GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Inazio Agirre Arregi AuB

Hizkuntz gatazka

Euskal Herri euskalduna berreskuratzeko derrigorrezkoa da hizkuntz gatazkaren sustraietara jotzea eta esparru politiko berria eraikitzea Euskal Herria berreuskalduntzea guztion lorpen demokratikoa da. Horren bidez, euskarak eskubidea du Euskal Herriko lurralde osoan ofiziala izateko

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, martxoaren 23an, Donostiako Kursaalen adierazi zuen: «hizkuntz politika ez dugu hizkuntz eskubideen arloan planteatu behar, dugun legeriaren eta plangintzaren esparruan baizik». Hori da azken 25 urteetan egiten ari garena eta emaitza eskasak izan dira. Azken 21 urteetan 154.000 ikasle euskaldundu gabe utzi ditu eskolak, ETB1en egungo audientzia %4ra ez da iristen eta Administrazioak gaztelaniaz jarraitzen du lanean. Arlo horietan ahalegin handienak egin badira ere, legeak eta neurriak urriegiak izan dira euskararen erabilerak aurrerabide orokorra egin zezan. Menpeko hizkuntz politika hori ez da herritarren borondatean oinarritu, beste bide batetik doa eta ez da gai joera negatibo kezkagarriak neutralizatzeko.

Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren 2005-2009 egitasmoak honako joera negatiboak zehazten ditu: «euskararen erabilera urria eta guztiz irregularra da», «euskaldunak bakarrik hartuz gero, euskararen erabilerak behera egin du», «1982 inguruko urteetan ez bezala, erdal elebakartasunaren aldeko diskurtsoa ari da orain gure artean zabaltzen», «ezin da euskararen geroa bermatutzat eman». 25 urteko hizkuntz politikaren ondoren, argi dago EAJren menpeko hizkuntz politikak ez duela balio Euskal Herria euskalduntzeko.

Hizkuntza normalkuntza eta elebitasuna kontrajarriak dira. Hizkuntza normalkuntzak esan nahi du minorizatua izan den hizkuntzak erabilera-esparru guztiak berreskuratzen dituela, eta hanpatua egon denak atzera egin behar duela (Aracil). Egoera minorizatuari buelta ematea, alegia. EAJk, ordea, Euskal Herri euskalduna baztertzea eta bi erdaren mende elebitasunean bizitzea onartu du.

Baina elebitasun sozial egonkorrik ez dago. Ordezkatze prozesuak daude eta hizkuntz gatazka horien amaieran hizkuntza bat nagusitzen da. Menpeko hizkuntza politikak proposatzen duen elebitasun sozial orekatu eta iraunkorraren adibiderik ez da munduan. Mitoa da. Elebitasuna ez da normalkuntza, menperakuntza baizik. Hori da, hain zuzen ere, urte guzti hauetan EAJk Euskal Herriari egin dion iruzurra: menpeko hizkuntz politika PSOErekin hitzartzea eta euskara saltzea Lakuako Gobernuaren kudeaketa politikoa ziurtatzearen truke.

Euskal Herri euskalduna berreskuratzeko derrigorrezkoa da hizkuntz gatazkaren sustraietara jotzea eta esparru politiko berria eraikitzea. Batetik, Espainiak eta Frantziak mendeetako indarkeriaz inposatu dituzten kanpoko hizkuntzen nagusitasuna bukatzeko eta Euskal Herriak euskararen ofizialtasun berria bideratzeko. Bestetik, Euskal Herriaren burujabetza eta botere tresna demokratiko guztiak euskal herritarren esku jartzeko, guztion artean geure etorkizun euskalduna eraiki dezagun, bi estatuen injerentziarik gabe. hizkuntz gatazka konpontzeko eta mendetako injustiziaren ondorioak kitatzeko, beraz, esparru politiko berriaren bide juridikoak euskararen normalkuntza osoaren egiazko aukera jaso behar du Euskal Herri osoan eta Udalbiltzaren Hizkuntza Eskubideen Kartak dioena gauzatu.

Horretarako, euskara berreskuratzeko hizkuntz politika nazionala, burujabea eta lehentasunezkoa gauzatu behar da. Bakarra Euskal Herri osoan, baina tokian tokiko errealitatera egokituta, malgutasunez jokatuta, ikuspegi pertsonala, kohesio soziala eta identitate nazionala bizitzeko. Bi korapilo nagusi askatzeko. Bat, autodeterminazio linguistikoaz baliatzea, euskal herritarrek libreki eta demokratikoki erabaki dezaten bizi nahi duten estatus linguistikoa. Bi, egoera minorizatua gainditzea, hots, euskal herritar guztiak euskalduntzea eta nazio mailako jardungune soziofuntzionalak euskalduntzea. Euskararen ordezka- tze prozesua itzulbidean jartzeko eta aldaketa soziolinguistikoa burutzeko Euskal Herri osoan. Aldaketa iraultzaile eta baketsu hori bideratzeko, euskararen inflexio puntua eraginkortasunez garatu behar da, norabide iraunkorra ezarriz eta lidergo partekatua bideratuz, erakunde publikoen, eragile sozialen eta euskalgintzaren arteko auzolana bermatzeko.

Euskararen inflexio puntua gutxieneko izaera du egoera minorizatuaren aldaketa kualitatiboa bultzatzeko, euskal hiztun komunitatea berrosatu eta euskararen garapen osoa ziurtatzeko, bi belaunalditan. Horrek eskatzen du ezker abertzaleak Hego Euskal Herriko bi parlamentuetan aurkeztu duen Euskara Berreskuratzeko Legea indarrean jartzea Euskal Herri osoan. Besteren artean, belaunaldi berri guztiak euskalduntzeko eskolan, goi irakaskuntzan nahiz unibertsitatean; lan munduan, legeak enpresak behartu ditzan euskara planak indarrean jartzera; administrazio guztien hizkuntza euskara izan dadin; komunikabideak euskaraz edo elebidunak izan daitezen; hiriburuak eta eskualdeburuak normalizazio intentsiboko guneak eta abar.

Esparru, lege eta neurri horiek gabe, Euskal Herri euskalduna lortzea irreala da. Herritarren eta eragileen borondatea ezinbestekoa da, baina oraindik ez da nahikoa minorizatua dagoelako. Ez da pazientziaren kontua.

Euskal Herria berreuskalduntzea ez da inoren inposizioa, guztion lorpen demokratikoa baizik. Horren bidez euskarak eskubidea du Euskal Herriko lurralde osoan ofiziala izateko. Ez inoren aurka jotzeko, ez inor baztertzeko, guztiok elkarbizitzeko baizik. Ez gara euskaldunak Euskal Herrian jaio edo bizi garelako, euskaraz bizi garelako baizik. Eta euskararen gordetzaile bakarra garenez munduan, Euskal Herriak euskaldun iraun behar du bere lurralde historikoan osasun betean, munduko hizkuntz aniztasuna iraun dezan. Hizkuntz gatazka konpontzeko garaia da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo