GARA > Idatzia > Pilota

Berezkoen finala

Amerikar batek txapela irabazteko aukera izango du

Waltari-Etxeto Sorhuet-Ozafrainen aurka neurtuko dira Baionan, eta lehen aldiz Euskal Herrikoa ez den pilotari bat izango da final handian

Jon LEUNDA | BAIONA

Heldu da trinketeko esku pilota profesionalak duen egunik handiena, trinketean Bikanakoa baita lehiaketarik garrantzitsuena. Gaur 21.00etan jokatuko dute finala.

Norgehiagoka oso erakargarria da, Waltari eta Etxeto Sorhueten eta Ozafrainen aurka neurtuko baitira. Moderneko harmailak erabat beteko dira, tartean baita Agusti Waltari kubatarra. Finalerdietan eta Baionan jokatzen duten Masterrean eman zuen ikuskizuna gogoan dute zaleek, eta gaur ere asmo horrekin joango dira Baionako trinketera.

Finala estua izango da, eta ez da erraza aurreikuspen bat egitea. Finalerdiak ikusita, litekeena da dirua Waltariren eta Etxetoren alde ateratzea, baina Pausukoak eta Bankakoak oso bikote orekatua osatzen dute, eta gogoan izan behar da haiek direla partida guztiak irabazi dituzten jokalari bakarrak.

Sakea

Final guztietan sakeak garrantzi handia izaten du, eta gaur oraindik eta gehiago, aurrelari kubatarraren jokoan ezinbestekoa baita hasierako jokaldia. Kintze asko egiten ditu botearen bitartez. Finalerdietako azkeneko partidan 18 tanto egin zituen, eta garbi dago gaur ere beste horrenbeste lortzen baldin baditu, txapela berentzat izango dela.

Amerikarrak lehen jokaldian kintzea bereganatzen ez baldin badu ere, bigarren jokaldian ez du aparte izaten, sakea zitala baitu. Sorhuetek eta Ozafrainek ederki dakite hori, eta garbi daukate partida atzean kokatu behar dela. Pilota gibelean jarri, eta Etxetori eman lana, horrela Waltarik ez baitu jokoan sartzerik izango. Haiek garbi daukate, hori lortzen badute, irabaztetik ez baitira oso aparte izango.

Lapurtarraren eta kubatarraren asmoa, berriz, bestelakoa da. Ozafrainek atzean nagusitzeko aukera asko izango ditu, egungo atzelaririk onenetakoa baita, eta lasaitasun handiarekin jokatzen du. Alde horretatik, horien asmoa aurrean jokatzea da, Waltariren teknika hori aprobetxatu ahal izateko.

Bankakoa eta Pausukoa buruz oso seguruak dira; ez dira etsitzen duten horietakoak, eta hori izango da gaurko beste helburuetakoa bat, aurkariak, alde horretatik, nahiko ahulak baitira, eta erraz etsitzen dute.

Etxeto, gainera, ez da plaza gizona. Nerbioek jan egiten dute, eta final handietan askotan egiten du huts. Hori kontuan izanda, biko euskalduna norgehiagoka luzatzen ahaleginduko da, eta aurkariak etsiarazten. Izan ere, kubatarrari neurketa luzea izaterik ez baitzaio gustatzen, bera ere kintzeak burutu ezinik hasten bada, burua joan egiten baitzaio.

Trinketean Bakarkakoak baino garrantzi handiagoa izaten du Binakakoak, eta final horretan Moderneko harmailak erabat betetzen dira. Gaur ere ez da gutxiago izango; izan ere, Baionako trinket berriko harmailak leporaino beteko baitira. Gaur, gainera, Waltari han izango da, eta hura ikusteagatik bakarrik ere izanen da jendea, nahiz eta beste hiru pilotariak ere ez diren kubatarra baino maila apalagokoak.

sakea

Pilotan sakeak beti izaten du garrantzi handia, baina gaur oraindik eta gehiago izango du. Waltarik hasierako jokaldiari esker kintze asko egiten ditu, eta horren arabera izan daiteke finala.

festa

Berezkoen Binakako Txapelketako finala 19.00etan hasiko da Moderne trinketean, baina jaialdia hiru ordu lehenago abiatuko da. Lehenengo, umetxoen partidak izango dira, eta ondoren, gazteek hartuko dute haien lekukoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo