GARA > Idatzia > Kultura

Maddi Oihenart zuberotarrak bakarkako lehen diskoa atera du

«Hari biru" du izenburua Maddi Oihenartek Elkar argitaletxearekin argitaratu duen diskoak. Juantxo Zeberiorekin batera egin lan horrek kantuak ditu gailentzen musikaren jantziaren laguntzarekin. Kantari zuberotarra ezagutzeko parada ematen du diskoak.

Idoia ERASO | BAIONA

Diskoaren doinuek Zuberoako eta Euskal Herriko magia biltzen dutela esan daiteke «Hari biru» lanaz. Maddi Oihenart kantari zuberotarrak Juantxo Zeberio gipuzkoarrarekin egin bidaiaren geldiunetzat jo zuten disko egileek.

«Sentimenduz eta maitasunez beteriko ahotsa eta mundua eskaintzen du Maddik disko honetan», adierazi zuen diskoaren nortasunaz Elkar argitaletxeko Angel Valdesek. Maddi Oihenartek bere ahotsari eta sentimenduei loturiko kantu berriak ezarri ditu disko horretan. Juantxo Zeberio diskoaren sorkuntzan kantariarekin lanean aritu den musikariaren esanetan, lan horretan Maddik esateko duena ikusten da.

Diskoa egiteko musikari eta olerkari garaikideen laguntza izan du kantariak. Itxaro Bordak Oihenarti eman poesiak izan dira kantu batzuen oinarri. Karlos Linazasoro idazle tolosarraren bi olerki ere badira. Irriari eta alaitasunari buruz Maialen Lujanbiok idatzi poema batek erakarri zuen kantariaren arreta, eta handik heldu dira «Irrifarrak» kantaren hitzak. Maddi Oihenartek berak zenbait kantaren hitzak idatzi ditu eta musika egin du.

Kantuan oinarritu lana da. Diskoan, Juantxo Zeberiok jotzen du pianoa, eta kantuaren gailentasuna nabarmendu zuen: «Musika kantuak janzteko egina dago, eta musikari guztiek musika jarri dugu hitzaren mesedetan». Angel Valdesek kantuaren eta musikaren erlazioaren arteko lotura eta bereziki Zeberioren lana ondoko hitzekin definitu zuen «Hari biru»n: «Musikaren laguntza sobrioa baina fina da, egokitua eta landua izan da kantua azalean jartzeko eta Maddiren ahotsa nabarmentzeko».

Aurreneko bakarkako lana

Beste musikari eta kantariekin kolaborazio ugari egin ondoren, bakarkako disko bat ateratzera ausartu da Maddi Oihenart. «Barne intuizioari jarraiki» egin disko horretan, kantari zuberotarra ezagutzeko aukera dago. Orain arte bereziki kantu tradizionalean oinarritu du ibilbidea Oihenartek, eta beste norabide bat hartu du orain, betiere egindako lanaren zati bat gordeta. Izan ere, produkzio berrien artean bi herri-kantu daude diskoan: «Argizagi ederra» eta herri-kantu bilakatu den Etxahun Topetek idatzi «Ürxapal bat» abestia.

Izan ere, garai batean berria eta beharbada modernoa izan zena denborarekin herriaren zati bilaka baitaiteke. Angel Valdesek argi adierazi zuen: «Mundua mistoa da, tradizioari lotua dago, baina artistak aurrera begiratzeko daude. Maddi etorkizuneko tradizioa sortzen ari dela esan daiteke».

Diskoaren izenburua giza ibilbidearen irudia dela azaldu zuen kantariak. «Hari biru» hari bat osatzen duten hari txiki eta finagoak dira. «Titulua irudi bat da; haria gure gizartearen zati txiki bat da, eta gu ibilaldi bat egiten ari gara hari handi horren barnean, elkarren arteko lanaren bitartez», azaldu zuen abeslariak. Maddi Oihenartek diskoaren izena eta hariaren sinbologia barrutik atera zitzaiola adierazi zuen: «Hemen gaude zati txiki honetan ahalik eta hobekien gure nortasuna erakusteko xedearekin».

Zuzenean

«Ez da estudioko grabazio bat; gero zuzenean aurkezteko pentsatua izan da», azaldu zuen Zeberiok «Hari biru» diskoan egin lana. Kontzertuetako emanaldiek eta diskoan entzundakoak ahalik eta antza handiena izatea lortzea lan zaila izan da. «Erronka izan da biluzik jartzea gero zuzenean fidelak izateko», esan zuen musikariak. Estudioan ere dena zuzenean grabatu dute, eta ezohikoa den legez, pista ezberdinak erabili dituzte.

Kontzertu asko daude aurrez ikusiak udazkenera bitarte. Ekainean hasiko dira kontzertuak, hilaren 7an, Iruñean. LLeidan, Tolosan, Gasteizen eta Madrilen emango dituzten saioetarako egunak finkatuak badira ere, behin diskoa argitaratuta kontzertu gehiago izanen dira.

TRADIZIOA

Produkzio berriak dira diskoan nagusi, baina tradizioak ere badu txokoa, bi herri-kantu baitaude. «Mundua mistoa da, tradizioari lotua baina aurrera begira. Maddi etorkizuneko tradizioa sortzen ari dela esan daiteke».

Fitxa

Izenburua: «Hari biru».

Argitaletxea: Elkar.

Zuzenekoak: Kontzertuak egiteko pentsatutako lana da. Zuzenekoak ekainean hasiko dira, 7an, Iruñean. 22an Lleidan izango da, eta 23an, Tolosan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo