GARA > Idatzia > Arrauna

ARRAUNA Asteburu bete-betea

Oriok bere nagusitasuna erakutsi du bateletan

Aulki mugikorrean, berriz, Hondarribiako ontziek irabazi dituzte Orioko Nazioarteko XIII. Estropadak jokoan jarri zituen bi titulu entzutetsuak

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Orioko batelek sekulako nagusitasuna erakutsi dute asteburu honetan Sestaon jokatu diren Euskadiko Txapelketetan. Orotara zazpi mailatan jarri dira dominak jokoan eta gipuzkoarrek urrezko bi domina eta zilarrezko beste hiru eskuratu dituzte. Herrialdeka, berriz, Bizkaiko ontziek lau urre irabazi dituzte eta gipuzkoarrek hiru.

Gizonezkoetan, senior mailan, Oriok (8.56.59) azken txanpan hartu zion aurre Zarautzi (8.58.27) estropada guztian pare-parean ibili eta gero. Lehen eta hirugarren ziabogetan denbora bera markatu zuten eta helmugako balizetan bi segundo eskas sartu zizkion Orioko batelak Zarauzkoari.

Emakumezkoetan, berriz, Ondarroak (10.18.80) aurrea hartu zien Tolosaldeari (10.22.20) eta Oriori (10.24.82). Hirugarren ziabogan bi segundoko aldea bakrrik eduki arren, ondarrutarrek ongi eutsi zioten aldeari azken txanpan.

Gazte mailan, Mundakak (giz.) eta Oriok (emak.) jantzi zituzten urrezko dominak. Gizonezkoen proban, bizkaitarrek (9.20.53) hiru segundu bakarrik sartu zizkioten Orioko ontziari nahiz eta beti aurretik ibili. Emakumezkoetan, Oriok (10.20.96) bost segunduko errenta atera zion Zumaiari eta ia minutu erdikoa Elantxoberi.

Beheko mailetan, azkenik, Santurtzi (6.49.63) izan genuen kadete mutiletan irabazle; Arkote (4.46.06) haur-mailan mutiletan; eta Zumaia (4.49.40) emakumezkoen etorkizuneko mai- lan. Lehen bi sailkatuek Espainiako Txapelketarako txartela eskuratu dute, baina Zarautzek senior mutiletan, esaterako, uko egin dio bertan parte hartzeari.

Maila bakoitzean, Federazio Saria ere jokatu zen eta hauek izan ziren irabazleak: Itxaspe, Zierbena, Zumaia (bi mailatan), Arkote eta Tolosaldea.

Ikuskizuna Oria ibaian

Aulki mugikorrari dagokionez, Hondarribia garaile irten zen Orioko Nazioarteko Estropadan, bai gizonezkoetan eta bai emakumezkoetan ere. Zortzikoetan (mutilak) sekulako lehia izan zuten hondarribiarrek Oriorekin final nagusian eta 92 ehunenekogatik bakarrik jantzi zuten txapela. Molesey ontzi ingelesa hirugarren izan zen bost segundura eta Amposta kataluniarra laugarren, zazpira. Santurtzi bederatzigarren sailkatu zen

Laukoetan (neskak), Hondarribiak bost segundu sartu zizkion Labradoresi, bederatzi Mediterraneori eta hamar Moleseyri. Santurtzi bostgarrena izan zen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo