GARA > Idatzia > Euskal Herria

Puntu gorenera iritsiko dira Lazkaoko jaiak asteburu luzean

Atzo arrats berezia izan zen hainbat lagunentzat, lau eguneko bestaren ataria, eta zer erranik ez lazkaotarrentzat, sanprudentzioetan sartu baitziren bete-betean. Joan den asteburuan abiatu zituzten jaiak, udaberriko lehenbizikoak, baina egun hauetan izanen dute puntu gorena. San Prudentzio Eguna da gaur, baita Txosna Batzordeak antolatutako «Herriko aldarrikapenak kaleratzeko eguna" ere, eta ez dira makalak ez giroa ezta egitaraua ere.

GARA

Gustura ibili ziren atzo lazkaotarrak arratsalderako prestatuta zituzten ekitaldietan. 16.00etan inguratu ziren plazara, haurrek xakean jokatzeko duten abilezia ikustera, eta 18.00etan Bezpera elizkizunak izan zituzten San Prudentzio ermitan. Musikak ere ez zuen hitzordura hutsik egin: fin aritu ziren Antzar Gazteak taldeko txistulariak buruhandiak, umeak, gurasoak eta bertaratutako herritar guztiak dantzarazten, eta Kantaka eta Xanbe abesbatzek kantatu zuten San Migel parrokian.

Arratsaldeko zortzietan, berriz, itxura ikusgarria hartu zuen Lazkaok, pertsona solidarioz osatutako kate batek lotu baitzuen herria. Plazan hasi zen Presoen Aldeko Topaguneak antolatutako ekintza, eta leku berean bukatu zen, adierazpen bat irakurrita.

Geroago, bederatziak laurden gutxiagotan, areto futbola izan zen ikusgai; Lazkao Solasten eta Jostaldi taldeen arteko lehia, hain zuzen ere. Laket musika taldearen emanaldia zen egitarauan ageri zen azkeneko ekitaldia, baina, jakina, besta ez zen hor bukatu, herritarrek erraten duten moduan, egitaraua baino gehiago jendeak sortzen duen giroa baita Lazkaoko jaiei balioa ematen diena. Ordu txikiak arte ibili ziren gazteak eta ez hain gazteak tabernetan eta txosnetan dantzan, kantari, berriketan... ongi pasatzen. Hori bai, indar guztiak xahutu gabe, parrandarik handiena egiteko baitute oraindik.

Makina bat ekintza prestatu du Txosna Batzordeak gaurko, herriko aldarrikapenak kaleratzeko bai eta ilegalizazioa dela-eta Udaletik kanpo daudela salatzeko ere. Trajea eta gorbata soinean, mozorrodantza eginen dute Meza Nagusia bukatzen denean, eta luntxa, poteoa, bazkaria eta erreka jaitsiera ere izanen dituzte. San Prudentzio Eguna ospatzeko Udalaren egitaraua ere bete-betea dator: txistularien diana, prozesioa ermitara, agintarien sokadantza, Oin Arin dantza taldearen ikuskizuna, Urrezko Aizkora, harri-jasotzaileak eta Sultans of swing eta Synchronicity taldeen emanaldia izanen dira, bertzeren artean.

Umeak eta koadrilak

Biharko protagonistetako batzuk gaztetxoak izanen dira: jolastokia izanen dute gozagarri, goizez 11.30etik 13.30era, eta arratsaldez, 16.00etatik 18.00etara. Artista handiak direla frogatzeko ere izanen dute aukera play back-ean. Umeentzako ekintzez gain, LXIV. Lazkao Txirrindulari Proba, The Mackensy's taldearen ikuskizuna, XVIII. Sardina Jana eta Eganen emanaldia daude iragarrita biharko.

Astelehena du maiteen lazkaotar anitzek, Koadrila Eguna. Goizean elkartzen dira lagunak poteatzeko, eta ondotik bazkaria izaten dute, koadrila bakoitzak berea. Batzuk autobusez joaten dira inguruko herriren batera. Lehen, Gazte Asanblada desegin aitzinetik, denek elkarrekin egiten zuten bazkaria herrian, eta ohitura hori berreskuratu nahiko lukete gazteek.

elkarretaratzea

Txosna Batzordeak «Xabier eta Belen etxera» lelopean elkarretaratzera deitu ditu herritarrak, astelehen eguerdiko ordu batean, plazan. Aldarrikapenak ere izanen du lekurik Koadrila Egunean.

gero arte

Igeriketa, bakailao lehiaketa, Guadalupano Mariachia, toka eta dantza librea izanen dituzte lazkaotarrek asteartean. Gero arte erranen diete bestei, hurrengo asteburuan Lazkaomendiko jaiak baitira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo