentzea denboraldia gehiegizko estutasunik gabe amaitzeko. Teorian, iruindarrek sei puntu besterik ez dute behar Lehen Mailan jarraitzea lortzeko eta, zortzi jardunaldi geratzen direla kontuan hartuta, matematikak beren alde daudela dirudi. Betiere, lasaikeriaren bekatuan erortzen ez badira, egutegia berriro gogortuko baita hurrengo asteotan. Cesar Krutxagak atzo honako hau onartu zuen: «Ez litzaiguke gustatuko azkeneko partidetara finalak jokatzen heltzea. Sei puntu besterik ez dugu behar, eta nahiago dugu lehen baino lehen heldu, azken hilabetean lasai egoteko, UEFArekin gehiago gozatzeko».
Aste garbia
Aste «garbi» hau aprobetxatu beharko dute, beraz, iruindarrek. Aspaldiko partez, jaieguna eta partida bakarra prestatzeko aste osoa izango dute. Oraingoan, gainera, beren etsaiari egokitu zaio astean nekatzea, Deportivok Kopako finalerdiko partida jokatu behar baitu Sevillaren aurka.
Osasunak, zoritxarrez, ezin izango du aukera aprobetxatu min hartuta dauden jokalariak errekuperatzeko, oraindik asti gehiago behar baitute. Taldeak, behintzat, Raul Garcia Espainiako 21 urtez azpiko taldearekin ez joatea lortu du; izan ere, igandean orkatila kolpatu eta bihurritu baitzuen.
Sei partida jokatu ditu Osasunak etxean bigarren itzuli honetan, eta ez du garaipenik lortu. Paradoxikoki, puntu bakarrak Sadarretik pasatu diren talde indartsuenen aurka eskuratu ditu.
Azken asteotako ibilbidea irregularra izan arren, matematikak gorritxoen alde daude. Horiek, hala ere, lehen baino lehen lortu nahi dituzte behar dituzten sei puntuak, denboraldiko azken hilabetea lasaitasunez bizitzeko.