GARA > Idatzia > Editoriala

Presoen eskubideak konpromiso eske

Etxerat-ek atzo aurkeztu zuen dekalogoak ez du eduki politikorik. Udal eta foru hauteskundeen atarian alderdi politikoetako hautagai guztiei zuzendua bada ere, ez die jarrera politikorik eskatzen. Aitzitik, euskal presoei dagokienez, alderdien jarrera politikoa bertan behera uzteko eskatzen die dekalogoak, estatuek aplikatzen dien espetxe tratamendua tresna politikoa baitute. Hori dela-eta, Etxerat-ek presoen defentsa bere egiteko konpromisoa eskatzen die hautagaiei. Eta konpromiso hori, eskubide guztien defentsa bezala, politikariei eskatu beharko litzaiekeen gutxienekoa da.

Dekalogoa irakurrita, bertan eskubideak baino ez dira biltzen, estatu espainolaren eta frantsesaren legeek berek aitortzen dituztenak, hala nola tratu txarrik ez jasatea; osasun, hizkuntz, hezkuntza, defentsa, komunikazio eta amatasun eta aitatasun eskubideak; zigorra betetakoan aske ateratzea edo Euskal Herrian bizitzeko eskubidea. Baina kartzela frantses eta espainoletako eguneroko errealitatea eskubide horien guztien urratzea da. Badira 13 euskal preso gaixotasun larriak dituztenak, eta aste honetan bertan jakinarazi dutenez, Bautista Barandaila presoaren gaixotasunak okerrera egin du, baina egoera horretan ezin besterik espero izan; hainbat presori legeen kontra, judisprudentziaren kontra, biziarteko kartzela-zigorra ezarri diete, eta dagoeneko 144ri legez dagokien baldintzapeko askatasuna ukatu diete.

Onartezina da zuzenbidezko estatu batek, bere legeak berak urratuz, babesgabeen daudenak zigortzea, zigor hori tresna politiko gisa erabiltzeko. Indarrean dagoen espetxe politikaren ondorioz bai presoen bai familiakoen artean hildakoak izan dira, jipoiak, gaixotasun larriak... inongo epaik ezarri ez zituen zigorrak. Eta, morala eta etika politikarekin nahasteko joera dagoen garaiotan, arreta ematen du etikaren defendatzaile nagusiak balira bezala agertzen direnek presoen kontrako mendekua erabiltzeak edo beren praktikarekin zuritzeak. Etxerat-ek alderdietako hautagaiei eskatu die presoen egoeraren gaineko jarrera ager dezaten, beren konpromisoa. Izan ere, euskal presoen egoeraren larriak benetako konpromisoa eskatzen du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo