Nekane Erauskin Ezker Abertzalea Legebiltzar Taldearen bozeramailea
Ibarretxe edo ihesaren artea
Ziur dakigu bizi dugun gatazka politikoaren korapiloa askatuko duen oinarrietako bat euskal herritarren hitza eta erabakiaren onarpena dela
Azken asteburu honetan, Ibarretxe jaunak hainbat komunikabidetan egin- dako adierazpenak arreta handiarekin irakurri eta entzun izan ditugu. Zeren eta Legebiltzarrean egiten ez duena gero komunikabideen aurrean adieraztea asko gustatzen zaio Ibarretxeri.
Harrigarria bada ere, ez da ohizkoa horrela gertatzea Gasteizko Legebiltzarrean. PPren galdera edo interpelazioei oso gustora erantzuten die, beraiekin talka nahi duelako. Baina Ezker Abertzaleko Taldearen galderei, Ibarretxe jaunak ihes egiten die eta berari zuzendutako galdera batzuk, jada, erantzunik gabe geratu dira.
Ibarretxe jaunak behin baino gehiagotan esan du berak Gobernuaren kontrola eta erantzunak Legebiltzarrean eman behar dituela, eta ez epailearen aurrean, baina garbi esan behar da, Legebiltzarrean gure galderei ez diela erantzunik ematen.
Esaterako, otsailaren 24an Bilbon Ertzaintzak herritarren aurka egindako bortxazko ekintzak direla eta eskatutako argipenak, edo Abiadura Handiko Trenaren inguruko herri kontsultei buruz egindako galderak. Bi kasuetan Ibarretxe jaunak ihes egin zigun legebiltzarretik, eta hori herriaren hitzaren balioa behin eta berriz azpimarratzen duen politikari baten aldetik, kontraesankorra izateaz gain, ardura eza adierazten duela iruditzen zaigu. Are gehiago, bere hitzen zintzotasunaren inguruko zalantza handiak sortzen zaizkigu, eta, beraz, zuzenean ezin dugunez, hausnarketa hauek prentsaren bidez helarazi nahi dizkiogu Ibarretxe jaunari.
Ibarretxe jauna, joan den otsailaren 24an Bilbon gertatutakoaren inguruan, oraindik ere, ez dugu zure balorazioa entzun. Beste batzuena bai, baina Ertzaintzaren arduradun nagusia zaren heinean, jakin nahi dugu ea benetan bat egiten duzun Ertzaintzaren bortizkeriarekin, ea herritarren hitza ahalbidetzea eta herritarrek dituzten biltzeko eta adierazteko oinarrizko eskubidea errespetatzea ere den zure egin beharra.
Jakin nahi dugu ea onargarria iruditzen zaizun bizi dugun une politikoan zuen gobernuaren aportazioa Bilboko erietxeetan utzitako hamarkada zauritu izatea. Beste batzuei urrats berriak etengabe eskatzen ari zaien aldi berean, urrats gutxi edo bat ere ez ikusten ditugu zure aldetik, eta zuk zuzentzen duzun gobernuaren aldetik. Nola uler daiteke Ezker Abertzalearekin biltzen zarela eta bildu behar duzula esan, eta gero biltzen zaren horiei Bilboko kaleetan jipoitzea?
Legegintzaldi honetan zuen gobernuak Estatutu Berrirako Proposamenaren inguruko herri galdeketa bideratuko duela erkidego autonomoan diozu. Gogoratu nahi dugu azken hilabete hauetan beste herri galdeketak egin direla jada. Urbinan, Itsasondon, Alegin, herritarrak mintzatu dira Abiadura Handiko Trenaren aurka, baina, hala ere, inposaketaren bidea mantentzea erabaki duzue. Beste herri batzuetan galdeketak ere bidean dira, mobilizazio soziala handitzen ari da eta gizarte eragile asko dira proiektu honen aurka azaldu direnak. Zuen gobernuak itsu-mutu eta gor jarraitzen du herritarren iritziaren aurrean. Honi buruz, gure taldeak Legebiltzarrean zuri zuzendutako interpelazioari ere ihes egin zenion.
Puntu batean bai ados gaudela Ibarretxe jaunarekin: gure esperantza ere herriaren hitzan datza. Ziur da- kigu bizi dugun gatazka politikoaren korapiloa askatuko duen oinarrietako bat euskal herritarren hitza eta erabakiaren onarpena dela. Hori bai, Ibarretxe jaunak hiru herrialde hartzen ditu aintzat, Nafarroari buruz ezer esan gabe. Zentzu honetan, jakin nahi dugu zer paper jokatzen duen Nafarroak Ibarretxeren Bake eta Normalizazio proiektuan.
Eta bukatzeko, jakin nahi dugu ea zein den Ibarretxeren apustua, ea bere asmo bakarra den herriari galdetzea bere planari buruz, edo nahiago duen herriari galdetzea denon artean adostutako akordio politiko bati buruz, ezker abertzaleak egiten duen bezala.
Dena den, esperientziak esaten digu herri galdeketari buruz Ibarretxe jaunak azken egunotan adierazitakoa EAJ-PNVk soilik kanpaina elektoraletan botatzen duen mezu hutsala dela. Ibarretxe jaunak 2005eko hauteskundeetan proposamen hori bere gobernu egitasmoko ardatz gisa aurkeztu zuen, baina non utzi du egitasmo hau «prozesua» martxan jarri denetik?
Tamalez, maiatzaren 28an bai Ibarretxe jaunak eta bai PNVk bere hitzak jan egingo dituzte berriro ere inongo lotsarik gabe.