Top 14
Biarritz eta Aviron puntuak batzera behartuta daude
Zuri-gorriek gaur Perpinyaren zelaian jokatuko dute; eta zuri-urdinek, berriz, Agen taldeari egingo diote bisita. Biek dituzte zuzeneko aurkariak
Jon LEUNDA | BAIONA
Asteburu garrantzitsua izango da Top 14an dabiltzan euskal taldeentzat, etorkizunean gerta daitekeena argitu baitezake. Biarritz Ligako finalerdietan sartzeko borrokan dabil; eta Aviron, aldiz, mailari eusteko lehian dabil. Gaur bi taldeek aurkari zuzenen aurka jokatuko dute.
Biarritzek Perpinyan jokatuko du 15.00etatik aurrera, eta irabazteak besterik ez dio balio. Garaipenik ez badu lortzen, Ligako finalerdietan sartzeko oso aukera gutxi izango ditu. Kataluniarrak daude egun laugarrengo postuan, eta gaur euskaldunek mendean hartzen badituzte, aldea handitu egingo dute.
Zuri-gorriek garipena lortuko balute, berriz, laugarren postuan jarriko lirateke, eta bigarren fasea jokatzeko urrats handia egingo lukete, jardunaldi honen amaieran hiru partida besterik ez baitira geratuko Liga amaitzeko.
Biarritzentzat ez da denboraldi ona izaten ari. Liga eta Europako Kopa irabazteko asmoarekin abiatu zen. Iaz liga irabazi zuen, eta Europan, finalean izan zen. Gauzak, ordea, ez dira nahi bezala atera. Europako Kopan jadanik kanpoan dira biarriztarrak, eta Ligan ere finalerdietan sartzen ez badira, kolpe latza izango litzateke.
Jokalariei dagokienez, Olibeau, Le Corvec eta Marly itzuliko dira Kataluniako taldera. Biarritzen, aldiz, Harinordokik eta Couzinetek ez dute jokatuko, eta Peyrelongue, August, Carizza, Avril eta Massi zalantza izango dira.
Baiona
Aviron bigarren aldiz dago jaitsierako postuetatik kanpo, eta zulotik irteten jarraitzeko aukera paregabea izango du gaur Agenen, 18.30etik aurrera jokatuko baitu bertako taldearen aurka.
Irabazten baldin badu, mailari eusteko urrats handi bat egingo du. Galduta, berriz, gauzak lehengo moduan geratuko lirateke, baina geratzen diren hiru partidak oso zailak dituela kontuan hartu behar da.
Jokalariei dagokienez, Gelez, Galosso, Tiatio, Socol eta Caucanibuca ez dira arituko; eta Meews, Miquel, Badenherts eta Socaze, berriz, taldera itzuliko dira; hamabostekora, hain zuzen ere. Avironi dagokionez, Auudrin eta Lahnde berriro ere deialdian izango dira, baina Baget eta Tilloles ezin izango dira bertan egon.
Biarritzek galtzen badu, finalerdietan sartzeko aukerak ia alde batera utzi beharko ditu. Liga amaitzeko lau jardunaldi bakarrik falta dira, eta kataluniarrak daude gaur egun laugarren postuan.
Aviron Baionakoak mailari eusteko urrats handia egiteko aukera paregabea izango du gaur Agenen zelaian, baina garaipena ez badu lortzen, gauzak asko okertuko zaizkie Lapurdiko hiriburukoei.
Denboraldia amaitu ez baldin bada ere, taldeak datorrenerako jendea fitxatzen ari dira. Biarritzek atzo baieztatu zuen Samiu Vahafolau japoniarra fitxatu duela. Tongakoa da, eta bi herrialdeetako agiria baldin badu ere, berak Japoniako selekzikoarekin jokatzeko hautua egin zuen.
29 urteko jokalari hori 1,92 metro luze da, eta 111 kilo pisatzen du. Orain arte Sanyo Wild Knights Japoniako taldearekin aritu da jokatzen. Bi urterako sinatu du kontratua.
J.L.