GARA > Idatzia > Euskal Herria

Andoaingo santakrutzak abian, pregoiaren agertokia aldatuta

36ko gerran faxistek fusilatu zioten aita Maria Jesus Fernandezi, atzo pregoia irakurri eta santakrutzei hasiera eman zien emakumeari. Maiatzaren 3a arte festa, eta horrek dakarren guztia, nagusituko da Andoaingo behealdean. Berrikuntza pare batekin heldu dira jaiak (pregoiaren agertokiaren aldaketa eta Leitzarango jaitsiera), eta urteroko hitzorduekin.

Mikel JAUREGI |

Udaberria heltzearekin batera iristen dira Santa Krutz jaiak; baita Andoainera ere. Herriaren behealdeko auzoa musikaz janzten da, dantzaz, bertsoz, sardina eta txakolin dastaketaz, sagardo txapelketaz, danbor soinuz... Guztia maiatzaren 3ko egunaren inguruan, eta aurten sei egunez: atzo hasi eta datorren osteguna arte. Ordu luzetako festari ekin diote andoaindarrek eta data hauetan herrira bertaratzen diren gainerakoek.

Jai batzordeak prestatu duen egitarauan bi berrikuntza ageri dira. Batetik, Leitzaran ibaiaren jaitsiera. Urte luzetan santakrutzetako hitzordu erakargarria izandakoa, lauzpabost urteko etenaldiaren ostean, berriz ere ikusteko modua izango da. Lagun-taldeak, bakoitzak prestatutako «ontziarekin» eta ahalik eta modurik txukunenean, Etxarriko parketik aterako dira, ibaian behera. Helmuga, Santa Krutz zubiaren inguruan izango dute zain, Beheko plazaren parean. Gaur arratsaldean bertan egingo dute jaitsiera. Marinel adoretsuek lauretan dute hitzordua, Etxarrin.

Maria Jesus Fernandez

Bigarren berrikuntza atzo gauean bertan ikusi ahal izan zuten herritarrek. Jaiei hasiera ofiziala ematen dien pregoiak agertoki berria estreinatu zuen: urtez urte Olajauna etxean egin izan den ekitaldia Santa Krutz Peñaren elkartean egin baitzuten. Ibilbidearen hasiera baino ez zen izan, ordea, atzokoa; izan ere, hemendik aurrera auzoko lau elkarteen egoitzetan egingo baitira pregoiak, txandaka. Urte gehien dituenetik hasi dira, eta ordena hori jarraituko dute hemendik aurrera: datorren urtean Zumeatarrari egokituko zaio, bi urte barru Errekabururi, eta 2010ean lauretan gazteenari, Irunberri Kultur Elkarteari. Jaietako ikurrina egunero izango dute eskegita elkarteko mastan, festak amaitu artean. Atzodanik halaxe dauka Peñak, maiatzaren 3ko gaua iritsi eta santakrutzek adio esaten duten arte.

Pregoia irakurtzeaz eta jaiari ongietorria egiteaz Maria Jesus Fernandez arduratu zen. 1936ko altxamendu faxistaren ondorioz piztutako gerran hil zuten bere aita, fusilatuta. Andoaingo kronista zen egunkari Errepublikazale batean eta urte sasoi honetan, besteren artean, Santa Krutz jaien gainean idazten zuen. Jai batzordeak, nolabait, 36ko gerraren biktimei eta horien senitartekoei erreparatu nahi izan die modu horretan.

Gainontzean, urtero egitarauan gorriz azpimarratutako ekitaldiak topa daitezke aurten ere. Horien artean daude danborradak (atzo gauean entzun eta ikusi ahal izan zen lehena, Zumeatarrarena; gaur bigarrena, Santa Krutz Peñarena, 22.30ean hasita; eta asteartean azkena, herritarra, 18.30ean Beheko plazatik abiatuta) edota musika emanaldi eta dantzaldiak: gaur Jo Ta Hanka; bihar Des-Kontrol, Keike eta Naiz Roxa; eta etzi Trakets. Horiek guztiak Beheko plazan entzun ahalko dira, txosnak jarri dituzten gunean.

Gaur, besteren artean, haurrek arrantza txapelketa izango dute 11.00etan; musean ere lehian aritzekoak dira, kale Nagusian, 16.00etatik aurrera; eta ordu erdi beranduago, Leizaur parkean, txirrindulari lasterketa, hori ere urteroko hitzordua.

Koadrillak protagonista

Bihar 14.30ean herri bazkaria egingo dute kale Nagusian. Ohi bezala, bakoitzak berea eraman beharko du, jan nahi badu bede- ren. Arratsaldean, Zumea plaza bilakatuko da festaren gune nagusietakoa: 28. Sagardo Txapelketa, talogileak, trikitalariak eta bertsolariak, guztiak batera, izango dira 18.00etan.

Astelehenekoa koadrillen eguna da. Lagun talde bakoitza bere blusa jantzita, aurrena jolasean eta kalejiran jardungo dira, eta 14.30ean bazkaltzera eseriko. Egunak luze joko du gero.

Biharamunean, 10.30ean, 29. Herri Krosa da nabarmentzekoa (lasterkariak eta gautxoriak gurutzatzen direnekoa), eta 16.30-ean goiti-behera txapelketa izango da ikusgai Goiburutik hasita. Asteazkenean eta ostegunean haurrek toki berezia izango dute (Pirritx eta Porrotx pailazoek arrakasta izan zuten iaz, eta aurten errepikatu egingo dute Santa Krutz egunean), baina gainerakoak ere ez dituzte ahaztu antolatzaileek: txakolin dastaketa, musika topaketa, sardina-jatea... Den-dena, jaiak behar bezala agurtu ahal izateko.

ibai jaitsiera

Lauzpabost urtez egitarautik kanpo egon ostean, jai batzordeak Leitzarango jaitsiera berreskuratu du aurtengorako. Gaur arratsaldean bertan egingo dute Etxarritik Beheko plaza ingururainoko ibilbidea herriko marinel inprobisatuek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo