Oiartzungo Girizia elkarteak 25. urteurrena ospatuko du
GARA |
Girizia kultur, jolas eta kirol elkarteak egun handia izango du biharkoa, XXV. urteurrena ospatuko baitu. Denbora horretan guztian Oiartzungo elkarte horrek askotariko ekintzak antolatu ditu, besteren artean, bertsolaritza, euskal pilota, mendia, sokatira, bizikleta eta gastronomia arloetan.
Elkarteko ordezkariak gustura agertu dira sortu zenez geroztik egindako lanarekin, «oparoa izan delako oso». Hala eta guztiz ere, ospakizunetan ere ez dituzte ahantzi nahi izan elkarteak bidean aurkitutako oztopoak. «Ezker abertzaleko gizon eta emakumeek osatutako elkartea izateagatik, betiko etsaien aldetik jaso ditu erasoak eta orain ere jasotzen ari da», zehaztu dute, besteren artean, elkarteko kideetako bi 18/98+ sumarioan epaituak dituztela gogoraraztearekin batera. Hala eta guztiz ere, azken 25 urteetan egin bezala, aurrerantzean ere, herriaren alde arlo guztietan lan egiteko prest agertu dira, hori baita, euren ustez, oiartzuarrei egin diezaieketen ekarpenik onena.
Askotariko egitaraua
Egun handia ospatze aldera, biharko egitarau oparoa prestatua du elkarteak. Besteren artean, martxa zikloturista, mendi irteera, pilota partida bertsolariekin batera eta sokatira saioa antolatu dituzte. Era berean, argazki erakusketa bat izango da herriko plazan eta luntxa egingo dute eguerdian.
Azkenik, ospakizuna biribiltzeko herri bazkaria antolatu dute Girizia elkartean 14.00etan.