GARA > Idatzia > Athletic

ATHLETIC Sevillako porrotaren biharamuna

Aitzakiarik ez, baina gogoetarako arrazoiak bai

Sevillaren nagusitasuna onartu arren, zuri-gorriek autokritika ere egin zuten Lezaman

BILBO

Garaipen guztiak zailak badira, are gehiago hainbat taldeen aurka. Adibidez, gaur egun Ligan bigarren postuan eta UEFAko eta Kopako finalerdietan dagoen talde baten aurka.

Sevilla Europako talde indartsuenen artean daukagu eta, horregatik, Athletic menderatzeak ez du inor harritzen. Ez eta zuri-gorriak ere. Helburua Sanchez Pizjuanen beherapen postuetatik gehiago urruntzeko garaipen baliogarria eskuratzea zuten, baina arerioak sailkapenak erakusten duen desberdintasuna argi eta garbi utzi zuen eta, beraz, aitzakirik ez dago.

Hausnarketarako arrazoiak bai, ordea. Etsaia nagusia izatea gauza bat da eta nagusitasun horri oztoporik ez egitea, bestea. Izan ere, talde baten kalitateak edota sendotasunak ezin dute bere sistema defentsiboa indartu duen arerio bati lau gol sartzea guztiz azaldu. Golak jaso dituen etsai horrek ere, nolabaiteko errua izango du.

Athleticen kasuan, egoera latzei aurre egiteko ezintasuna. «Lehen zatian ahalegin handia egin genuen eta partidari eutsi genion. Baina lehen gola sartu zigutenean partida amaitu zen», onartu zuen atzo Josu Sarriegik. Bere ustetan, gainera, ez da Athleticek partida galdutzat bizkorregi ematen omen duen lehen aldia. «Lehenengo gola sartzen digutenean izaten dugun jarrera aldatu behar dugu -aldarrikatu zuen-. Behera egiten dugu nabarmen halakoetan».

Dani Aranzubiak bat egin zuen bere taldekidearekin, Athleticek horrelako egoeretan behea jotzen duela onartu baitzuen. «Gol bat edo bi jaso arren, gauzak egiteko aukera daukazu oraindik. Baina Sevillan ere, bigarren gola jaso genuenean, partida galdutzat eman genuen eta momentu hori arte ondo egiten ari ginena ahaztu egiten dugu eta jokoa goitik behera aldatzen dugu».

Errekzionatzeko zailtasun propioa ez da zuri-gorrien hasnaurketa bakarra. Epaileen zereginak esamesa ugari sortu du azken aldi honetan, besteren artean, Athleticek jasotzen dituen mesede hipotetikoei buruzkoak eta zuri-gorriak naskatuta daude jadanik, batez ere esamesa horiek alderantzizko ondorioak erakarri ditzaketelako. Igandean Manek lehertu zuen eta bere jokalariek berarekin bat egin zuten atzokoan.

«Guri garaipenak oparitu egiten dizkigutela dirudi -esan zuen Sarriegik-. Sasoi guztiko partidak ikusi eta balantzea egin beharko litzatekeela uste dut». «Misterrak esan zuena ondo dago -gehitu zuen Aranzubiak-, hainbat taldek teoria hori bereganatu duelako, gezurra izan arren. Epaiketa guztiak ikusten ditugu eta berdinak dira».

Aranzubia, baikor

Atezainak, bestetik, nahiko «sentsazio onak» zituela esan zuen, Sevillan lesionatu ondoren atzo entrenatu ezin izan zuen arren. Aranzubiak kolpe bat dauka eskuin kuadrizepsean eta bera baikor agertu arren, momentuz zalantzan dago Real Madrilen aurkako partidarako.

Gauza bera gertatzen da Unai Expositorekin. Defentsak kolpea jaso zuen ezker izterrean eta, guneak handiturik zegoenez eta mina sentitzen zuenez, atzo ezin izan zuen lan saioan parte hartu. Bihar medikuek berriro aztertuko dute.

Gainerako mindutei dagokienez, berririk onena Javi Martinezek eskaini zuen. Nafarrak ezin izan ditu azken partidak jokatu eskuin orkatilako zartadura baten ondorioz, baina atzo lan saioan parte hartu zuen, baita titularrak ez izandakoek jokatutako partidatxoan ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo