GARA > Idatzia > Kultura

Munduari itzulia han-hemengo haurren bizimodua ezagutzeko

Kristina MARTIN | DONOSTIA

Irudimeraren bidez eta Antton Irustak kaleratu berri duen liburuari esker, mundua ezagutu ahal izango dute Euskal Herriko haurrek. «Munduari itzulia 18 ipuinetan» munduko bazter guztietako hamazortzi haurren istorioak kontatzen ditu.

Liburuak «hemengo umeek beste tokietako haurren bizipenak eta ohiturak ezagutzeko aukera» ematen duela nabarmendu zuen idazleak. Txina, Errusia, Australia, India, Txina, Kanada, Alaska edota Amazoniako neska-mutilek bere bizimodua azaltzen dute ipuin banatan. Euskal Herriko haur baten istorioa ere badago: Josebarena, hain zuzen.

Haur bakoitzak bere moduan eta bere ingurunean, «denek herri ipuinak bizi dituzte, zoriontsuak dira elkarri istorioak kontatzen eta maitatuak sentitzen dira», adierazi zuen Irustak. Nolanahi ere, ipuin horien bidez Euskal Herriko neska-mutilak ohartuko dira munduko leku guztietako haurrek ez dituztela berton adina erosotasun eta azpiegiturarik, eskolak, esaterako.

Irustaren hamazortzi ipuinak marrazki banarekin osatu ditu Enrique Morente ilustratzaileak. Biek elkarrekin lan egin ohi dute eta «Munduari itzulia 18 ipuinetan» elkarlan horren fruiturik berriena da.

Antton Irusta (Usansolo, Bizkaia, 1963) Euskal Filologian lizentziatua da eta haurrentzako ipuinak eta istorioak idazten ditu, hala nola, «Kontalaria», «Han hemengo ipuinak», «Txistu eta danbolin». Morente (Galdakao, Bizkaia), berriz, Arte Ederretan lizentziatua da eta liburuak ilustratzen edota marrazki bizidunak sortzen ditu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo