GARA > Idatzia > Kultura

Argazkilaritza, musika, hip hopa eta antzerkia Maimorables jaialdian

Maiatzaren 2tik ekainaren 3ra bitarte iragango da gizarte integrazioa xede duen Maimorables jaialdia. Baionako hiria gune nagusi izanen badu ere aurten Bokale eta Angeluko herrien parte hartzea ere izan du eta zenbait ekitaldi herri horietan egingo dira.

Idoia ERASO | BAIONA

«Maimorablesek Baionako hiriaren soziologia hartzen du kontuan, inguruko hirietan agertzen ez den soziologia, hain zuzen ere» adierazi zuen hiriko auzapez Jean Grenetek. Hitz horiekin jaialdiaren espiritua laburbiltzen da, hiriko auzo txiroetan bizi den jendeari kulturaz gozatzeko aukera eskaini nahi baitio, gizarte integrazioa bultzatzeko.

Programazioak aniztasun handia proposatzen du, gizartearen eremu ezberdinetako pertsonen interesa pizteko. Argiki adierazi zuen ideia Baionako Eszena Nazionaleko presidente Jean-Michel Magatek: «Gure xede nagusienetako bat publiko guztien- gana ailegatzea da».

Xede horren burutzeko kultur proposamen oso ezberdinak egongo dira lau ardatzen inguruan: argazkilaritza eta arte plastikoak, hip hopa, musika eta kale antzerkia. Argazkilaritza eta arte plastikoei gune ezberdinetan egin erakusketek eskainiko diete tokia.

Baiona inguruko euskaldunekin batera Estatu espainol eta frantseseko gazteak etorriko dira hip hop txapelketan parte hartzera. Lehiaketaren inguruan Hip Hop Eguna dago antolatua maiatzaren 19an. Dantzaren alderdi ezberdinak erakusteko hip hopa eta dantza tribalen arteko lotura egiten duen «Rize» dokumental koloretsua erakutsiko dute egun berean gaueko hamarretan.

Txapelketak

Hip hoparekin batera beste bi txapelketa ere antolatu dituzte gazteentzat, bata arte plastikoen inguruan eta besteak musika du oinarri. Bigarren urtez antolatzen den musika lehiaketan estilo oso ezberdinetako hiru talde gelditu dira finalista: Knalklown, Magnum eta Bostgehio. Hiruretatik irabazle izatea lortzen duenak ekainaren 2an La Mecanica Loca taldearekin jotzeko aukera izanen du.

Jaialdiari bukaera emateko Sargento Garcia musikaria etorriko da Baionara ekainaren 3an. Arratsaldeko seiak eta erdietan izanen da Santa Gurutze Garaia auzoan.

Kaleko antzerkia aurten 150 urte betetzen dituen Bokale herrian iragango da bereziki. Urteurrena ospatzeko Bokaleko Herriko Etxeak Delices Dada konpainia gonbidatu du historiari begiratuz etorkizunarekin lotura egiteko. Beste hiru taldek herria ezagutzeko beste hainbeste antzerki ibilbide proposatuko dituzte maiatzaren 26ean eta 27an.

«Kultura jendea elkartzeko arma oso ona da» adierazi zuen Jean Grenetek. Kultura fanatismoaren eta bazterketaren kontrako adierazpena den legez, ideia horiek garatuta milaka pertsonen bizitza salbatu zuen Aristides de Sousa Mendesi buruzko hitzaldia izanen da maiatzaren 29an Angeluko liburutegian. Jorge Chamine baritonoak kontzertua eskainiko du ondoren.

Baionako auzoetako argazki erakusketa hiriko autobusetan ikusgai

Cedric Pasquini argazkilari profesionalaren gidaritzapean, Baionako auzo txiroetako bederatzi argazkilari amateurrek egunero bizitoki duten ingurua hartu dute argazkitan. Charles-Malegarie eskolako hogeta hamar bat ikasleri ere beraien begirada aurkeztea proposatu diete.

Sarritan begirada berezia eskaintzen duten pertsona horien argazkiak ezohiko toki batean erakutsiko dira. Baiona, Angelu eta Biarritz zeharkatzen dituen STAB autobusetan kokatuko da erakusketa jaialdiak irauten duen hilabetean zehar.

Argazki hauek guztiak pantaila handian ere erakutsiko dituzte maitzaren 19an eta ekainaren 2an, musikak lagundurik. I. E.

INTEGRAZIOA

Baionako auzo txiroetan bizi den jendeari kulturaz gozateko aukera eskaini nahi dio jaialdiak eta aldi berean integrazioa bultzatu. Programazioak aniztasun handia proposatzen du.

SARGENTO GARCIA

Jaialdiari bukaera emateko Sargento Garcia musikaria etorriko da Baionara ekainaren 3an. La Mecanica Loca taldeak joko du aurreko egunean musika txapelketako irabazlearekin batera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo