Floren Aoiz Idazlea
Euskal Herriaren bihotzean, Baigorrin...
Euskaldunok ez dugu hiriburu ofizialik. Ez gara, ofizialki, nazioa eta horrek, kalte latzak ekartzen dizkigun arren, ematen digu hiriburua lekuz aldatzeko parada. Honela, hiriburu historikora jotzen dugu askotan, Iruñera, baina besteetan gainontzeko hiri edo herriak hautatzen ahal ditugu. Herri ibiltari baten hiriburu ibiltaria!
Heldu den igandean Baigorrin izanen da hiriburua. Nafarroaren Eguna ospatzen da bertan, jakina, eta urtero bezala, han bilduko gara bazter guztietako nafarrok egun ederra pasatzeko eta hainbat eskaera lau haizetara hedatzeko. Herriaren taupada han sentituko da nabarmenki, eta aurtengo testuinguru politikoa nolakoa den aintzat harturik, esan dezakegu Nafarroaren etorkizuna hizpide izanen dela. Halarik ere, kolokan dagoena ez da maiatzaren 27an eginen diren Foru eta Udal hauteskundeetako emaitza, ez hori bakarrik, bederen; ezta frantziar errepublikaren lehendakaria hautatzeko lehia ere. Sakoneko arazoa, nortasunarena, eskubide politikoena, erabakitzeko ahalmenarena, hau da indar oroz azaldu dena.
Nafarroaren Egunak oroitarazten digu Nafarroa zatituta dagoela, eta garai batean izandako batasuna lapurtu zigutela indarrez, herriari sekula deus ere galdetu gabe. Nafarroaren nortasuna erabili nahi izan dute batzuek espainiartasunaren sinonimo gisa, baina historiak argitzen du Nafarroa Euskal Herria independientearen izena dela. Nafarrok, berriz, ez dugu ezer erabaki, au- kerarik ez digutelako eman, nahiz eta batzuk gure izenean mintzo diren.
Nafarroa bilakatu nahi dute prozesuari ateak ixteko eremu. Nafarroa erabili nahi dute, berriz ere, Euskal Herria zatitzeko. Rajoyk esan du, baita Mayor Orejak eta Sanzek ere: Nafarroa da prozesua bidetik ateratzeko agertokia. Hauteskunde aurreko giroak nabarmendu du eskuinak ez duela aldaketa politikorik nahi eta, beste uneetan gertatu bezala, euskal lurraldeen arteko zatiketa espainiar eta frantziar estatu estrategien oinarria dela. Horren froga ezker abertzalea instituzioetatik at uzteko obsesioa.
Azkenengo frantziar erregeek aldarrikatzen zuten nafar erregeak ere bazirela. Aipamen formala zen, jakina, baina oroitzen zuen Nafarroa izeneko erresuma. Royalek eta Sarkozyk ez dute, alta, gure nortasunaren aipamenik egin nahi. Espainiar agintariek ere ez. Besta ederrak baino zerbait gehiago beharko dugu nafarrok egoera honi aurre egiteko!