GARA > Idatzia > Txokotik

Mikel Aramendi Kazetaria

Leku gutxi dago zeruetan

Eskandalagarria izango litzateke, eskandalua sentitzeko gaitasuna galdua ez bagenu. Edota, geure barne-erreakzioak euren komenentziara piz/itzalarazi ditzaketen hedabidetzarren hain menpekoak ez bagina. Baina joan den asteazkenean Bagdadeko Sadriah, Karrada, Xuria eta Sadr Hirian jazotako atentatu izugarrien ondoren ere astearteko Virginiako hilketak guztiz nagusi izaten jarraitzen zuela «gure» hedabideetan ikusi ondoren, argiegi dago: «geure» zilborrari so bizi gara, eta halaxe zenduko gara.

Ez da batere harrigarria, beraz, Irakeko gerrak erbesteratu dituenen arazoa aztertzeko ACNURek bi egun horietan Genevan antolaturiko goi-bilkurak gure artean hutsaren hurrengo oihartzuna izana. Bileraren izatea bera ere ez zen albiste baikorregia. Urtearen hasieratik zebilen Guterres Goi Komisarioa hara eta hona 60 milioi dolarreko dirutza (?) bilbatu nahian, Irakeko errefuxiatuen premia larrienei aurre egiteko. Limosna zakutxoa pasatzeko deitu zuen Genevako bilkura. Ikusiko dugu zenbat jasotzen duen.

Errukia, edo dena delakoa, eragiteko Guterresek erabili dituen datuak ere aski ezagunak ziren aldez aurretik: Irakeko inbasio-okupazio-gerrak lau bat milioi biztanle erbesterarazi ditu. Erdiak, Irak barnean leudeke une honetan, sorterriak utzita. Gainerakoak, Siriara (milioia pasa), Jordaniara (700.000 inguru), Egipto eta Libanora (100.000)... ihes eginda. Irakeko populazio osoaren bostenak utzi behar izan du, beraz, bere etxea lau urte hauetan. Azken 50 urteotako emergentzia humanitario latzena omen da Ekialde Hurbilean.

Genevako bilkura horri arreta apur bat eskaini diotenak benetan lotsarazi dituen datua, hala eta guztiz ere, beste bat izan da. Milioika iheslari horietatik... 466 baino ez dituzte onartu Estatu Batuek bere lurraldean errefuxiatutzat 2003az geroztik. Eta halatsu egin du triskantzaren beste sortzaile nagusiak ere, Erresuma Batuak: 160 irakiar onartu zituzten 2005ean; eskarien ehuneko sei. «The Financial Times» egunkari txit formalaren editorialgilea ere haserrarazteko moduko arduragabekeria da nonbait. Iraken eta ingurumarietan etorkizunean lagunak aurkitzea edukitzea zaila izango zaielako batzuei, seguruenik.

Baina horrela dira mundu honetako kontuak: infernuan ez bezala, leku gutxi dago zeruetan. Cho txoa bezalakoekin topo egitekotan, agian ez du gehiegi merezi hara joatea, gainera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo