GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

EUSKALDUNAK MUNDUKO MUSHING TXAPELKETAN

Euskadi dogs team, nazioarteko esperientzia

Orain hilabete eta erdi, Iker Ozkoidik eta Itoitz Armendaritzek osatzen duten Euskadi Dogs Team taldeak Munduko Mushing Txapelketetan parte hartu zuen. Kilometro asko eta pasadizo gehiagoren ostean, Euskal Herrian dira berriz, eta euren esperientzia GARAri kontatu diote.

Asier AIESTARAN

Ez da inoiz erraza izaten, «futbolpasioaren» herrialde honetan, horren ezaguna ez den kirol bat praktikatzea. Are gehiago, kirol hori aurrera eramateko punta-puntako dozena bat zakur behar badira, hamar bat kilo bakarrik pisatzen duen lera erostera Alemania aldera joan behar bada -1.300 bat euro, alajaina- eta, aldaketa klimatikoak besterik dioen bitartean, entrenatzeko beharrezkoa den elurra urtean pare bat aldiz bakarrik iristen bada etxe inguruko mendi tontorretara. Mushing-az ari gara; zakurrek tiratako lera lasterketaz, alegia. Bada, Iker Ozkoidi nafarrak eta Itoitz Armendaritz gipuzkoarrak kirol horretako Europako eta Munduko Txapelketetan parte hartu zuten joan den martxoan Norvegian eta Suedian; emaitza bikainak lortu dituzte, gainera. Esango dute berriz ere euskaldunok burugogorrak garela!

Emaitzarik aipagarriena Ozkoidik eskuratu zuen Norvegia iparraldean jokatutako Europako Txapelketan. Zortzi zakurreko mailan, iruindarrak zilarrezko domina irabazi zuen 16 kilometroko proba bigarren postuan amaituta. Pirenan txapeldunorde bi aldiz izan den nafarrari Hege Ingebrigsten norvegiarrak bakarrik hartu zion aurrea. Nabarmentzekoa, izenak gauza handirik esaten ez digun arren, irabazlea emakumezkoa izan zela goiko argazkian ikus daitekeen moduan. Sexu bereizketarik eza, beraz, kirol hau erakargarri egiten duen beste elementu bat. Armendaritzen lana ere benetan nabarmentzekoa: bere lehen Europako Txapelketan zortzigarren postua lortu zuen sei zakurreko eta 13 kilometroko lasterketan.

«Gehienbat Europako Txapelketa nabarmenduko nuke. Mundukoan, egia esanda, nahiko errepaso eman ziguten, sekulako maila zegoelako. Eta ahaztu ezin den beste kontu bat elur falta da, negu eskasa izan dugulako. Ezin izan gara nahi beste entrenatu. Guk 10 gradutik beherako tenperaturak behar ditugu txakurrekin entrenatzeko eta horrelako oso gutxi izan dugu urritik hona. Gure entrenamendu bakarra txapelketen aurretik Norvegian eman genituen hiru asteetakoa izan da. Hori dena kontuan izanda, emaitzekin pozik geratu gara», nabarmendu du Itoitz Armendaritz gipuzkoarrak.

Kontuan izan behar da, gainera, Armendaritzek esperientzia txikia duela mota horretako probetan. «Nik orain arte nazioarteko lasterketa bakarra ezagutzen nuen: Pirena. Nazioartekoa da baina Pirinioetan korritzen da. Beraz, Pirinioetatik kanpora lasterketa batean parte hartzen nuen lehen aldia izan da. Hori kontuan hartuta, Europako Txapelketan zortzigarren egitea oso ongi dago. Batez ere, lehen aipatu ditudan baldintzapen guztiengatik», azaldu du.

Atlantikoaren bi aldeak

Suedia iparraldeko Gafsele herrian jokatutako Munduko Txapelketak oso bestelakoak izan ziren. Iker Ozkoidi hamargarren postuan sailkatu zen bere mailan, eta ezin izan zuen hobetu bere lehen parte-hartzean lortutako zortzigarren postua. Irabazlea, berriz ere, Ingebrigsten norvegiarra izan zen. Armendaritz, berriz, 25. sailkatu zen sei zakurreko mailan. «Munduko Txapelketan sekulako maila aurkitu genuen. Kontuan hartu behar da parte-hartzaile batzuk hiru edo lau hilabete lehenago joan zirela ongi prestatzeko. Guk hiru aste bakarrik izan genituen. Eta zakurren genetika ere ezin da ahaztu. Aipatu ditudan lehiakide horiek sekulako zakurrak dituzte. Guk ere zakur onak ditugu, baina haien aldean hasiberri batzuk gara. Beraiek horretara dedikatzen dira eta guretzat hobby bat besterik ez da», aitortu digu Armendaritzek.

Baina baldintzapen ekonomikoak ez dituzte euskaldunek soilik pairatzen. Itoitzek dioenez, Europa eta Amerika oso lurralde urrunak dira mushing-ari dagokionez. «Munduko Txapelketa bi urtetik behin egiten da, proba Europa eta Amerika artean txandakatuz. Ez da Munduko Txapelketa erabat fidagarria, oso ohikoa baita lehiaketa Europan egiten denean amerikar gehienak ez etortzea, eta Amerikan egiten denean europarrik ia ez joatea. Aurten, adibidez, amerikar bakarra etorri da eta skijoring mailan hartu zuen parte -iraupen eskia zakurrak lagunduta-. Baina talde handirik, 10-12-15 zakurreko talderik, ez da etorri. Pentsa dezakezun moduan, zakur horiek denak hegazkinez alde batetik bestera mugitzeak sekulako kostua du. Hemendik bi urtera justu kontrakoa pasako da; hemengo ia inor ez da joango Amerikara. Hori bai, jende asko dago Munduko Txapelketan bakarrik parte hartzen duena, Europakoa alde batera utzita. Horregatik, Munduko Txapelketan askoz jende gehiago zegoen Europakoan baino», argitu digu Armendaritzek.

Elurra eta paisaia

Itoitz Armendaritzi oraindik ere ahotsa aldatzen zaio Norvegiako eta Suediako esperientziaz galdetuta. Dioskunez, hango elurrak ez du parerik munduan, baina beraiek ez daude kondizio horietara ohituta. «Hango elurra ez da hemengoa bezalakoa. Pirinioetan elur astunarekin entrenatzen ohituta gaude; eta han, aldiz, 15-20 gradu zero azpitik ibili garenez, elurra askoz hobea da, perfektua. Elur dena geratu egiten da, zapaldutakoan ez da urtzen... Kontuan izan behar da gure txakurrak korrika egiten soilik baino, indarra egitera ohituago daudela, elurrak hala eskatzen duelako. Hango etapak ia izotzetan egiten dira. Elurra da, baina hain kalitate onekoa ezen ia izotza ematen duen. Han garrantzitsuena abiadura mantentzea da, behin hartutakoan, hari eustea. Gainera, Pirinioetan dena aldapa da, etengabe gora eta behera. Pirenan, adibidez, beste faktore batzuk sartzen dira jokoan: indarra egitea, indar hori dosifikatzea gorabeheretan... Han, berriz, ibilbidea lau-laua zen. Zortzi zakurreko lasterketan, Ikerren proban, 18 kilometroko ibilbidea izan zuten, eta nirean, sei zakurrekoan, 13 kilometrokoa. Bada, ibilbide horiek, orotara, 200 metroko desnibela bakarrik zuten. Guretzat oso ezberdina», esan du musher gipuzkoarrak.

Orokorrean, elurra gustuko duen edozeinek gozatuko luke Europa iparraldeko txoko hotz horietan, eta elurretako kirolak maite dituztenek, zer esanik ez. «Zakurrak gustatzen zaizkion edonorentzat, mushing-a gustoko duen edonorentzat, Norvegia eta Suedia leku perfektuak dira. Heltzen da puntu bat non dena elurra den. Pirinioetara joandakoan, herrian, geure buruari ea goian elurra egongo den ala ez galdetzen ibiltzen gara. Leku batzuetan lur gainean ibili behar izaten da elurrik ez dagoelako, edota eremu jakin batera mugatu behar da entrenatzeko. Herrialde horietan heltzen da puntu bat non elurrak dena estaltzen duen, errepidean ere 15-20 zentimetro daude eta autoak ere elur gainean ibiltzen dira. Errekak izoztuta, lakuak ere bai... Entrenamenduak 2-3 kilometro izoztutako laku baten gainean egiten genituen. Guretzat txundigarria da», deskribatu du Armendaritzek.

Azkenik, laguntza gehiago eskatu die Itoitzek euskal erakundeei. «Oraintxe bertan errepikatuko nuke esperientzia; batez ere, Europako Txapelketa, urtero egiten delako. Baina ez dakit posible izango den. Instituzioei deialdi bat egin nahiko nieke. Orain arte ez digute askorik lagundu eta, azken batean, euskal kirolariak gara nazioarteko lehiaketa batean. Gainera, lortu ditugun emaitzak lortuta», gogorarazi du.

BIDAIA GOGORRA: URTE OSOKO LANA

PRESTAKETAK

Taldeak aspaldi ekin zion bidaia prestatzeari. Besteren artean, espedizioaren elastikoak atera zituzten, eta horrekin aurrekontuaren erdia-edo bete dute.

AURREKONTUA

Bidaia 7.000 bat euro kostako zela kalkulatzen dute gutxi gorabehera. Lortutako laguntzei esker, azkenean 1.000 euro jarri behar izan dituzte poltsikotik.

BABESLEAK

Bihotz-bihotzez eskertu nahi dute lau babesle nagusiek emandako laguntza. Transportes Azkar, Ternua, Ferrofrio eta Autocaravanas Irun, hain zuzen ere.

BIDAIA

Zakurrak eramateko atoi berezi bat gehitu behar izan zioten autokarabanari. 48 ordutik gora behar izan zituzten Norvegia iparraldera iristeko.

BITXIKERIAK

Bertakoek Euskal Herriaz ezer gutxi dakitela aipatzen dute. Azkenean, Ipar Irlandaz hitz egiten omen zuten jendeak ideia bat egin zezan gure egoerari buruz.

AURRERA BEGIRA

Datorren urtean berriz ere Europako Txapelketan parte hartzea gustatuko litzaieke, baina horretarako erakundeen laguntzaren beharra nabarmendu dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo