GARA > Idatzia > Kultura

«Egungo euskal eleberriaren historia» argitaratu du EHUk

Jon Kortazar UPV/EHUko katedradun eta idazlearen zuzendaritzapean, ikertzaile talde batek 1975-2000 aldiko euskal eleberriak aztertu ditu liburu batean. Argitalpen horren aurkezpena atzo izan zen, UPV/EHUk Bilbon duen Uniberts izeneko denda berrian.

K. ALMAGIA | BILBO

«Egungo euskal eleberriaren historia» liburua kaleratuta, EHUk argitalpen sail bat hasi du. Bilduma horretan oraingo eta lehengo euskal literatura aztertuko dute, atzoko prentsaurrekoan unibertsitateko ordezkariek jakinarazi zutenez. Hala, poesiari buruzko liburukia prest egongo da hurrengo Durangoko Azokarako, eta ondoren etorriko dira ipuingintza, saiakera eta antzerkiaren historia aztertuko dituztenak. «Egungo euskal eleberriaren historia» ikerketa talde baten fruitua da. Talde horren zuzendaria Jon Kortazar irakaslea da. Iratxe Retolaza izan da liburuaren arduraduna. Talde horretan, hainbat kritikarik, irakaslek, idazlek eta kazetarik ere lan egin dute. Ikertzaile talde horrek eginda zeuzkan beste lan batzuk euskal literaturari buruz, baina beti Euskal Herritik kanpo argitaratu ditu.

Liburu berri horrek 1975-2000 aldiko euskal eleberria aztertzen du. Garaiko nobelaren ikusmoldea ematen du sarrera luze batean. Ikuspegi orokor horren ondoren, 20 eleberri aztertzen dituzte ikertzaileek.

«Liburu honek baditu alderdi berri batzuk -esan zuen Iratxe Retolaza kritikari eta irakasleak-. Bata da gaur egun euskal nobelaz hitz egiten dugunean ikuspegi berria daukagula. 80ko hamarkadan euskal eleberrigintzak ez zuen gaur egungo prestigioa. Beraz, egungo talaiatik begiratu diogu guk, eta irakurbide berriak proposatu. Eta, bestetik, orain arte monografikoak edo kritika laburrak egin izan dira. Guk erdibidekoa hartu dugu». Anjel Lertxundiren «Hamaseigarrenean aidanez» (1983) da aztertu duten lehenengo liburua, eta Lourdes Oñederraren «Eta emakumeari sugeak esan zion» (1999) azkena. «Gutariko bakoitzak egin du nobela baten irakurketa. Eta irakurketa modu anitz daudela erakusten du liburu honek», azaldu du liburu horren arduradunak.

SAIL BERRIA

Liburu hau argitaratuta, euskal literatura aztertzen duen sail bat hasten da. Hurrengoa poesiari buruzkoa izango da, eta ondoren beste generoak aztertzen dituztenak etorriko dira.

AZTERKETAK

XX. mendeko hamar eleberri aztertu dituzte, Anjel Lertxundiren «Hamaseigarrenean aidanez» lanetik hasita Lourdes Oñederraren «Eta emakumeari sugeak esan zion» obrara arte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo