GARA > Idatzia > Euskal Herria

Royalek igorri dion erantzuna «sinesgaitza" da Batasunaren ustez

Presidentetzarako hautes-kanpaina aitzin, Batasunak hautagai guztiak interpelatu zituen, eskuin muturrekoak izan ezik, herrien oinarrizko eskubideak jasotzen dituen Cortiko aldarrikapenaren inguruan. Atzo jakinarazi zuen Segolene Royal hautagai sozialistak emandako erantzuna, soilik hizkuntzaren gaiari. Hori aztertuta eta Sarkozy aurrez aurre izango duenaren irizpideak ere kontuan hartuta, Batasunak ez bata ez bestea ez bozkatzeko eta abstenitzeko eskatu du.

Maria AIZPURUA |

Cortiko aldarrikapenaren oinarrizko bost herri-eskubideak aintzat har ditzatela eskatzeko, Presidentetzarako hautagaiak interpelatu zituen Batasunak Estatuko hainbat mugimendu independentistarekin batera. Kanpaina aurretik batzuen erantzuna jakinarazi zuten. Atzo, berriz, Segolene Royal sozialistak apirilaren 11n igorri gutuna ezagutarazi zuen.

Bertan, Royalek hizkuntzari eta kulturari dagozkien galderei soilik heldu die. Munduan francofonia bultzatzearekin batera, «eskualdeetako hizkuntzen» alde egingo duela esan dio Batasunari, «gure ondarearen zati bat direlako». Horrenbestez, kanpainan agindu bezala, presidente hautatuko balute, Hizkuntz Gutxituen Gutuna berretsiko lukeela adierazi du indar abertzaleari zuzendutako eskutitzean.

Konstituzioarekin talka

Batasunaren ustez, ordea, hitz horiek ez dute «sinesgarritasunik». Xabi Larraldek gogorarazi zuen Lionel Jospin gobernuburua zelarik Hizkuntzen Gutuna berretsi zela baina gerora, Chiracek jarritako helegitea medio, Auzitegi Konstituzionalak erabakia atzera bota zuela Konstituzioarekin bat ez zetorrelako.

Mahaikideak nabarmendu zuen, Segolene Royal horren jakitun izaki ere, ez duela inon aipatu Konstituzioa aldatuko duenik. Hortaz, Batasunaren iritziz, gutunean adierazitakoa ez da «engaiamendu sinesgarria».

Nicolas Sarkozyk, berriz, Konstituzioaren aldaketarik ez duela eginen argiki azaldu duela eta hizkuntzak bultzatzeko egungo legeriarekin talka egingo ez duten neurriak soilik hartzeko konpromisoa hartu duela gehitu zuen Larraldek.

Biek ala biek paretsu jarri zituen euskal aldarrikapenak aintzat ez hartzeko garaian. Izan ere, hizkuntzari eta kulturari dagokienez, zerbait esan badute ere, gainerako eskakizunei ez baitie jaramonik egin. «Ez dute asmorik agertu ez Euskal Herriaren ez eta gainerako herrien eskubideen aitortzarik egiteko», esan zuen Larraldek. Horiek hala, maiatzaren 6an egingo den bigarren itzulian, herri-eskubideen alde dauden herritarrek ez lukete ez bataren ez bestearen aldeko bozik eman behar Batasunaren ustean.

Abstenitzeko deia

Horregatik, Estatuko hauteskundeak beren hauteskundetzat hartzen ez dituztela gogoratu, eta lehen itzulian egindako deialdia berretsi zuen ordezkari abertzaleak: «Abstenitzera deitzen dugu bigarren itzulian ere. Hala eta guztiz ere, norbaitek bozkatzera joan nahi badu, herri-eskubideen aldarrikapena jasotzen duen botopaperarekin egitera animatzen dugu, `Reconnaissez, respectez le Pays Basque' edo antzeko esaldiak jasoko dituena».

Presidentetzarako hauteskundeetatik harago, Cortiko deialdiko kideek elkarlanean jarraitzeko asmoa dutela jakinarazi zuen Larraldek bide batez, eta ondorengo hilabeteetan ekimen ge- hiago abiatuko dituztela gaineratu zuen.

cortiko deia

Presidentetzarako hautagaien interpelazio dinamikan, Cortiko deia egin zuten mugimendu politiko gehienak aritu dira elkarlanean. Bi sinatzaile geratu dira ekimenetik kanpo: Tahitiko Tavini Huiraatiraa eta AB.

BERDEAK

Euskal Herriko Berdeek, datorren maiatzaren 6an, boza Segolene Royali ematera deitu dute, «Sarkozy eskuineko hautagaiak duen proiektua oso arriskutsua delako herrialdearen bizikidetzarako».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo