GARA > Idatzia > Jo puntua

Josu Imanol Unanue Astoreka Gizarte ekintzailea

Sinatzaileak

Hurbileko lagun batek esaten dit beti ea zer lortzen dudan horrenbeste aldiz sinatuta, eta nire erantzuna izaten da sinaduraren itxura hobetzeko balio duela

Gustua hartuta nagusi izateari, bizi osoa pasatu dut sinatzen errespetatua izateko; ez dakit zenbat orritan eta tokitan sinatu dudan baina nagusi naizenetik ez naiz gelditu, askotariko arrazoiak eta nire ustean justuak. Horrexegatik ezin dut inola ulertu, nola egon daitezkeen pertsonak inoiz ez dutenak honelako konpromiso txikirik hartu, behintzat sinatzekoa zerbaiten alde edo kontra; inoiz ez dute aurkitu beraiekin bat egiten duen ideiaren bat? Ezinezkoa iruditzen zait.

Batzuk denarekin eta denekin daude pozik, OTANen sartzen gaituela eta gerra bat egin, ados! Nuklearrak edo zentral termiko bat jartzen zaiola etxean, pozik! Abortua debekatzen dutela, sexu erasoak areagotzen direla, bost axola! Hiesa edo beste gaixotasunen bat zabaltzen dela eta ez dagoela tratamendurik? lasai...

Benetan diot euskaldunok izan ditugun beste aukerekin han edo hemen haserre agertzeko, zaila egiten zait sinatu gabeko pertsona bat aurkitzea, baina egon badago. Hurbileko lagun batek esaten dit beti ea zer lortzen dudan horrenbeste aldiz sinatuta, eta nire erantzuna izaten da sinadura-itxura hobetzeko balio duela.

Berdin gertatzen zait beste gai askoren aurrean inor ere ez denean mugitzen, oso arraroa eta susmagarria deritzot horri.

Baita logika guztitik kanpo deritzot bizi dugun hauteskunde aurreko egoerari, ziur nago honelakoak Espainiako «monarkia laranjeratik» kanpo leku gutxitan gertatuko direla, ideia batekoak hautatuak izateko sinadurak batu beharra.

Zer dela eta normaltzat hartzen da jendea fitxatzea? Nor diren legez kanpo dauden ideien aldekoak jakiteko ote? Errazagoa litzateke botoa ematerakoan agerian uztea bakoitzak bere hauteskunde-txartela eta komeni ez direnak apurtu. Zergatik ez guztiak kartzelatu, ohiko torturak barne?... Hori bai! Era berean zigortuak zergak ordaindu barik geratzea da normalena.

Ez dakit zenbat aldiz sinatu beharko dudan nire bizitzan; nuklearrak, euskara, lurraldetasuna, amnistia, txirotasuna, langileen zapalketa, emakumeak, sexualitatea, giza eskubideak, gerra, hiesa, abortua, drogen legalizazioa, eliza, Iparraldea, torturak, «Egin», 18/98, «Egunkaria», askatasun adierazpena, kurduak, indioak, etxebizitzak, monarkia, burujabetasuna... asko izan dira aurkitu ditudan aitzakiak nire iritzia agertzeko.

Eta neure ideiak aldarrikatzeko eskubidea daukadanez saiatuko naiz bizi dugun gezurra salatzen; negozioaren sisteman gaudelarik, horren aurka agertzen garen guztiok galduak dauzkagu giza eskubideak, jipoituak izateko arriskuan gaude edo indarrez isilduak izango gara, hor dago gakoa. Sinatzen ez dutenak, geu zapaltzen saiatzen direnak eta hartutako neurri bereziak manten- tzen dituztenak etsai bihurtu zaizkigu, eta ez dira gutxi, baina horrek ez die arrazoia ematen.

Ez dakit zeintzuk izango diren sinatzaileen aurkako hurrengo neurri bereziak, hala ere, jarraitu beharko dugu lanean eta sinatzen honegatik edo besteagatik, azkenean geure eskubideen alde eta euren gezur handia desagertzeko. Baina bitxia bada ere, sinatzaileak aldarrikatutako gaietan aurkitu beharko duten errespetua, besteentzako ere izango dela, bestela ez da ezer lortuko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo