Euskal Herria Zuzenean jaialdian gazteak liluratzeko programazioa
Antolatzaile taldean txanda hartu duten gazteek gazteentzako programazio erakargarria antolatu dute Euskal Herria Zuzenean jaialdiaren hamabigarren edizio honetarako. 30 kontzertu izanen dira Idauze Mendin datorren ekainaren 29tik uztailaren 1era bitarte.
Idoia ERASO | BAIONA
«Gazteek egina gazteentzat», esan zuen antolatzaileen taldeko Patxi Tikoipek EHZ jaialdiaren espiritua zehazteko. Aurten guztiz berrituta dagoen taldeak ikusleriaren pasibotasunaren kontra jaialdiak eskaintzen duen partehartze aktiboa nabarmendu zuen. Hogeita hamar kontzertu izanen dira ikusgai hiru egunetan, baina horrez gainera jaialdi partehartzaile honek bestelako ekimenak antolatzen ditu, bai informazio mailan, baita ingurumenaren defentsarako. Sustapen bat egingo du EHZak, hiru egunetako sarrera maiatzaren 1a eta 12a bitartean erosten dutenek 30 eurotan izanen dute.
EHZ jaialdiaren filosofiatik abiatuta sortutakoa da programazioa. Jaialdiarekin bat egiten duten hainbat talde leialen partehartzea izanen da, Fermin Muguruza, Mouss & Hakim, Les Ogres de Barback edo La Phaze, esaterako. Euskal Herritik zuzenean, Anestesia, Karidadeko Benta, Ekintza, Gozategi, Lendakaris muertos edo Lisabo izanen dira, besteak beste.
Nazioartean ezagunak diren hainbat talde ere izanen dira. Aipagarria da ska japoniarra egiten duen Tokyo Ska Paradise Orchestraren partehartzea. Gauaren bukaerarako berritasuna proposatuko du jaialdiak, DJak izango baitira gauari agurra emango diotenak.
Txapelduna kontzertuan
EHZak antolatu duen musika txapelketako irabazlearen izena maiatzaren 5ean ezagutaraziko da Biarritzeko Atabalean egingo den finalean. Txapeldunak jaialdian kontzertu bat eskaintzeko aukera izanen du.
Aldi berean animazioak izanen dira egunean zehar, Mixel Etxekopareren fanfarreak edo Space Mukaki bezalako taldeek eskainiko duten musikarekin eta antzezle edo joaldunek eskainiko dituzten ikusgarriekin.
Xiba elkarteak antolatzen duen udalerrien arteko herri kirolen Euskal Herriko txapelketaren finala jokatuko da Idauzen Mendin. Laugarren edizio honetan lehiaketa hasieran izango diren 60 herrietatik 24k hartuko dute parte finalean.
Dantzak ere izanen du bere txokoa Aintzindariak elkartearen parte hartzearekin. Zuberoako hogei bat dantza elkartek osatzen dute Aintzindariak. Aintzina-Pika ikusgarriarekin ezaguna egin den talde honek bi emanaldi berezi eskainiko ditu ekainaren 29an, gauean, eta uztailaren 1ean, eguerdian.
Elkarlan militantea
Ipar Euskal Herriko jaialdirik handiena den EHZ ingurukoekin konparatuta talde egitasmoaren izaerak du ezberdintzen. Militantismoak eta bolondresen lanari esker egiten da lan guztia. Horretarako 40 pertsonek egiten dute lan urte osoan zehar talde ezberdinetan. 80 bat pertsona inguru aritzen dira jaialdirako azpiegiturak eraikitzen eta kentzen. Ekimenaren kopuru adierazgarriena, hala ere, jaialdiak irauten duen hiru egunetan zehar lan egiten duten 800 laguntzaileak dira.
Laguntzaile izatea izan daiteke jaialdian aktiboki parte hartzeko era, baina bestela ere aurten kontsumoari buruz antolatu duten hitzaldian izanez ere egin daitekeela esan zuten antolatzaileek. Euskal Herrian eta kanpoan egiten diren borroka ezberdinei buruzko informazioa eskuratzeko aukera ere bada urtero bertaratzen diren 30 bat elkartetako ordezkariekin hitz eginez.
Aurtengo berrikuntzen artean oparitan banatuko den «bestalarien boltsa» aipatu behar da. Sarreran banatuko zaie bestalari eta laguntzaile guztiei eta bere barnean jai on eta ziurra gozatzeko beharrezkoak diren hainbat tresna daude.
Sexuan ziurtasuna izateko, neskentzako bi preserbatibo eta mutilentzako kondoi bat izanen dira poltsan. Bidean ere arazorik ez izateko, odoleko alkohol maila neurtzeko neurgailu bana izango du boltsa bakoitzak. Bai lo egiteko mementoan edo kontzertuetan belarriak babesteko belarrietarako tapoiak daude oparian.
Joan den urtean aukeran zegoen edalontzi gogorren erabilera, baina aurten derrigorrezkoa izanen da. Hau da, edariak hartzeko aldiro edalontzi bera erabili beharko da, zikina edo hautsia dagoenean antolatzaileek berri baten truke aldatuko dute. Lehenengo edalontzi hau opari emango dute «bestalariaren boltsan».
Edalontziekin lortu nahi den ingurumenaren babesa beste hainbat ekimenen bitartez ere gauzatuko da jaialdian, esaterako, joan den urtean lehenengo aldiz izan ziren komun idorrak ere izanen dira aurten, ura aurrezteko.
I.E.
EHZ jaialdiaren filosofiatik abaituta sortutakoa da programazioa. Jaialdiarekin bat egiten duten hainbat talderen partehartzea izanen da, Fermin Muguruza, Mouss & Hakim edo La Phaze, besteak beste.