Lan segurtasuna lehentasuna da
Gaur, Lan Osasunaren Nazioarteko Eguna, ez da ospakizunetarako eguna, errebindikazio eguna baizik. Izan ere, urtero munduan lan istripu eta gaixotasunen ondorioz hiltzen diren 2,2 milioi lagunek ez dute ezer ospatzeko motiborik ematen. Euskal Herriak ere, bere txikian, zenbaki potoloak eskaintzen ditu arlo tragiko horretan: iaz 129 langile hil ziren beren lanpostuan; aurten, berriz, urteko lehen lau hilabeteetan, 43. Arazo larri hori dela-eta, atzo sindikatu nagusiek hainbat mobilizazio egin zituzten Euskal Herri osoan, goiz eta arratsalde, eta lantegi eta langile ugarik parte hartu zuten LABek eta Hiruk deitutako ordubeteko lanuztean.
Lan osasuna langileen kontua da, jakina, eurek jasotzen baitituzte haren egoera kaskarraren ondorioak. Hartara, sindikatuek arreta berezia jarri behar dute lan munduko alderdi horretan, kausei helduz. Eta espero izatekoa da mobilizazioak ez direla egun bateko agerpenetan geratuko, lan prekarietatea, istripuen eta gaixotasunen kausa nagusia, lehenesteko moduko arazoa baita. Ez dirudi, ordea, enpresaburuen lehentasuna denik, lan arriskuei aurrea hartzeko legeak ere ez baitituzte betetzen eta langileei errentagarritasun irizpideen araberako lan baldintzak ezartzen baitizkiete. Baina egoera ikaragarri horren erantzukizuna patronalarena ez ezik, instituzioena ere bada, beren eginbeharra baita legea betearaztea. Lan Arriskuak Prebenitzeko Legeak argi asko dio enpresaburuek lan arriskuei aurre hartu eta lanpostuetan segurtasuna eta osasuna bermatu behar dutela. Hala ere, enpresaburuek lege hori betetzen bezain zabar jokatzen dute administrazioek lege hori betearazten.
Lan segurtasuna eta osasuna ezin da geratu apirilaren 28 honetan bakarrik, ezin da geratu egun bateko mobilizazioetan eta are gutxiago diskurtso instituzionaletan edo noizbehinkako estatistika itxuraldatuetan. Lan istripu eta gaixotasunei aurre egin dakieke eta egin behar zaie. Gizarte osoari dagokion arazoa izaki, hark kontzientzia argia hartu behar du eta politikariei euren lehentasunen artean leku egin diezaiotela exijitu.