GARA > Idatzia > Kultura

Irakurzaletasuna sustatzeko kanpaina abiatu du Topaguneak

Irakurzaletasuna sustatzea helburu, «Irakurri, gozatu eta oparitu" kanpaina aurkeztu zuen atzo Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak. Astelehenean abiatuko da, Liburuaren Nazioarteko Egunean, alegia.

GARA | BILBO

«Irakurri, gozatu eta oparitu» kanpaina Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako hamalau herritan egingo du Topaguneak, tokian tokiko euskara elkarteen, udal liburutegien eta liburu denden elkarlanari esker.

Kanpainaren mekanismoa honakoa da: parte hartzen duten liburutegietan, euskarazko ehun liburu egongo dira aukeran, kanpainarako beren-beregi jarritako apalategi batean. Liburu horietatik 90 berdinak izango dira herri guztietan; eta beste 10, aldiz, herrian bertan aukeratutakoak. 90eko multzoaren aukeraketa Patxi Zubizarretak egin du, hainbat irizpideren arabera (adin-tarte guz- tientzako liburuak, genero ezberdinak, nobedadeak eta klasikoak...). Apal ondoan, ordenagailu batek aukera emango du kanpainaren webgunean sartu (www.topagunea.org/irakurri) eta liburu guztiei buruzko informazioa jasotzeko. Kanpainan parte hartu nahi dutenek 100 liburu horietatik edozein aukeratu, maileguan hartu eta irakurtzeko aukera izango dute. Li- burua itzultzerakoan, berriz, liburuari buruzko iritzia jasotzeko fitxa bat bete beharko du. Fitxa betetakoan, irakurleak deskontu txartela jasoko du liburua besteren bati oparitzeko. Txartel horrekin, irakurri berri duen liburua %25eko deskontuarekin erosi ahal izango du kanpainan parte hartzen duten liburu dendetan (euskara elkarteetako kideek are deskontu handiagoa izango dute). Erosleak lagunaren helbidea eta postala edo oharra utziko du dendan bertan, eta euskara elkarteek helaraziko diote lagunari.

Topaguneko arduradunek atzo adierazi zutenez, kanpainaren helburu nagusia irakurzaletasuna bultzatzea da. Batez ere euskaraz irakurtzearen alde atsegina nabarmendu nahi dute: euskararen erabilera gozagarria sustatu nahi dute, irakurtzeak eta oparitzeak (eta opa- riak jasotzeak) dakarten gozamenaren bidez. Bide batez, bestelako helburuak ere lortu nahi dituzte, hala nola euskara elkarteetako bazkideak liburutegien erabiltzaile aktibo bihurtzea, eragile publiko eta pribatuen arteko elkarlana sustatzea edota euskal liburuen salmenta bultzatzea.

Topaguneak «Irakurri, gozatu eta oparitu» kanpaina aurten lehen aldiz egingo badu ere, azken urteotan antzeko ekimenak egin dituzte beren kabuz Azkoitiko Maxixatzen, Ordiziako Hitzaro eta Basauriko Euskarabila elkarteek. Izan ere, ekimen horien arrakasta ikusita animatu da Topagunea kanpaina era bateratuan antolatzera. Guztira, 13 elkartek hartuko dute parte, zehatz-mehatz, Bai Esan (Santurtzi), Berbots (Erandio), Asapala (Mahatserria-Bilbo), Ganoraz (Igorre), Berbaro (Durango), Euskal Birusa (Ermua), Maxixatzen (Azkoitia), Noaua (Usurbil), Goibeko (Elgeta), Jardun (Bergara), Zintzo Mintzo (Urretxu-Zumarraga), Bierrik-Kima (Altsasu) eta Aizpea-Pikuxar (Irurtzun).

Kanpaina astelehenean hasi, Liburuaren Egunean, eta ekainaren 23an bukatuko da, San Joan bezperan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo