Aizkora Urrezko lehiaketa
Nazabalek eta Arria V.ak estreinatuko dute ligaxka
Etxarri Aranazkoa eta Errezilgoa etzi eguerdian neurtuko dira Zumaiako pilotalekuan
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Urrezko Aizkora mementorik erakargarrienera heldu da, eta etzi jarriko da abian final-laurdenetako ligaxka. Bertan, hiru multzo izango dira, eta bakoitzeko onenek zuzenean lortuko dute finalerdietarako txartela. Bigarren geratzen diren hirurek beste kanporaketa bat jokatuko dute hirurek batera, eta hango irabazlea izango da finalerdietan sartuko den laugarren aizkolaria.
Ligaxkako lehen saio horretarako, gainera, neurketa oso erakargarria izango da. Floren Nazabal eta Xabier Orbegozo Arria V.a neurtuko baitira. Gauzak normal joanda, hemengo irabazleak lortuko luke multzoko lehen postua; biak, hasiera batean behintzat, Rekondo baino gehiago baitira. Leitzarra izango da multzoko hirugarren aizkolaria. Nazabal da egungo txapelduna, eta bera izango da irabazteko faboritoa ere, baina argi ibili beharko du Arriarekin.
Errezildarra azken urte hauetan aizkoran hasten eta hura uzten dabil, baina badirudi oraingo honetan gogoz datorrela. Aizkolari ona da ererzildarra; lantegi hori bikain doakio, gainera. Zutikakoan huts egin zuen Vicenteren aurka, baina oso erraz menderatu zuen Otsagabiko aizkolaria.
Nazabalekin, ordea, zutikakoan orduan bezainbeste denbora galtzen badu, jai izango du. Gainerako proba guztiak oso ongi doazkio, eta badaki Nazabalen aurka galtzeko ezer ez duela; lasaitasun horrekin plazaratu beharko luke. Jendeak harengan itxaropen handiak zituen, eta orain ere gogoz itzultzen bada, jendeak erantzungo dio. Nazabalentzat, aldiz, lehen saioa izango da etzikoa.
Aurreko kanporaketekin alderatuta, lanak aldatuko dira oraingo honetan; lan handiagoa izango baitute. Hasteko, 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu aritu beharko dute. Ondoren, 45 ontzakoa erlojuz kontra moztu beharko dute. Hirugarren lanean, aizkolariek 45 ontzako enborra zutik moztu beharko dute. Laugarrengoan, 60 ontzakoa zeinek azkarrago ebaki, biak batera arituko dira. Bosgarrengoan, eta hau berria izango da, oin bateko enbor bat zutik, eta jarraian bestea etzanda moztu beharko dituzte. Azkenik, iraupeneko proba izango da, eta hemengo lana ere aldatu egingo da. Bi 45 ontzako eta lau kana-erdiko moztu beharko dituzte. Final-laurdenetako beste bi multzoak datozen asteetan jarriko dira abian.
Etzi eguerdian Zumaiako pilotalekuan ez dira Nazabal eta Arria bakarrik neurtuko, 23 urtez azpiko lehiaketako saio bat ere jokatuko baitute. Bertan, Atutxa II.a eta Amillano izango dira aurrez aurre. Bizkaitarra -Atutxa II.a- izango da irabazteko faboritoa, nahiz eta Amillano baino gazteagoa den. Atutxak kolpe handia dauka, eta lantegi horretan oso trebea da. Bere gabezia, ordea, zutikako enborretan dauka, eta hori aprobetxatzen saiatuko da Amillano, hor bizkaitarra baino dezentez hobekiago moldatzen baita.