Sonia Gonzalez Idazlea
Zor diegulako
Gernikako bonbardaketatik hona 70 urte eta, omenaldi, adierazpen eta argazki artean, sasi-bake huts baten «aldarrikapena» entzun dugu edonon... Berba potolo horren atzetik status quoa besterik ez da ezkutatzen: agindu gura dutenek agintzen jarraitzea, inork kontrarik egin barik. Horrelaxe, estari eta politikari merke horien arabera, gerra zibila bake hutsa izan ahal zen: Francok estatu kolpea eman ostean, inork armarik hartu izan ez balu justua eta zilegia zena defendatzeko, gerrarik ez zen egongo. Bakea izango zuten. Status quo. Zer esanik ez, gaur kameleoi askok proposamen horrekin bat egin eta euren txokotxoa egitea lortuko zutela, momentuan hainbatek lortu zuten legez.
Eta hori gutxi balitz, horien ahoetatik gogoeta benetan sakonak entzun behar izan ditugu, hala nola, frankismoak zauri odoltsuak utzi bazituen, are gehiago Euskal Herriko gatazkak, kasu honetan «bertokoak» direlako «biktimak» egiten dituztenak. Jakina, aipamenik ez orduko frankistak -edo euren seme-alabak- oraindik agintean daudela, inolako zigorrik jaso barik eta harro gainera. Horregatik esaten zuten akaso gurasoek hainbestetan «y así se escribe la historia» hura.
Hala ere, egia esan, nik ez neukan buruan gai hau jorratzea gaurko artikuluan. Ez dakit zertarako entzuten dudan irratia goizetan, neuronak usteldu egiten dizkit eta. Eskerrak ez omen dagoen masokismoaren kontrako legerik bizi eta jasan behar dugun erreinu honetan...
Kontua da maiatzaren lehena datorren astean bertan dela: langileriaren nazioarteko eguna gainean daukagu. Mobilizazioak eskualde guztietan eta hainbat eta hainbat aldarrikapen Euskal Herrian zehar. Betidanik sentitu dut bereziki egun hau, izango da, agian, batzuk langileon borrokan benetan sinisten dugulako.
Badakit horrelako gauzetan gaitza dela sinisten, batez ere gaurko egunean. Bakoitzak berea besterik ez duela begiratzen, jendeak bizitza guztiz hipotekatuta daukala eta nahastetan ibiltzeaz paso egiten duela, kontua ahalik eta soldatarik handiena lortzea baino ez dela. Korronte hori jarraitu genezake, biderik errazena hartu eta geure buru politak kezkaz ez bete.
Eta jarraitu genezake «gora Euskal Herria askatuta!» oihukatzen, zelako Euskal Herria askatu gura dugun asko sakondu barik. Nik uste, askatzea askatzeagatik nahiko gauza tontoa dela. Total, berdinetan jarraitzeko, kapitalari salduta geure izaera, geure kultura, geure lan indarra; geure bizitza enpresaburuen, multinazionalen apeten, bankaren eta espekulatzaileen esku uzteko...
Euskal Herria sozialista benetan eraiki gura badugu, ordua da honezkero -ordua da aspalditik- benetan martxan ipintzeko. Eta teorietatik haratago, norberak ere pentsa eta erabaki zelako pausuak egin behar ditugun. Geure burua konbentzitu eta sinistu duela 70 urte Gernikan edota Malagan hil zizkigutenen bidea egitea oraindik orain zor diegula.