GARA > Idatzia > Euskal Herria

"Kutsatuta" dagoena demokrazia dela deritzo ezker abertzaleak

ANVk edota plataforma abertzale eta sozialistek aurkeztutako zerrendak direla-eta sortutako kalapiten ostean, «kutsatutakoa" Estatu espainoleko sistema politikoa dela nabarmendu zuen atzo Joseba Alvarez Batasuneko mahaikideak. Era berean, ilegalizazioaren arazoa, ezker abertzalearena izan ordez, «prozesuarena" dela adierazi zuen.

Oihana LLORENTE

Plataforma abertzale eta sozialisten eta ANV alderdiaren zerrendak aurkeztu ostean piztutako zalapartaren inguruan, «kutsatutakoa» Estatu espainoleko sistema politikoa dela adierazi zuen Joseba Alvarezek, atzo Donostian egindako agerraldian.

Gobernu espainolak euskal herritarren eskubide zibil eta politikoak errespetatzen dituztela behin baino gehiagotan adierazi badu ere, eta Alderdien Legeak berak edota ondorenean kaleratutako epaiek alderdiei soilik eragiten dietela nabarmendu arren, egun Euskal Herrian hautes-zerrendak «kutsatzen» dituzten pertsonak egotea Estatu espainoleko demokraziaren isla dela deritzo Alvarezek. Are gehiago, «kutsatuta dagoena» Estatu espainoleko epai- leen, Poliziaren eta politikako agintari ugariren pentsamoldea dela deritzo Batasuneko mahaikideak.

Politika prebentiboa aitzakia

Alvarezen ustez, «ezaugarri erabat antidemokratikoa» da, politika prebentiboaren aitzakian inolako deliturik egin ez duten pertsonek osatutako 800 zerrenda ikertzea, eta, era horretan, alderdi politikoak ilegalizatzearekin, ideiak krimina- lizatzearekin edota apartheid bat izateko aukerekin mehatxatzea.

Donostiako Abertzale Sozialisten hautes-zerrenda osatzen duten gizon-emakumeekin batera emandako prentsaurrekoan, eztabaida hori bukatzeko borondatea berretsi zuen Alvarezek. Gainera, EAJ eta PSOE alderdiek diotenaren kontra, ilegalizazioaren arazoa ezker abertzalearena ez dela esan zuen. Haren aburuz, arazoa «demokraziarena, zilegitasunarena eta prozesuarena» da, eta horren ondorioz, konponbidea guztien artean aurkitu behar dela adierazi zuen.

Alvarezek esandakoaren arabera, Euskal Herriko gizartearen gehiengoak behin baino gehiagotan adierazi du esparru demokratiko berriaren alde dagoela eta haren alde egiten du ezker abertzaleak. Datozen hauteskundeetan esparru demokratiko hori eskuratzea izango du erronkatzat.

Beste alde batetik, Donostiako Abertzale Sozialisten hautes-zerrenda aurkeztearekin batera, datozen lau urteetan bai Udalean baita Udaletik at ere, Donostia euskaldun eta ezkertiar bat erakitzeko lanean arituko direla adierazi zuten. Lan horretan, gizarte mugimenduen lana sustatzea eta herritarrek parte hartzea bultzatzeko helburua dutela adierazi zuten atzoko agerraldian.

Azken lau urteetan ezker abertzaleari egindako apartheid-aren ondorioz, Donostiako Udaletik kanpo egotera behartua izan da Baga Boga herri plataforma. Atzo, udaletxe barruan legengitzaldiko azken udalbatza egiten ari zirela, Baga Bogako kideek «Prozesu eta hauteskunde demokratikoen alde, ilegalizaziorik ez!» zioen pankarta bat eskegi zuten Gipuzkoako hiriburuko udaletxean.

Bilboko Udalera sartzea galarazi diote berriz ere ezker abertzaleari

Ezker abertzaleko hogei bat ordezkarik elkarretaratzea egin zuten atzo Bilboko udaletxeko eskaileretan, «Udal demokratikoaren alde. Ez ilegalizazioari» zioen kartela eskuetan zutela. Han zen Jone Goirizelaia, baita Dabi Alonso eta Lander Etxebarria Bilboko zinegotzi izandakoak.

Legealdiko azken bilkuretako bat zuten egitekoa, eta ezker abertzaleko kideak bertako eztabaidetan parte hartzen ahalegindu ziren; baina Iñaki Azkuna alkateak azken lau urteetan egin duen bezala, haien sarrera galarazi eta udaletxetik bota zuen ezker abertzalea.

Jone Goirizelaia Batasuneko ordezkariak jakinarazi zuenez, EAJk, EAk eta EBk osatutako gobernu taldeak eragotzi zien bilera egiten ari ziren aretora sartzea.

GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo