GARA > Idatzia > Kultura

Euskal literaturaren garapenari bide emateko zortzi bolondres

Euskalgintza Elkarlanean Fundazioak atzo eman zuen Joseba Jaka Literatur Beken irabazleen berri. GARAko kazetari Joxean Agirre eta Unai Elorriaga, eleberrian; Castillo Suarez eta Xabi Borda, poesian; «Mugalariko" kolaboratzaile Isabel Etxeberria eta Uxue Alberdi, haur eta gazte-literaturan; eta Joxe Manuel Odriozola zein Juan Bautista Bengoetxea, saiakeran.

Izaro AULESTIARTE | DONOSTIA

Hilaren 16an bete zen Joseba Jaka, Elkar-Zabaltzen konplexua martxan jarri zuen euskaltzalea, hil zeneko 11. urtemuga, Mari Jose Irizar Elkar Fundazioko lehendakariak gogorarazi zuenez. Ohiturari eutsiz, berak hil aurretik diseinatu zuen fundazioak eratu eta bere izena daramaten beken irabazleak nortzuk diren jakinarazi dute orain. Atzoko agerraldian, epaimahaikideen izenean Joxe Azurmendi aritu zen. Baina protagonista nagusiak irabazleak izan ziren, batek izan ezik, beste guztiek beren proiektuen gainean hitz egiteko beta izan zuten-eta.

Diktadurari teilatutik begira

Unai Elorriagak «Londres kartoizkoa da» izeneko proiektua gauzatu nahi du bekarekin. Joxe Azurmendik nobelak «XX. mendeko klabe batzuk» garatuko dituela aurreratu bazuen, idazleak berak argitu zuen zertan oinarrituko den bere lana: «Teilatu baten gainean gertatuko da dena. Pertsonaiak ez dira bertatik jaitsiko, tren geltokiari begira daudelako. Neska baten zain daude, orain dela 20 urte, diktadura sasoian desagertutako neska baten zain». Abiapuntu horrekin, neskaren bizitza, desagerpena eta bestelakoak ikertzen hasi, eta diktadura zer den jakitera iritsiko ei dira.

«Baina liburuan agertzen den diktadura ez da geurea bakarrik. Munduko diktadura guztiak, ezagutzen ditudanak, hartu, nahastu eta diktadura propio bat sortu dut», esan zuen. Aurretik egin izan duen literaturaz «guztiz bestelakoa» aurkeztu nahi du orain, «bai gai aldetik, bai estilo aldetik ere». «Ahalegin handia egiten ari naiz estiloa erabat aldatzeko. Askoz ere neurritsuagoa da, soilagoa... aldatu dut nire idazteko modua, gaiak tratatzeko modua, egituratzekoa ere... Hori ikusiko zuten epaileek», azaldu zuen.

Gainbehera fisikoaz, sexualaz...

Joxean Agirreren eleberria «La lutte finale» izango da, «ongi taxututako proiektua», epaimahaikideen aburuz, bai eta sakona ere. Idazleak, aldiz, hauxe azaldu zuen: «Normalean nobela bat gai batekiko obsesiotik edo sortzen da. Beno, nik esperientzia hori daukat, eta kasu honetan, halako formula narratibo batetik edo horren bultzadaz sortutako nobela dela esango nuke». Idazleak azken lanean gaizki-ulertu baten gainean eraiki istoriotxoa sartu zuen, «adornu bezala». Gasolindegi batean sartu, ordaindu eta «berea ez zen auto batean, berea ez zen emakume batekin, sartzen zen gizon baten ingurukoa» zen pasadizoa. «Konturatu nintzen, nik ere ez nekien zergatik, izugarri gustatzen zitzaizkidala gaizki-ulertu horien esanahirik gabeko istorio horiek».

Bada, lehen «adornua» zena ardatz bihurtu du orain. Proiektuan lau, bost edo sei istorio izango direla uste du, betiere bi protagonisten mesedetan: narratzailea eta protagonista. «Gainbehera fisikoarekin edo sexualarekin obsesionatuta dauden bi gizonezkoren kontakizuna da. Horietako batek 68ko maiatza bizi izan zuen, internazionala beti, frantsesez kantatzen zuten... eta garai hartako parodia edo izango litzateke. Narratzailearena guztiz ezberdina da». Finean, aitortu zuenez, bada testua irakurri ostean gai nagusiak «sexua eta politika» dituela esan dionik.

Ez-tokiekin lotutakoa

Poesiaren munduan murgilduko da Castillo Suarez «Bidegurutzeak» izeneko lanarekin; «proiektu txundigarriarekin», epaimahaiaren ustetan. Joxe Azurmendik, hain zuzen ere, lan «sujestiboa, oso jantzia» dela aipatu zuen, bai eta, besteren artean, identitatearen zein harremanen gaineko zertzeladak eskainiko dituela gaineratu ere.

Idazleak berak, aldiz, hitza hartu zuenean argitu zuen funtsean «ez-tokiekin lotuta» dagoela bere sormena: «Ez-tokietan denbora, gertakariak pilatzen dira. Ez-tokiak dira pertsonak eta ondasunak garraiatzeko erabiltzen diren bitartekoak».

Bizitza arrunteko «sabotajeak»

Xabi Bordak «Zutabe eraitsiak» izango ditu ardatz proiektuan. Epaimahaikideen esanetan, «aberatsa iruditan, eta forma berrien bilaketa bilatu nahi duen» lana da; «poema bildu eta indar handikoekin».

Poetak zera laburbildu zuen: «Krisira arrimatutakoen barne kezkez jardun nahi dut; orekaren portura amarratzen gaituzten sokak nola askatzen diren asmatzen ahalegindu. Horretarako, egunerokotasuneko borrokei erreparatu nahi diet, bizitza arruntean antolatzen ditugun sabotaje txiki eta handiei, oldarraldi bero eta hotzei». Finean, «jende eria» izango da agertuko duena, «baina baita min egiten duen eta eritzen duen jendea ere. Plano intimo batera ekarrita landu nahi nituzke gai horiek, poema liburu honetako guda zelaiaren marrak sukaldean hasten direlako eta ohe ondoan amaitu».

Zibernetika, gizartea, kultura...

Agerraldian ezin izan zen egon Juan Bautista Bengoetxea, baina Joxe Azurmendik jakinarazi zuen «Cyborgaren otzantasuna» saiakerari esker lortu duela beka. Proiektu horren gai nagusiak zibernetika, gizartea eta kultura izango dira. Bekadunak Filosofia ikasketak egin ditu eta AEBetan egon da orain gutxi arte gai hori lantzen. Gainera, urtebeteko egonaldia egingo du laster Herbehereetan.

«Gaurkotasun handiko gaia» dela nabarmendu du epaimahaiak, bai eta aztergaia euskaraz berria dela azaldu ere: «Ildo berri bat ireki dezake gure ideien munduan. Proiektu berritzailea da, oso gaurkoa».

«Abertzaleak eta euskara»

Saiakerako beste beka «Abertzaleak eta euskara» delako proiektuari esker lortu du Joxe Manuel Odriozolak. «Prosa landua» duela ez ezik, «proiektu sendoa, ondo dokumentatua» eta «euskal politikagintzaren muinak ulertzeko» balio dezakeena dela esan dute epaimahaikideek.

Idazleak «nazio politikoa zein nazio linguistiko-kulturalaren» arteko dialektika hartu du oinarri. Esan zuen «mundu abertzaleak nahi duen nazio eraikuntzan euskarak lukeen lekua ikusarazi» nahi duela. «Mundu abertzaleak nazio politikoa eraiki nahi duela dirudi; nazio politiko horren inguruan ikuspegi asko daude, noski. Baina, gero, hizkuntzarekikoan badute ezaugarri komun bat. Alegia, herri euskalduna ez dutela aintzat edo ardatz bezala hartzen», esan zuen. Bere ustez, nazio identitatearen ezaugarri nagusia hizkuntza da, eta baita horren inguruan sortzen den kultura ere. «Nire kritika zentzu horretan doa. Haiek uste dute erdaraz ere eraiki daitekeela nazio euskalduna, eta hori ez da posible. Hizkuntzak sortzen du nazioa».

Hamaika makila ardatz hartuz

«Hamaika makila» proiektua du esku artean Uxue Alberdik, «gazteen eta helduen literaturaren muga-mugakoa» dena, epaimahaiarentzat eta «zehaztasun handiko prosa» darabilena.

«Kostaldeko herrixka batean bizi diren hamaika zaharrei buruzko kontakizuna da», esan zuen idazleak. Pertsonaia guztien (75-95 urte bitartekoak) artean mila urte betetzen dituztenean hasten da kontakizuna. Hamaika dira pertsonaia nagusiak, beste hainbeste kapitulutan, eta bakoitzean «hamaika makila horietako bat hil egingo da». Elkarrizketek karga handia hartzen dutela aipatu zuen. «Gero iraganeko kontuak ateratzen hasiko dira, haien gaztarokoak, gerra zibila... baina ez da gerrari buruzko kontakizuna, pertsonaia zahar horien kezkak, ilusioak, beraien bizimodua... kontatzen dut, beti ere nire begiradatik», esan zuen.

Ironia mikatza, jostaria...

Isabel Etxeberriak «Mambo number five» izena hautatu du bekarekin egin nahi duen proiekturako. «Prosa zehatzez idatzitako lagina» aurkeztu duela esan zuen Azurmendik: «narratzaile sen handiko idazlea da. Kontaketa graziaz betea dago».

Idazleak azaldu zuen «lagina kalitate minimo batekin aurkezten saiatu» ostean, arazo gehien eman diona proiektua bera idaztea izan dela. «Azkenean proiektua da halako parodia bat proiektu bat idazten ez dakien idazle-gai batena», aitortu zuen irribarrez. Ipuin bilduma egingo du eta, batzuk idatzi gabe dituen arren, jakin badaki akaso ironia izango dela orotan agertuko den elementua; «Ironia gama nahiko zabalean: mikatzagoa batzuetan, jostariagoa...».

JABETZA

Dirulaguntza jasotako idazlanen jabetza Elkar Fundazioarena ere bada dagoeneko. Horrenbestez, lan horiek ezingo dute beste bekarik edo saririk jaso, ez laguntza aurretik ez ondoren, argitaratu osteko sariak ez badira.

ERABAKIA

Eider Rodriguezek, Joxe Azurmendik, Jon Alonsok eta Juan Kruz Igerabidek osatu dute deialdi honetako epaimahaia. Eleberri beka lortu duten bietako bakoitzak 14.000 euro eskuratuko ditu. Gainontzekoek, aldiz, 7.000 euro.

Lan kopurua berdintsua, baina bekadunen artean sekula baino emakumezko gehiago

Elkar Fundazioak euskal kultura garatzeko eta idazleen lana bultzatzeko asmoz sortu zituen literatur sorkuntzarako diru-laguntzen deialdi hauek. Bi urtean behin egiten dira.

Mikel Arrizabalaga beketako idazkariak atzo aipatu zuenez, aurtengo VI. deialdi honetan orotara 44 proiektu aurkeztu dira: 14 nobela, 18 poesia, 6 saio literario eta beste hainbeste haur eta gazte-literatura arlokoak.

Aurreko urteetako datuekin alderatuz gero, ez ei da egon aldaketa nabarmenik, lan kopuruei dagokienean, behinik behin. Hartara, harrera antzekoa lortu dutela-eta «pozik» daudela nabarmendu zuen idazkariak agerraldian.

Nolanahi ere, beste deialdien aldean, aurtengoak izan du berezitasunik: sarituen arteko emakumezkoen kopuruari dagokiona, alegia. Bada, orain arte neska bakarrak zuen eskuratua beka, Eider Rodriguezek. Eta, aurten, hiru izan dira beka eskuratzea lortu dutenak. Rodriguezek epaimahaian hartu du parte azken aldi honetan. Adinari dagokionean, zein literatur ibilbideari dagokionean ere, esparru nahiko zabala hartu dute parte-hartzaileek. Batzuk eskarmentu handikoak dira honezkero, beste batzuek, aldiz, lehenengo liburua izango dute.

Bestalde, aurreko deialdietako ohiturari eutsiz, aurten ere guztira hirurogeita hamar mila euro bideratuko dituzte literatur sorkuntzara: eleberria sortzeko bi beka, hamalau mila eurokoa bakoitza; eta gainontzekoentzat (sei idazle orotara) zazpi milana euro.

Ekimena abian jarri zutenetik gaur arte egin deialdi guztiak kontuan hartuta 238 dira aurkeztu diren proiektuak. Lanen ardura, aldiz, 181 euskal idazlerengan egon dela ere gogorarazi zuten atzo. Kontuak ongi aterata, beraz, Joseba Jaka beken ibilbideak literatur ereintzari 374.000 euro eskaini dizkio.

I.A.

ANIZTASUNA

Aurkeztutako sorkuntzek gai arras ezberdinak izan dituzte ardatz. Besteren artean, bada diktadurei zein aspaldiko pasadizoei erreparatu dienik; baita eguneroko kontuak ukitzen dituenik ere.

SEIGARREN DEIALDIA

Joseba Jaka beken VI. deialdia izan da hau. Elkar-Zabaltzen konplexua martxan jarri zuen euskaltzalea hil zenetik 11 urte igaro dira jada. Hil aurretik diseinatu zuen fundazioak eratu zituen haren izena daramaten laguntza hauek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo