GARA > Idatzia > Kultura

Oskorri, Txuma Murugarren, Berri Txarrak eta Lisab arituko dira «Kantuketan»

GARA | GETXO

Maiatzaren 3tik 5era egingo dute Getxon ``Kantuketan'' zikloa. Aurten estilo ugari izango da entzungai, eta Oskorri, Txuma Murugarren, Berri Txarrak eta Lisab arituko dira taula gainean.

Ekimenaren helburu nagusia euskal musikan diharduten banda eta artistarik onenak biltzeko topagune bihurtzea da. Halaber, ziklo horrek euskal musikaren aniztasuna ezagutarazi nahi du.

Horrekin batera, aurten, haurrentzako ikuskizunak ere izango dira: ``Egin Kantu!'' eta Haur Kantari Txapelketa. Sarrera doakoa izango da saio guztietan.

ETBko ``Egin Kantu!'' haurrentzako ikuskizun ospetsuaren eskutik hasiko da zikloa. Ikuskizuna maiatzaren 3an izango da, eta bertan, partaideek beren kantarik gustukoenak abestuko dituzte lagunen eta senideen artean. Ekitaldia Erromoko Santa Eugenia plazan izango da.

The Pub Ibiltaria

Egun berean, Oskorriren The Pub Ibiltaria ikuskizuna hasiko da. Ekimen horrek 11. urteurrena ospatuko du eta, Oskorriren eskutik, publikoa erabateko protagonista bilakatuko da. Kontzertuan betiko tradiziozko kantak entzun ahal izango dira, bai eta taldeak berak berreskuratu dituen zenbait abesti ere.

Kontzerturako gonbidapenak Algortako kultur etxean (Villamonte, A-8) jaso daitezke eta, maiatzaren 3an, Getxoko antzokiko txartel-leihatilan, saioa hasi baino ordubete lehenagotik.

Maiatzaren 4an, egile-kantak hartuko du tradiziozko musikaren lekukoa. Txuma Murugarren jardungo da Getxon formatu akustikoa eta elektrikoa uztartzen dituen kontzertu bat emateko. Kontzertua Piper's Irish Puben izango da.

Maiatzaren 5ean, gaztetxoak protagonista izango dira berriro ere Haur Kantari Txapelketa egingo dutelako.

Zikloa amaitzeko, bi saio egingo dituzte Algortako Portu Zaharrean, Berri Txarrak Nafarroakoak eta Lisab talde eklektikoak joko baitute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo