GARA > Idatzia > Zinema

«Gregory bi munduren artean zegoen, eta Mandelaren aldeko hautua egin zuen»

 
BILLE AuGUST

FILMAREN ZUZENDARIA

Danimarkan jaioa, Stockholmgo Christer Stromholm Argazkilaritza Eskolan eta herrialdeko Zinema Eskolan ikasi ostean, hamalau filmetan hartu du parte argazkilaritza zuzendari moduan. Zuzendari lanetan 1979an estreinatu zen, «In my life» filmarekin, eta ordutik hamaika sari jaso ditu.

Zer da «bafana»?

Mutila esan nahi du xhosa hizkuntzan. James Gregory erabat isolatutako landetxe batean hezi zen eta bere lagun bakarra mutiko beltz bat izan zen. Filmaren izenburuak harreman hori islatu du, gerora Mandelarekin harremanetan jartzea ahalbidetu baitzuen.

Mandela ezaguna zaigu, baina, nor da James Gregory?

Gizon xumea, hezkuntza murritzekoa eta irrika nagusia presozain eredugarria izatea zuena. Apartheid sistema hobetsi zuen eta beltzak bigarren mailako herritarrak zirela sinesten zuen. Xhoseraz mintzatzen zekielako lortu zuen postua zentsura bulegoan, eta Mandelarekin harremanetan jarri zen Robben Islanden. Munduko terrorista nagusitzat zeukan, egun Bin Ladenekin gertatzen den bezala, baina Mandela azkarra zen, karismaduna, eta Jamesen arreta erakarri zuen; Mandela bera zein Hegoafrika aske eta demokratikoari buruz zituen ideiak erakargarri egiten hasi zitzaizkion.

Zer eragin izan zuten Gregoryrengan pentsamolde horiek?

Presoengatik begikotasuna zuen Jamesek eta kartzelako agintariek Lurmutur Hirira bidaltzea erabaki zuten. Handik gutxira, Mandela ere hara eraman zuten, erailgo zuten beldurra baitzuten. Beraz, berriro egin zuten topo. Ideiak aldatzeak eragin nabarmena izan zuen Jamesengan, familia eta lanpostua galtzeko arriskuan egon zen. Bi munduren artean zegoen; Mandelaren Hegoafrika askearen ideiaren eta familiaren sinesmen zaharren artean. Mandela aske utzi zuten 1990ean, eta bi hamarkadatan zehar izan duten harremana berezia izan zen oso.

Zein zentzutan «berezia»?

Mandelari esker, James bere ideiak aldatzeko gai izan zen; gizakiak bere sinesmenak alda ditzakeela uste zuen Mandelak, eta James horren froga dela esan daiteke. Hegoafrikarentzat istorio garrantzitsua da, adiskidetzearen beharra azpimarratzen duelako inoiz baino gatazka gehiago dauden mundu honetan.

Presondegitik irten ostean, elkartu al ziren inoiz?

Pare bat aldiz. Mandela kartzelatik irtetea hasiera berri bat izan zen Hegoafrikarentzat, baina Jamesentzat hil ala biziko proiektua Mandela bera zen. Agurra une gazi-gozoa izan zen. Hortik izenburua, «Goodbye Bafana».

GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo