Xabier Izaga Irakaslea
Europa
Euskaldunok betidanik izan omen gara Europan. Ni ez, behintzat. Gertatzen da beti horrek milioika, milaka urte edo urte bakan batzuk -are segundo batzuk ere- bil ditzakeela. Nolanahi ere, badirudi euskaldunak kontinente honetako aspaldiko bizilagunak garela. Eta ez horregatik, baizik eta Europaren tradizio demokratikoagatik, orain hogei urte inguru entzuten zen euskal gatazkaren konponbidea Europatik etorriko zela. Eta oraindik ere ez dut nik halakorik ukatuko. Baina, hala izatera, ez dakit pozak txoratzen egoteko motibo izango litzatekeen.
Europak bere zibilizazioa, erlijioa eta guzti, jakina, mundu osoan barrena zabaldu zuen, beste zibilizazio batzuk suntsituz; hala ere, bazuen hartarako arrazoi sendorik: indarra, nagusitasun militarra.
Astebetetsu da Espainiako Errepublikaren urteurrena izan dela. Faxistak Gobernu demokratiko haren kontra altxatu zirenean, Europak bere laguntza eman zuen. Eta laguntza hori Otxandioren, Durangoren, Gernikaren gainera jausi zen. Baina oraindik sortu gabe zegoen Europar Batasuna, are Europar komunitate Ekonomikoa ere.
Europa bankuak dira, eta multinazionalak. Horiek dira aurrerabide -ekonomikoaren- isla. Langileak ere Europa dira, eta beren prekarietatearen bidez sostengatzen dute haren oparotasuna, europar ez diren hainbatek sostengatzen duten bezala. Prekarietate horrek, jakina, ez du egoeraren araberakoa izan behar, egiturazkoa baizik, eraginkorra izango bada. Eta antxoak ere badira Europa seguruenik, baina ez bide dute beren zoritxar existentzial horretaz pentsatu. Estaturik gabeko herriak, berriz, ez dira europarrak. Izan ere, ez dira eta.
Europar Komunitate Ekonomikoa izatetik Europar Batasuna izatera igaro zen. Egokia, oso, izen aldaketa. Apaingarria. Demokraziaren esportatzaile izanda ere, batzuetan tiranoak babestu behar izan ditu. Munduaren orekaren alde. Mundu librearen alde. Eta mundua askatzeko hainbesteko ardura duenez, bere burua askatzea ahaztuta dauka.
Europa gaixorik dago. Haren gaixotasun larriak Kapitalismo izena du. Batzuek kapitalismo basatia esaten diote pleonasmoari erreparatu gabe, eta beste batzuek neoliberalismo, kontzeptu moderno gisa, liberalismoaren baliorik onenak jaso izan balitu bezala.
Bahituta segitzen du Europa, baina ez Kretan, merkatuan baizik, europarrek zezenari adarretatik noiz helduko zain.