GARA > Idatzia > Kultura

Orainaren betiko komunikazioa

Dorleta URRETABIZKAIA

Aktorea eta idazlea

Aktorea: ...Badatoz. Antzerkia: Nortzuk? Aktorea: Gu begiratzera datozen begiak. Gu entzutera datozen belarriak. Gu sentitzera datozen bihotzak... Euren zurrumurruak entzun ditzaket oihalaren atzetik, bidea egiten datozen ibiltari zalapartatsuak balira bezala. Zeuk ere entzun ditzakezu?

Antzerkia: Bai. Ametsen mundutik esnatuko nauten goizeko lehenengo soinu txikiak dira. Zurrumurru moduan sartzen zaizkit belarri lokartuetatik, ahotsa eta bihotza esnatzen dizkidaten arte. Badatoz ni esnatuko nauten bidaiariak. Zu prest al zaude?

Aktorea: Urduri nago.

Antzerkia: Zirrara moduko bat sentitzen al duzu sabelean? Eskuek eta oinek dardara egiten al dizute? Pixagalea sartu al zaizu?

Aktorea: Ez, beldur naiz. Hori bakarrik.

Antzerkia: Zeri diozu beldur?

Aktorea: Hanka sartzeari. Duina ez izateari. Berriro zirrara hau ez sentitzeari. Neure buruari. Nire bihotzaren taupada bortitzak entzuten ditut.

Publikoa: Hastera doa.

Antzerkia: Bai. Elkarrekin bidaia bat hastera goaz. Norabait. Auskalo nora. Maletak egin al dituzue? Bagoaz. Ahaztu egunerokoak. Eseri, arnastu, begiratu eta esnatu.

Aktorea: Ez dago atzera egiterik dagoeneko. Iritsi da momentua. Banoa...

Antzerkia: Zabal ezazu zure bihotza, zure ahotsa, zure gorputza eta komunikatu iezaiozu eserlekuan dagoen horri, zure bizitzarekiko zirrara, zure barneko sua. Zurea berea bilaka dadin. Berea zurea bilaka dadin. Entzun ezazu esaterik ez dagoena. Isiltasunaren hitzak. Presentziaren arnasa. Guztiek bat egiten duguneko bihotz taupadaren kantua.

Publikoa: Oihala zabaltzen hasi da. Musika sartzen hasi zait eguneroko belarrietatik. Mundu bat zabaltzen hasi da nire zentzuen aurrean, liburu baten lehenengo orria zabaltzen dudanean bezala. Geroz eta urrunago sentitzen ari naiz neure eguneroko ahotsetatik, izenetatik, sentimenduetatik. Nire mozorrotik.

Antzerkia: Ongi etorria izan zaitez zarena zarela uste duzun hori. Bidaia zirraragarri bat proposatu nahi dizut. Sartu gure trenean eta zu zarenera eramango zaitugu. Gu guztiok garenera. Gizakiaren benetako izatera.

Publikoa: Beldur naiz. Gero orain naizena izatera itzuliko al naiz?

Antzerkia: Ezetz espero dut. Bidaia hau transformatzailea izaten da. Zentzumenak zabaltzen badituzu, zure barneko zerbait aldatu egingo da.

Aktorea: Eta ni ere transformatu egingo al naiz?

Antzerkia: Zure bihotza zabaltzeko ausardia baduzu, zeu ere transformatu egingo zara. Hau antzerkia baita. Orainaren betiko komunikazioa. Zatoz gurekin.

Publikoa: Banoa...

Aktorea: Banoa...

Antzerkia: Bagoaz. Gertatzen hasi da berriz ere. Sekula errepikatzerik ez dagoen orainaren gertakizuna. Bagoaz...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo